NAIZ

Mugen itxierak estatuen «uniformizazio nahia» islatzen duela diote EH Bilduk eta EH Baik

Ipar eta Hego Euskal Herria lotzeko errepideak berriro ixteko erabakiaren atzean frantziar eta espainiar Estatuen «borondate uniformizatzailea» dagoela salatu dute EH Baik eta EH Bilduk.

Guardia Zibila Nafarroa eta Lapurdi arteko muga ixten lizarrietan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU).
Guardia Zibila Nafarroa eta Lapurdi arteko muga ixten, artxiboko irudi batean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU).

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, atzo hartutako ebazpena dela eta, «terrorismoaren aurkako borroka indartzea» argudiatuz, muga zeharkatzeko zortzi pasabide itxiko dituzte ostegunetik aurrera, noiz arte iraunen duen zehaztu gabe. Mugen itxiera honek, Frantziar eta Espainiar estatuek, Euskal Herriaren barne bizitza «baldintzatzeko edo zuzenki eten egiteko duten gaitasuna erakusten dutela» salatu dute EH Baik eta EH Bilduk, adierazpen komun baten bitartez.

Erabakia Frantziako Barne Ministerioarekin eta Espainiako Gobernuak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ordezkariekin hitzartuta izan zen.

«Nazio gisa ditugun urradurak eta arrakalak areagotuz. Ez da lehen aldia. Orain dela hilabete batzuk bi estatuek mugak itxi zizkiguten covid-19aren pandemia dela eta baita G7ren karietara ere, euskal herritarrei kalte ugari pairatuz», gogoratu dute bi indar hauek.

«Terrorismoaren kontrako borroka» indartzeko argudioa «aitzakitzat» hartuta «neurriz kanpoko» presentzia poliziala eta giro sekuritarioa areagotuko direla salatu dute EH Baik eta EH Bilduk. «Gure herria setio egoeran jarriko dute. Horren adierazle da Baigorriko opor zentroan berriki instalatutako militar akanpalekua. Orotara 4.800 polizia, jendarme eta militar mobilizatuak izanen dira operazio honetarako», diote.

EH Baik eta EH Bilduk uste dute bi Estatuek beraien izaera «uniformizatzailea sendotzeko» baliatuko dutela egoera hau: «Euskal herritarren arteko harreman naturala, familiarra, afektiboa, kulturala, soziala, ekonomikoa etabar eten egingo dizkigute, inposaketaren bitartez». Bestetik, erabaki horiek euskal herritarrengan «onurarik ez dutela ekarriko» azpimarratu dute.

Horren aurrean, «nazio eta herri bezala bizitzeko, erabakitzeko eta baliabide eta tresnak indartzeko inoiz baino beharra handiagoa» dagoela adierazi dute EH Baik eta EH Bilduk. «Demokraziaren hustutze honen aitzinean muga artifitzialak desegin eta eremu naturala den Euskal Herria eraiki beharra dago, euskal herritar guztien artean, gure bizitzaren erabakiak hartzeko», erantsi dute.