«Egañaren belaunaldia», bertsolaritzaren garai baten eta bizimodu baten kronika

«Bertsolari» aldizkariaren neguko aleak «Egañaren belaunaldia» deitu duenaren gainean jarri du fokua. Hamar ahotsetara jositako kontaketak garai baten eta bizimodu baten kronika jaso du.

Peñagarikano eta Egaña, 2002. urtean. Gari GARAIALDE | FOKU
Peñagarikano eta Egaña, 2002. urtean. Gari GARAIALDE | FOKU

Desorduetan iritsi eta sehaska hutsari kontuak esaten ari omen zen Andoni Egaña. Emazteak ohetik esan zion ez izateko baboa, umea ohean berarekin zeukala. Millan Telleriak autoa bazterrean geratu eta lo kuluxkak egin behar izaten zituen, logalea ezin menderatu. Sebastian Lizasok buruan zituen bere saioak eta beste guztienak, Lanku sortu aurreko Lanku bera zen. Saioaren aurretik, bere burua animatu eta bizkortzeko, zaplaztekoa ematen zuen masailean Lizasok. Anjel Mari Peñagarikanok lehen aldiz Zumaian dastatu zuen olagarroa patatekin. Bertsotan hasi, “olarru” hitza ahaztu, eta «ze goxua den kakalardoa patatekin» bota zuen. Jon eta Aitor Sarasua eta Xabier Euzkitze, motxila eta kanpin denda hartuta, Urepelerako bidean abiatu ziren, «egun batzuk Xalbadorren usainean pasatzeko». Beste behin, Euzkitze Azkoitian ordu txikiak arte ibili zen parrandan Andoni Egañarekin eta Iñaki Muruarekin batera; butanozalearen, Piolinen eta marradun presoaren mozorroak jantzita. Mungiako Gazteen Txapelketan Iñaki Murua, Mikel Mendizabal eta Millan Telleria kartzelako gaian hozkailu izandako kamioi batean sartu zituzten. «Barruan koltxoi zaharrak zeuden, eta usain dezentea ere bai. Plazatik gertu jarri zuten kamioi hori, eta, bertsoak entzun egiten zirenez, motorra martxan zuela eduki gintuzten».

“Bertsolari” aldizkariaren neguko aleak bertsolari belaunaldi baten pasadizo eta gogoetak oinarri hartuta, garai baten kronika jaso du. “Egañaren belaunaldia” deitu dio aleari eta hamar bertsolariren ahotsarekin osatu du kontaketa: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Jon Sarasua, Anjel Mari Peñagarikano, Xabier Euzkitze, Iñaki Murua, Mikel Mendizabal, Millan Telleria, Jokin Sorozabal eta Juan Jose Loidisaletxe. Bertsolari bakoitzak berari buruzkoak eta besteei buruzkoak gogoratu ditu eta hamar ahotsetara osatu dute 90eko hamarkada hasierako aparraldi haren kontaketa. Aldizkariarekin batean CD bat ere kaleratu dute eta bertan belaunaldiko kide bakoitzak taldeari buruzko bertso bat kantatu eta pare bat kontakizun kontatzen ditu.

Garai hartan bertsolaritzak sekulako gorakada ezagutu zuen jarraitzaile kopuruan eta komunikabideetan, telebistan bereziki, audientzia maila garrantzitsuak lortzeraino. Aipatutako belaunaldiak lan handia egin zuen plazan eta plazatik kanpo, Bertsozale Elkartea pentsatzen eta egituratzen. Gaur egungo bertsolaritza sistemaren zimendu asko orduan jarritakoak dira seguruen. Eta horretan parte handia dauka bertsolaritza bizimodu egin zuen belaunaldiak.

