NAIZ

Hazkundeari eutsi eta 12.000 erregistroen langa gainditu du .eus domeinuak

2016. urtetik, %242 hazi da .eus domeinua, 4.903 izatetik 11.972 izatera pasata. Datozen hiru urteetarako, jendartearen transfomazio digitalean euskaratik eragitea izango da PuntuEUS fundazioaren helburua.

2021-2023 hirurtekorako plan estrategikoa onartu berri du PuntuEUS fundazioak. (PuntuEUS)
2021-2023 hirurtekorako plan estrategikoa onartu berri du PuntuEUS fundazioak. (PuntuEUS)

Itxitzat eman duten PuntuEUS 2020 planaren balantze ona egin eta 2021-2023 hirurtekorako plan estrategikoa abiatzea onartu du PuntuEUS fundazioaren patronatuak.

Ohar batean azaldu dutenez, itxi berri den aldiak oinarriak ezarri eta .eus domeinua komunitatean zabaltzea zuen helburu. «Ez dago zalantzarik helburuak arrakastaz bete direla. .eus domeinuak gure gizartean lortu duen onarpena eta presentzia handia da. %242 hazi da domeinua epealdi honetan, domeinu kopurua ia hirukoiztuz eta 4.903 domeinu izatetik 11.927 domeinu izatera pasaz», nabarmendu du Josu Waliñok, PuntuEUSen zuzendariak. Urtarrilean gainditu da 12.000 domeinu-izenen langa. 

Itxi berri den plan estrategikoa abiatzeko hartu zuen Iñaki Goirizelaiak Joan Mari Torrealdairen eskutik lehendakaritzaren lekukoa. Datozen urteetan ere Goirizelaiak jarraituko du lehendakari karguan, UPV/EHUren ordezkari gisa. PuntuEUS Fundazioaren patronatuko gainerako kideak ere mantenduko dira: Kontseilua, Euskal Idazleen Elkartea, EKE, ESLE, Euskaltel, Euskaltzaindia, EITB eta PuntuEUS Elkartea.

Ibilitako bideari jarraiki gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea izango da PuntuEUSen hurrengo hirurtekorako xedea. Horretarako lau arlo edo erronka nagusitan jarriko dituzte indarrak: «gizarte digital euskalduna, domeinua, industria digitala eta kudeaketa aurreratua».

Josu Waliño, PuntuEUSen zuzendariaren esanetan, «gaur egun euskal gizarteak bizi duen egoerari erantzuten dion plana garatu dugu. Gizartearen transformazio digitala bizitzen ari gara, eta, guk, erronka horri euskaratik erantzuten lagunduko dion egitasmoa garatu dugu, gizartearen transformazio digitalean euskara eta .eus domeinua gako izan daitezen».

.eus nagusi izatea helburu

Era berean, datozen urteotan PuntuEUS Fundazioak euskararen estrategia digitalean sakonduko du, industria digitalaren sektorean euskaratik eraginez. .eus domeinua da horretarako tresna nagusia, eta, helburua .eus «euskararen lurralde digitalean nagusi izatea» da. Horretarako, domeinuaren zibersegurtasuna eta kalitate irizpideak areagotuko dituzte, domeinuaren zabalkundea indartuz.

Horrez gain, industria digitalean errotzen, domeinuen nazioarteko sektorean egoten eta eragiten jarraitzea da fundazioaren asmoa.

Ingurune digital globalizatuan euskararen erabilera balioetsiko duen gizartea erdiestea ere erronka handia da, esan dutenez. Horregatik, egituratik hasi eta edozein ekimenetan elkarlana eta gardentasuna sustatzen du PuntuEUSek. Lantalde sendoaren inguruan duen komunitatea askotarikoa da eta izaera hori naturaltasunez onartu eta sustatzen du.