NAIZ

Ardi latxaren esnea gutxiago ordaintzeko industriaren trikimailuak salatu ditu EHNEk

EHNEk agertu duenez, pandemia «aitzakia» bezala hartuta, industria gaztagile batzuek esne litro gutxiago jasotzeko «mehatxua» egin dute.

Latxa ardiaren esnearekin egindako gazta, Ordiziako Euskal Jaietan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Latxa ardiaren esnearekin egindako gazta, Ordiziako Euskal Jaietan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Industria gaztagile batzuen jokaera gaitzetsi du EHNE sindikatuak. Dioenez, osasun pandemia «aitzakia» hartuta, latxa ardiaren esnearen ekoizleei kontratu «onartezinak» eskaini dizkiete. Hasteko, «presio-neurri gisa», aurreko kanpainarekin alderatuta litro kopuru nabarmen txikiagoa jasoko duten «mehatxua» egin dute.

Gehiago ere bada: sindikatuak zehaztu duenez, prezioa esnearen balizko helmugaren arabera (jatorrizko gazta edo bestelakoa) finkatzen duela dio industriak, eta, hala, ekoitzitako esnearen lehenengo %10 eta %20ko tarteari iaz baino askoz ere prezio baxuagoa eskaintzen hasi da.

«Ehuneko hori aurreko urteko bolumena erreferentziatzat hartuta ezartzen da, eta gainerako esnea aurreko kanpainako prezioan eramango omen dute, beti iazko litro kopururaino iritsi arte. Produkzio handiagoa badago, lehen tarte merkea bezala ordainduko omen dute», gaineratu du EHNEk.

Esne bilketaren gaineko murrizketak Latxa Esnea kooperatibaren inguruan bildutako ekoizleei eragiten die bereziki. EHNErentzat, hori ez da kasualitatea, baizik eta «ekimen kolektiboak itotzeko ahalegina, kontratuak negoziatzerakoan industriak bere nagusitasunari eutsi ahal izateko». Sindikatuaren ustez, halako mehatxua guztiz onartezina da, esneari bi prezio eskaintzea eta ekoizleen arteko desberdintasun handiak bezalaxe.

Akordio isil bat

Industrien artean akordio isil bat dagoela iruditzen zaio EHNEri. «Ekoizleei esnea biltzeko zeregina adostuz, artzainak dagokion industriarekin ez bada beste batekin tratuan aritzeko aukerarik gabe gelditzen dira».

Praktika mota horien aurrean, sektoreak «batasun-dinamika bati» ekin behar diola defendatu du sindikatuak, kontratuak negoziatzeko orduan indar-posizio bateratua lortzeko, bereizketarik gabe, eta legeak horientzat ezartzen dituen gutxienekoak exijitzeko. «Errealitatean, ordea, produktu galkorra denez, abeltzainak ohituta daude esne-bilketa aldez aurretik kontratuak sinatu gabe edo berritzeko bi hilabeteko epeak errespetatu gabe egitera, eta hori legez kontrakoa da», ohartarazi du. Zehazki, esne-sektoreko kontratazioari buruzko martxoaren 1eko 95/2019 Errege Dekretua urratzen da.

Ardi latxaren esnea kalitatezko produktua dela berretsi du EHNEk, bi jatorri-deituraren oinarria (Idiazabal eta Erronkari). «Aurten ere gaztandegi gehienek beren produktu guztia saldu izanak erakusten du hori eta, beraz, sinesgaitza zaigu esne-bilketa murriztea, gazta gutxiago merkaturatzeko aitzakiarekin». Erabaki horren atzean industriak irabazi handiagoa lortzeko kostuak murrizteko nahia dagoela ikusten du, elikadura-katean zehar sortutako balio erantsia eragileen artean modu zintzoagoan banatu beharrean.