Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Katalina Foixekoa Nafarroako erregina nor izan zen ezagutarazteko komikia

Katalina Foixekoa Nafarroako erregina Euskal Herriko historian pertsonaia nagusietako bat da. Erdi Aroko erresuma bat hartu eta Errenazimendura eraman zuen. Halere, ez da ezaguna. Pertsonaia nor zen zabaltzeko asmoarekin komikiaren formatua hautatu du Nabarraldek.

Ainara Azpiazu «Axpi» eta Angel Rekalde, «Foixeko Katalina» komikiarekin. (NABARRALDE)
Ainara Azpiazu «Axpi» eta Angel Rekalde, «Foixeko Katalina» komikiarekin. (NABARRALDE)

Joseba Asiron Iruñeko alkate zenean etorbide bati (ordura arte Armadaren etorbidea zenari) Katalina Foixekoaren izena jarri zionean polemika piztu zen. Erregina bati kale baten izena jartzea egoki zenik zalantzan jarri zuten batzuk. Gaztelak zuzendutako Nafarroako Erresumaren konkista pairatu zuen erreginaren izaera eta figura bera ezezagunak zirela ikusi zuten Nabarraldeko kideek. Katalina Foixekoa nor izan zen hedatzeko behar horretan komiki formatua hautatu dute Nabarraldeko kideek. Angel Rekaldek (Asironen laguntzarekin) egin du gidoia eta Ainara Azpiazu ‘Axpi’ izan da ideia marrazkietara pasa duena.

«Pasarte bat hautatu dugu, pertsonaia aurkezteko. Ezagutza falta bat zegoela ikusi genuen eta zerbait ateratzea ideia ona zela uste genuen», azaltzen dio NAIZi Rekaldek.

Joan den urtean lau mende bete ziren 1620an Frantziako eta Nafarroako koroak errege berdinean batu ziren eta geratzen zen burujabetza desagertu zen. «Hori ere ez da batere ezaguna, baina mendeurrenarekin aprobetxatu genuen hori jorratzeko. Konturatu giren Iparraldean Errenazimendu oso aberatsa izen zela. Eta oso interesantea. Eta batez ere egon zirela hiru emakume, hiru erregina, Katalina Foixekoa, Margarita Angulemakoa eta Joana Albretekoa, Errenazimendu horretan», azaltzen du Rekaldek.

Prozesu guzti horren abiapuntuan Katalina Foixekoa dago. «Oinordeko bezala Erdi Aroko erresuma hartu zuen. Izurriteak, gerra, miseria, ... Oso atzeratuta eta pobretuta zegoen erresuma zen. 34 urte edo egon zen erregina bezala eta egoerari buelta eman zion eta Estatu berri bat sortu zuen, aurreratua», dio.

«Historiara erregean Joan Albretekoa izan zela pasa bada ere, benetako erregina Katalina zen. Agintzen zuen eta nortasuna zuen. Pertsonaia oso esanguratsua da eta Nafarroako historian berebiziko garrantzia izan zuena. Administrazioa berritu zuen, ekonomia arloan azokak jarri zituen herrietan, inprenta jarri zuen. Horrekin baketzea lortu zuen. Europako gorte nagusienetan Nafarroako enbaxadoreak jarri zituen, ordura arte egiten ez zena. Nafarrroako martxa aldetzea eta baketzea lortu zuen», gaineratzen du Rekaldek.

William Shakespeare-k Nafarroako munduko mirari izanen zela idatzi zuen. «Hori ez da kasualitatez ateratzen. Ekonomikoki, kulturalki, politikoki, administratiboki aldaketa inportanteak jarri zituen martxan Katalinak. Pertsonaia klabea Katalina da».

Istorio dramatikoa

Paper dramatiko tokatu zitzaion Katalina erreginari. Konkista pairatzeaz gain, aita kontra izan zuen, anaia ere kontra izan zuen, etsai piloari aurre egin behar izan zion. Komikiarentzako, Asironekin batera, hautaturiko pasadizoa dramatikotasun horren isla da. 1512ko konkista eman zenean, Iruñetik ihesi egin behar izan zuen Nafarroako Erresumako Gorteak. Hauen artean, erregina eta bere familia osoa. Nafarroa Behererantz jo zuten ihes horretan erreginaren seme Frantzisko hil egin zen.

Ainara Azpiazu ‘Axpi’ izan da Katalina erreginaren figura komikira pasatzearen ardura hartu duenak, eta semearen galera oso sinbolikoa dela nabarmentzen du, erresumaren galera identifikatzeko.

Egindako lana motz geratu zaiola onartzen du Azpiazuk, Katalinan pertsonaia oso sakon bat topatu duelako. 24 orrialdeko komiki bat prestatu du, baina gehiago egin zitekelakoan dago. Beharbada, etorkizunerako proiektua izan daiteke.

Irudi aldetik estilo propio mantendu du Azpiazuk lan honetan. Komiki historikoa, Martintxok eta Asirorenek landutakoa bezala, estetika errealistago bat dauka. «Nire estilo grafikoa ez da hori. Nahiz eta helduentzako komiki bat izango dena egiten saiatu naizen, nire estiloa mantendu dut», azaltzen. Gauzak horrela, ulerterraza egin izan nahi du, marra eta itzaletan gehiegi galdu gabe. Kolore planoen aldeko apustua egin du.