Santurtzin izandako istiluen gaineko «manipulazio mediatikoa» salatu dute Mamarigako auzokideek

Iragan asteburuan Santurtziko Mamariga auzoan izan ziren istiluen harira, «komunikabideen, Eusko Jaurlaritzaren eta sindikatu polizialen manipulazio mediatikoa» salatzeko agerraldia egin dute herritarrek. Liskarrak pandemiaren kudeaketa «kaskarra» estaltzeko ke-laino gisa erabiltzea txarretsi dute.

Asteburuan Mamarigan izan ziren istiluen inguruko «manipulazioa» salatzeko auzokideen agerraldia. (ECUADOR ETXEA)
Asteburuan Mamarigan izan ziren istiluen inguruko «manipulazioa» salatzeko auzokideen agerraldia. (ECUADOR ETXEA)

‘Stop manipulación. Auzoa defendatu’ zioen pankarta baten atzean, Mamarigako auzokide talde handi bat bildu zen bart Kulturgune aurrean iragan asteburuan izan ziren liskarren inguruan azalpenak eman eta «auzoaren aurka bota diren gezur ezberdinei aurre egiteko asmoz».

Lehenik eta behin, azpimarratu zuten Mamarigan ez zela «inongo makro-botelloirik» izan eta istiluen abiapuntua Santurtziko beste puntu batean izan zela.

Era berean, zabaldu denaren aurka, bi zehaztapen egin nahi izan zituzten: alde batetik, istiluak gaueko 22.00ak baino lehen izan zirela eta, hortaz, etxeratze ordua errespetatu zela eta auzotar asko etxera bidean zihoazela liskarra aurkitu zutenean. Bestetik, nabarmendu zuten «Ertzaintzak auzokideak jipoitu zituenerako tabernak jada itxita» zeudela, ostalariek itxiera-ordua errespetatu baitzuten.

Mamarigako auzokideek gezurtatu egin zuten, halaber, Lakuako Gobernuak eta Ertzaintzaren sindikatuek esan zutenez, jazotakoa «aldez aurretik antolatutako erantzuna» izan zenik eta bertan ez zuela «inongo ‘talde antolaturik’» parte hartu. 

Ertzaintzaren «jarrera oldarkorra» gogor salatzearekin batera, azaldu zuten Poliziaren presentzia ez zela larunbateko istiluekin amaitu: «Igandean auzora itzuli zen Ertzaintzaren dispositibo handi bat, probokatzeko asmoz eta okupazio poliziala sakonduz. Era berean, astelehenean jarrera berdinarekin itzuli ziren».

Gertatutakoaren inguruko «manipulazio mediatikoa» gaitzestearekin batera, liskarrak «benetan garrantzitsua denaren gaineko arreta desbideratzeko» ke-laino gisa erabiltzeko nahia gogor salatu zuten: «pandemiaren kudeaketa kaskarra, osasunean inbertsio publikorik ez egitea, kargu politiko ohien txertaketa irregularra, txertaketa prozesua etetea, eta abar».

Azkenik, «pandemiaren testuinguru zail honetan», auzokideak «elkar zaintzera eta auzoa zaintzera» deitu zituzten: «Guztion erantzukizuna da osasun-egoera latz honi elkartasunez eta kolektiboki erantzutea».