Egun bat dauka gogoan hartuta Jokin Sorozabalek, 1985eko Zaldibiako Artxanberri saria, bertsolari gazteentzako plaza. «Bada egun klabe bat nik jendaurrean lehen saioa egin nuena. Andoaindik bi joan ginen, herrian biltzen ginenak, baina herritik kanpo inork ezagutzen ez gintuenak. Bertso eskolen sorreraren garaiak ziren haiek. Mikel Mendizabal Ikastolen Elkartetik etorri zen La Sallera ikasleren bat animatzera. Eta Anatxen osaba batekin, Otaño bertsolariarekin, hasi ginen herrian biltzen. Handik urtebetera Artxanberrira aurkezteko adorea izan genuen, 18 urterekin. Inori esan gabe, etxean ezer esan gabe, joan ginen. Egon naiz pentsatzen Zaldibian debutatu nuen egun horretan, gero Egañaren bueltan ibili ginen bederatzi bertsolariak han geundela: Euzkitze, Sarasua eta Loidisaletxe han ziren nirekin batean; Murua, gai-jartzaile zen; Egaña eta Mikel Mendizabal, epaile; Sebastian eta Millan badakit entzuleen artean zirela; eta Peña ere han izango zen. Bertsolari gazteen figurak sekulako ikusmina sortzen zuen. Gu ginen bertso eskoletatik ateratako lehen belaunaldia».

Egaña, beti ikasten

«Egañaren bueltan ibilitakoak» aipatu ditu Sorozabalek. Zazpi aldiz izan da finalista Txapelketa Nagusian Andoni Egaña (Zarautz, 1961) eta lau txapel jantzi ditu segidan, 1993an lehena eta 2005ean laugarrena. Bertsolaritza modernoaren teoriko nagusietakoa da zarauztarra eta teoria horiek plazaz plaza jantzi eta osatu ditu.

Sorozabalek Egañarekin egindako lehen plaza gogora ekarri du. «86an Lizasok txapela jantzi berritan izan zen. Egaña finalean kantatu berria zen eta izena hartzen hasita zegoen ordurako, eta gogoan dut etxera bueltan elkarri komentatzen geniola ez zigula halako egurrik eman. Egañak ordurako bertsoa asko landu zuela uste genuen, baina geroztik bera izan da gehien ikasi duena. Orduan falta zitzaizkion osagarriak berehala hartu zituen. Guk ez genuen askoz gehiago ikasi, eta bera orduan hasi zen ikasten eta ez da gelditu».

Millan Telleriaren hitzetan, «Andoni izango da guk ezagutuko dugun bertsolaririk onena, seguru asko. Baina bertsotan onena izateaz aparte, baditu beste dohain batzuk inori ikusi ez dizkiodanak». Sufritzeko gaitasunaz eta nekeari aurre egiteko indarraz ari da Telleria. Muruak ere horixe nabarmendu du: «Nik ezagutu dudan tiporik gogorrena da, hezurrak hautsita ere gaupasa bat egiteko gai den pertsona. Sufritzeko duen gaitasuna ez sinestekoa da. Behin baino gehiagotan entzun izan diot erdi gaixo saio batera joan eta oholtzara igotzen denean hango kontzentrazioarekin sendatu egiten dela». Egaña, bere aparteko dohain eta gaitasunekin, bertsolaritza irauli zuen belaunaldi baten parte izan zen.

«Zerbait berezia gertatu zen»

«Zerbait berezia gertatu zen», aitortu du Iñaki Muruak, berezitasun horren parte denaren erreparoaz. «1986ko txapelketa hura berezia izan zen. Elkartearen sorrera, elkarteak antolatutako lehen txapelketa eta haren bueltan gazte belaunaldi bat. 86ko finalaren aurretik ere hasita geunden mugimendu txikietan, baina final hartan hiru beterano eta bost gazte elkartu ginen. Sarasua gazteena», gogoratu du. Hauxe izan zen 1986ko finaleko sailkapena: Sebastian Lizaso –txapelduna–, Jon Lopategi, Xabier Amuriza, Jon Enbeita, Iñaki Murua, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Anjel Mari Peñagarikano.

