NAIZ

Urepele, Sara eta Larraineko auzapezak, kezkaturik pasabideak itxiko dituztelako

Zortzi pasabide itxiko dituzte gaur Euskal Herrian. Inguruko herrietan bizi diren herritarrek zein auzapezek kezkaz hartu dute Pirinio Atlantikoen Prefeturak muga txikiak ixteko hartu duen erabakia.

Frantziar militarrak Sara eta Etxalar elkartzen dituen Lizarrietako pasabidean, dagoeneko itxita. (Bob EDME)
Frantziar militarrak Sara eta Etxalar elkartzen dituen Lizarrietako pasabidean, dagoeneko itxita. (Bob EDME)

Urepele, Sara edo Larraineko herritarrek harreman handia dute Nafarroa Garaiko auzo herriekin. Jende anitzek «muga» deituriko eremu hori egunerokoan zeharkatzen dute.

Izan ere, 2020ko martxoan ezarri zen konfinamenduarekin gertatu bezala, oraingoan «terrorismoaren aurkako borrokaren» mesedetan muga itxiko dela iragarri du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak.

Kazeta.eus atariko kazetaria den Iurre Bidegainekin hizketan, Sara, Urepele edo Larraineko auzapezek beraien kexak plazaratu dituzte «posta elekronikoaren bidez» ezagutu duten neurriaren aitzinean.

Xole Aire Urepeleko auzapeza biziki haserre dago, oro har herriko auzo gehienak bezala. «Herritar baten mezua jaso dut, lehen konfinamenduan bezala, ea froga agiri batekin pasatzen ahalko zen galdetu dit», azaldu du Urepeleko auzapezak.

Izan ere, astearte arratsaldean plazaratu zuen aginduari jarraituz, Aldudeko pasabidea -baita baigorriarrek bereziki baliatzen duten Izpegikoa ere- itxi egingo dute.

Iruñera joatekoa da aste honetan Urepeleko auzapeza, baina Arnegitik soilik ahalko du «bestaldera» pasa. Horrek erran nahi du oren bat gehiago beharko duela bidaia egiteko.

Airek agirian utzi duenez, Urepeleko herritar ainitzek usaia dute Iruñera erosketak egitera joateko, «eta handik honat badira herriko haragia erostera etortzen diren lagunak».

«Gauetik goizera halako erabakia hartzen dute, pasabideak zenbat denboraz hetsiak izanen diren zehaztu gabe. Oso bortitza da. Azalpen bakar bat ez digute eman. Ez dugu deirik errezibitu, soilik posta elektroniko hotz bat», deitoratu du Airek.

Auzapez gisa, baina bereziki Aldude ibarreko biztanle den heinean, pasabidea libre izatea, mugen gainean hartzen diren erabakien gainean xehetasunak aldez aurretiaz jasotzea eta ororen gainetik «herritarrak errespetatzea» eskatu du auzapezak.

Itsasontzia bi aldiz gelditua, Larraineko lepoa birritan hetsia

Prefeturak igorritako agirian hainbat bitxikeria -edo akats borobil- badira. Hala nola urtarrilaren 14tik itxita diren pasabideen zerrendan sartu dute dagoeneko etenik dagoen Hendaia eta Hondarribia arteko itsas ibilbidea.

Covid-19ari aurre egiteko neurrien baitan gelditu zuten bi herrien arteko joan-etorriak itsasotik egiten dituen txalupa zerbitzua. Itxiera horren gainean bigarren itxiera agindu du, oraingoan «mehatxu terrorista» aipatuz Paueko erakundeak.

Beste hainbeste erran daiteke Larraineko lepoari buruz iragarritako neurriaren gainean. Pasabide hori ere hetsia izanen da ofizialki ostegun honetatik aurrera. Urtean zehar bost bat hilabetez hetsia izaten da igarobide hori, horrela agintzen baitu eguraldiak.

«Nola hetsiko dute hetsia den gaina? Ez du zentzurik, kasu honetan natura izanen da mugaren kontrolatzaile», azaldu dio Ipar Euskal Herriko kazeta digitalari Jean-Dominique Iriartek.

Zuberoa ezagutu gabe eta lurralde horretatik urrun kokatzen den bulegoan hartu den zentzurik gabeko erabakia deitoratu du Larraineko auzapezak.

Sara aski isolaturik

Sarako herria aski isolaturik geratuko da ostegun honetatik aurrera. Lizarrieta eta Lizuniagako gainak itxiko dituzte baita Berruet benta ondotik pasatzen den bidea ere.

Battitt Laborde auzapezak onartu duenez, «herriak ez du egoera hori ongi bizi». Urepeldarrak bezala, saratarrak usu joan ohi dira Bera, Zugarramurdi edo Etxalar aldera.

«Beratar ainitz saratarrekin ezkonduak dira», oroitarazi du Labordek. Neurriak saratarren bizitza eta ohituretan «eragin zuzena izanen duela» nabarmendu du Sarako auzapezak.