Mobilizazioak Baionan hezkuntza arloan Estatu frantsesean deitutako grebarekin bat eginez

Hezkuntza arloko eragileak Baionan bildu dira Estatu frantsesean gaurko deitua zen greba egunari erantzunez. Suprefeturaren aitzinean elkarretaratzea egin dute 200 manifestarik eta lanpostuen murriztea gelditzeko eskatu dute.

Hezkuntza alorreko sindikatuek Baionan eginiko aurreko protesta bat. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Hezkuntza alorreko sindikatuek Baionan eginiko aurreko protesta bat. (Isabelle MIQUELESTORENA)

FSU, UNSA Education, CGT Educ’action eta FNE-FO sindikatuek gaur goizeko 11.00etarako egina zuen deialdiarekin bat egin du LAB sindikatuak.

Guztira 200 lagun inguru bildu dira eta aldarriak anitzak izan dira, baina lanpostuen murrizketen kontrako lemak izan dira nagusi, izan ere aspalditik aldarrikatzen ari diren eskakizuna lanpostuen murrizketekin amaitzea.

Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroari luzatutako mezuak ere ugariak izan dira. Eskuko afixen bidez zabaldutako mezuetan irakur zitekeenez.

Gobernu frantsesak iragarritako soldaten hobekuntza irakasleen zati txiki bati eragiten omen dio. 

Heziketa laguntzaileek (AED) eta desgaitasunak dituzten ikasleen laguntzaileek (AESH) ere bat egin dute mobilizazioarekin, eta lan baldintzak txarrak salatzeaz gain, haien lana kontuan hartuko duen estatus berezi bat eskatu dute.

Testuinguru sanitarioa dela-eta mobilizatzea askoz zailagoa bilakatu bada ere Renaud Bousquet intersindikaleko kidearen iritziz, «oso garrantzitsua da gure ahotsa entzunaraztea».

Frantziako Gobernuak 1.883 lanpostu murriztu nahi duela Hezkuntzan salatu du Bousquetek. Pirinio Atlantikoen Departamenduan 13 lanpostu murriztuko lituzkete heldu den ikasturtea lehen mailan eta bertze 25 kolegio zein lizeoetan.

Behin behinekoa izan arren, eskola karta hori «mingarria» idela uste du sindikalistak, are gehiago Hezkuntza alorreko langileek pandemiaren garaian egin duten ahalegin handia aintzat hartuta.

Etorkizunari begira ere, Gobernuak aurki iragarri ditzakeek neurriak –hirugarren konfinamenduaren aukera mahaigainean dago– kezka berriak sortuko dituztela uste du intersindikaleko ordezkariak, Macronen «jite autoritarioa» kritikatuz. Bousqueten esanetan, eragileekin konzertazioa bilatu ordez «erabakiak bakarrik hartzen ditu» frantses agintariak.