«86ko finaleko kontu batekin gogoratzen naiz. Arratsaldeko saiora zihoan Sarasua, besteokin batean, eta atezainak gelditzeko esan zion: ‘Oye tú chaval, tú no puedes entrar por esta puerta’. Eta Sebastianek esplikatu behar izan zion gurekin batean kantatzen zuela».

Muruaren hitzetan, «boskote hura» galtzekorik gabe joan zen final hartara, «gurea ez zen terreno batera bezala, baina taldean. Hortik aurrera sekulako saio pila izan genituen. Gazteak gaztea erakartzen du eta gurekin ere horrelako zerbait gertatu zen, olatu bat. Sarasuarekin, adibidez, izugarria izan zen».

“Bertsolari” aldizkariko ale horretan Loidisaletxek kontatzen duenez, «Oñatin bertso jaialdia genuen, eta, saioa bukaerara ailegatzen ari zela, ondoren non elkartuko ginen komentatzen aritu ginen gure artean, eta taberna batean biltzekotan geratu ginen. Baina oholtzatik behera jaisten ari ginela ohartu ginen Jon Sarasua bazihoala bere bidetik, guri ezer esan gabe. Eta gero enteratu ginen neska gazte mordo bat zerabilela bere atzetik eta haiei ihes egiteko alde egin behar izan zuela saio batzuetatik. Horrela da mundua: batzuek gehiegi eta besteok batere ez».

Txapelketaz aparteko kezkak

Plaza asko, desordu dezente eta loa eskasa. Hori ondorioztatzen da belaunaldi horren pasadizoak irakurrita. Baina, baita hori baino gehiago ere; elkartearen beharra, bertsolaritzaren etorkizuna, hausnarketarako gogo kolektiboa... «Guk kezka bat genuen. Geu ginen sortzaileak eta baldintzak ‘kanpotik’ jartzen zizkiguten. Orduan Euskaltzaindia zen txapelketen antolatzailea eta bazituen zenbait irizpide. Baina guk, sortzaileok, bagenituen beste kezka batzuk txapelketaz gain; bertsolaritza non geratzen zen, txapelketetara mugatzen al zen... beste lursail batzuk ere jorratu nahi genituen. Adibidez, bertsolaritza hezkuntzan txertatu nahi genuen, euskararekin lotura landu, jolas eginez ikasi, euskaldun izatearen kontzientzia landu... Erdaraz euskaldun izateko joeraren aurrean, hizkuntzari eutsi nahi genion. Nik uste dut elkarteak norabide horretan lan handia egin duela eta egiteko duela oraindik ere», iritzi dio Iñaki Muruak. «Nazioartekotzea» ere urrats garrantzitsua izan zen. «Ni gogoratzen naiz sekulako arindua izan zela deskubritzea munduan bertsolari bakarrak ez ginela. Toki askotan egon direla eta oraindik horietako batzuetan badaudela euskaraz bezala beste hizkuntza batzuetan. Guri mundua ireki zitzaigun».

“Bertsolari”-ko alean munduan barna egindako ibilera batzuk ere aipatzen dituzte bertsolariek. Tartean, Kaliforniara egindako bidaia batean gertatutakoa kontatzen du Peñagarikanok. «Kalifornian geunden bertsolari batzuk. Abendua zen eta hango klima hemengoa baino eramangarriagoa da. Gau zoragarria zen, zerua garbi eta ilargi borobil-borobila. Mendizabalek zer galdera egingo eta Euskal Herritik nola ikusten ote zen ilargia. ‘Berdin’ erantzun genion, Kalifornia eta Euskal Herria paretsu zeudelako, nahiz oso aparte egon». Eztabaidan korapilatu omen ziren, bakoitza berean tematu eta halako batean Mendizabalek etxera deitzeko esan zion Peñagarikanori, ea ilargia nola ikusten zen galdetzeko. Ordu aldaketarekin etxekoak lotan egongo zirela eta ea erotu ote zen esan zion Peñagarikanok. Baina Mendizabalek deitzeko eta deitzeko. «Bakea egingo baldin bazen, deitu egin behar izan genuen. Gure arrebak hartu zuen telefonoa, erabat izututa. ‘Zer dela eta ari haiz ordu hauetan hoska?’. Berehala azaldu nion zergatik. Eta, arrebak, ‘ba gaur oso eguraldi ona egin dik eta ederki ikusten zuan, borobil-borobila’».

