NAIZ

Mobilizazio jendetsua egin dute Izpegiko lepoan muga pasabideen irekitzea galdegiteko

Baigorriarrek eta baztandarrek bultzaturiko mobilizazioarekin bat egin du Euskal Herria Baik. Hala ehundik gora lagun bildu dira arratsalde hasieran Izpegiko lepoan mugak irekitzea eskatzeko.

Gaineko Bentaren inguruan elkarrearatzea egin dute mugen hestea salatzeko. (Bob EDME)
Gaineko Bentaren inguruan elkarrearatzea egin dute mugen hestea salatzeko. (Bob EDME)

«Herri bat gira, mugarik ez» zioen pankarta bat eta ondoan «indar okupatzaileak kanporat!» leloa jasotzen zuen bigarren banderolak.

Gaineko Bentaren ondoan, Izpegiko lepoan, elkarretaratze jendetsua egin dute gaur arratsaldean.

Dagoeneko joan zen larunbatean EH Baik deitutik mobilizazio bat egin zuten Saran eta beste bat Hendaia eta Irun herriak elkartzen dituen Santiago zubian.

Pasabidearen hestearekin eta militar nahiz polizien presentziarekin arranguraturik, gaur bezala, baigorriarrek eta baztandarrek ekimen propio egin zuten berrogei bat biztanle elkartuz. Gaur, ordea, ehun lagun baino gehiago bildu dira Izpegiko lepoan.

Joan zen urtarrilaren 12an Pirinio Atlantikoetako prefekturak zortzi pasabide ixteko agindua eman zuen. Handik bi egunetara muga txiki horiek itxi zituzten.

Hala nola Baigorri eta Erratzu herriak lotzen dituen Izpegiko lepoan hesia ezarri zuten bi herrien artean izanen diren hartu-eman anitz trabatuz.

Hainbat auzapezek zabalduriko kexekin bat eginez, gaur pasabide nafar horretan bildu diren lagunek  «berriz ere, herritarrak abisatu gabe, gutariko anitzen bizitza soziala, familiarra eta profesionala egun batetik bestera azkarki inpaktatuz» hartua izan zela salatu dute.

Hedabideei igorritako agiri batean frantziar eta espainiar Gobernuek euskal herritarren bizia eta egunerokoa ez dutela kontuan hartzen gaineratu dute.

Militarren entrenamendu eremua

Polizia eta militarren presentziari buruz, oroitarazi dute iazko udaberriko konfinamenduan Baigorri aldean jadaneko azkarra izan zela, «militarren aireko entrenamendu eremu bilakaraziz».

Oraingo honetan jendarme gehiago daudela salatu dute, duela hilabete bat herrian berean 60 bat militar instalatu direla berri emanez.

Egoera horrekin eta Izpegiko pasabidearen hestearekin kezkaturik, erabaki horiekiko desadostasuna adierazi eta mugak irekitzea galdegiteko egin dute gaurko protesta ekimena. Era berean pasabideen irekitzea lortu arte mobilizaturik jarraitzeko deia zabaldu dute.

Gaur gaurkoz ezin da jakin noiz arte luzatuko den mugen itxiera. Izan ere hasi berri den urteari begirako agiantzen ekitaldian Eric Spitz prefetak azaldu duenez, otsailaren bukaera bitartean «gutxienez» iraunen du zortzi pasabide horiek zeharkatzeko debekua.