
Joan zen larunbatean Baigorri eta Erratzu herriak lotzen dituen Izpegiko lepoan ehundik gora lagun bildu ziren «mugarik ez» aldarikapena lau haizetara zabaltzeko.
Bihar, urtarrilaren 30ean, Hego Lapurdi eta Bortzirietako herritarrek lekukoa hartuko dute. Izan ere, herritar talde batek arratsaldeko 15.00etan Lizuniagako lepoan mobilizatzeko deia egin du.
Sara eta Bera lotzen dituen bidearen hestea salatzeaz gain, presentzia militarra ere gaitzetsiko dute, era berean muga behin betiko desagertzea galdetuz.
Deialdi berri honen atarian Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetak joan zen urtarrilaren 14az geroztik itxita dauden zortzi pasabideak ez direla berehala berriz irekiko baieztatu du aste honetan.
Mehatxu terrorista, migrazioaren fenomenoa eta osasun krisia mahaigainean ezarriz, prefetak gutxienez otsaila bitartean atxikiko dutela berretsi du.
Mugaren inguruan bizi diren herritarren egoerari buruz galdetuta, honako erantzuna eman zion, joan zen asteazkenean, estatu ordezkariak Kazeta.eus atariari: «Arrazoi familiarrez edo mugaz gaindiko langileez salbu, frantsesei Espainiako Euskal Herrira joatea permititzen badiegu, espainiarrek ez dute nahi haien presentziarik espainiar lurraldean».
Pasabideen egoera
Gaur egun honako pasabideak irekiak daude: Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia, Pausu eta Behobia arteko zubia, Biriatu, Ibardin, Dantxarinea eta Arnegi. Alta, Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasoko txalupa zerbitzua geldirik jaraitzen du, baita Hendaiako merkantzia zubia ere. Berdin Lizuniagako eta Lizarrietako lepoak hetsiak dira, Sarako bidea, Izpegiko lepoa, Larraine eta Aldudeko pasabideak bezala.
Azkeneko pasabide horren hestea arazo frango sortu dituela inguruko herritan bizi diren lagundako ikusita, Alduden «tolerantzia maila bat dela» joan-jinak baieztatu zuen Eric Spitzek.

«Ser madre y padre en prisión es uno de los actos más revolucionarios que he conocido»

Euskaltzaleak Arantzazun: «Mundua aurka dator, baina guk euskara dugu munduaren alde»

El concejal del PP que dio el gobierno al PNV en Durango pide ilegalizar a EH Bildu

La nao San Juan surca las aguas de la bahía de Pasaia tras once años de paciente tarea
