NAIZ

7Katu gaztetxeak 14. urteurrena ospatuko du astelehenetik aurrera

Urtarrilaren 25tik 31ra ospatuko du Bilboko Alde Zaharreko 7Katu gaztetxeak bere 14. urteurrena. Adin guztietarako egitaraua prestatu dute eta, besteak beste, hitzaldiak, tailerrak, antzerkiak, bertso saioa eta kontzertuak egongo dira.

Bilboko Alde Zaharreko 7katu gaztetxea.
Bilboko Alde Zaharreko 7katu gaztetxea.

Bilboko Alde Zaharreko 7Katu gaztetxeak bere 14. urteurrena ospatuko du datorren astean, urtarrilaren 25etik 31ra egitarau zabal batekin. Aste osoan zehar hitzaldiak, mahai-inguruak, kontzertuak, antzerkiak, bertso saioa eta tailerrak egongo dira.

Gazte migratzaileen esperientzien hitzaldi batekin hasiko da urteurrena astelehenean arratsaldeko 18.00etan. Asteartean, urtarrilak 26an ‘Feminismotik harremanen kontzeptua eraldatuz’ hitzaldia’ egongo da 19.00. Asteazkenerako, berriz, okupazioaren kriminalizazioaren inguruko hitzaldia prestatu dute.

Urtarrilaren 28a, osteguna, antzerkien eguna izango. Bi izango dira, Mikel Martinezen eskutik joango den ‘Denboraren Korapiloak’ eta Irati Agirreazkuenaga eta Arantzazu Sanzen Komuna antzerkiak hain zuzen.

Ostiralean, arratsaldeko 17.00etan umeentzako ginkana antolatu dute. 18.30ean dantza ikuskizun ezberdinak egongo dira eta 19.00etan dantza eta musika inprobisazioan oinarritutako dantza emanaldia egongo da. Egunari amaiera emateko, arratsaldeko 19.30ean Ningra eta Haizeak kontzertua emango dute.

Larunbaterako egun osoko egitaraua prestatu dute. Zirku tailerrak irekiko du eguna goizeko 11.00etan. Gero, Raperuk eta Delbak free style tailerra gidatuko dute, 12:30etatik aurrera. Indarrak berreskuratzeko, 14.00etan bazkaria egongo da, eta bazkalosterako bingo musikatua. Bi kontzertuekin bukatuko da eguna, Marlik taldearena 17.00etan eta TOC 19.00etan.

Igandean bertso-saioa egongo da Oihana Bartra, Uxue Alberdi, Malen Amenabar eta Maite Sarasolaren eskutik 12.00etan. Urteurrenarekin bukatzeko Jam Sessiona egongo da arratsaldeko 17.00etan.

Osasun neurriak direla eta, ostegunetik igandera bitartean egingo diren ekintza guztietan beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, segurtasuna bermatze aldera.