Hamar bertsolari horien kontaketatik, bizimodu bat, joan-etorri asko, lo justuko eta jendearekin igurtzi handiko egunak irudikatzen dira. «Bai, izugarria da. Nire emazte Blancak askotan esaten du lehen ‘superman’ bat nintzela pentsatzen zuela. Baina, orain, parkinsonarekin eta, ikusten duela pertsona normala ere banaizela. Orduan egindako kilometroak, plazan pasatako orduak, elkartearen zamak, lanekoak, familiakoak... orain atzera begiratu eta harritu egiten naiz: nola demontre iristen nintzen ni horretara denera? Igurtziarena ere egia da. Orain, pandemia garai honetan, nire bizitzan asko nabarmentzen da hutsune hori, jendetasunarekiko urruntzea, hoztasun hau, publikorik gabeko saioak... denok asmatu ezinda gabiltza, ez dakigu nola erantzun».

Pandemiak dena aldarazi du, derrigor. Baina “Egañaren belaunaldiak” ere ekarri zuen aldaketa. «Ordura artekoa eta ordutik aurrerakoa ez ziren berdinak izan. Sortzaileok eta zaleok –denok zale garenez– taldea egin genuen, beste alor batzuetan lortu ez den bezala. Nik uste dut horretan gazte multzo hark zeresan handia izan genuela, baita beteranoen gidaritzarako ahalmenak ere. Nik uste dut hor piztu zela dena. Teorizazioari eta edozeini bertsolari izateko aukera ematen zion Amurizaren lan eskergari esker, buelta eman zitzaion egoerari. Beste alor batzuetan ere saiatu ziren, baina gure kasuan giltza izan zen taldean lan egin genuela».

«Bai, ederki pasatzen genuen»

Muruak berak “Bertsolari”-n kontatzen duenez, Peñak bere eskuetan dauka oraindik urrea balio duen “dokumentua”. «Euskal Telebistarekin bihurritu ginenean, elkarteak sorrera hartan zailtasun handiak izan zituen. Genituen bi langileak ere, Koldo eta Jexux, langabeziara joan ziren. Inguruan genbiltzanok dirua jartzen hasi ginen eta uste dut Peñak daukala zerrenda hura, zeinek zenbat diru jarri zuen agertzen zuena. Zerrenda horrek sekulako balioa du eta, tarteka, mehatxuren bat ere egin izan digu: ‘kontatu egingo diat zeinek zenbat eman zuen eta zeinek esan zuen emango zuela eta batere eman ez’. Baina ez digu inoiz dokumentu hori entregatu».

Nekea, ahalegin ekonomikoa, bileren segida, autoan kilometro mordoa... baina horren gainetik gailentzen da ibilera horietan zerbait eraikitzen ari zen bertsolari belaunaldi baten gozamena. «Joxerra Gartziak esan izan du, bere ibilbidea errepasatuta, eskatzen hasita eta posible balitz, bileretan alferrik galdutako denbora eskatuko lukeela. Guk bileretan ere ondo pasatzen genuen, gero saioetan ere ondo pasatzen genuelako eta dena lotuta zegoelako. Gure bizitza hori dena zen; gehi etxekoa, gehi baserrikoa, gehi gurasoak, gehi seme-alabak, gehi gurekin bizi den jende guztia... dena modu baikorrean ikusteko joera genuen eta bai, ederki pasatzen genuen». .