NAIZ
DONOSTIA

Ibilgailu elektrikoentzako kargatze-guneetan energia biltegiratzeko aukera garatu dute

N-1 errepidean Tolosa parean dagoen zerbitzuguneko ibilgailu elektrikoentzako kargatze-gunea energia biltegiratzen duen Estatuko lehena da. Garapen horri esker, birkarga guneak ezartzeko prozedura sinplifikatu eta errazten da.

Ibilgaili elektrikoak kargatzeko gunea, N-1 errepidean, Tolosan, Estatuan energia biltegiratzen duen lehena.
Ibilgaili elektrikoak kargatzeko gunea, N-1 errepidean, Tolosan, Estatuan energia biltegiratzen duen lehena.

Azken urteotan, ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak gero eta ugariagoak dira errepideetan. Orain, birkarga gune horietan energia biltegiratzeko aukera ere garatu dute. Repsolen eta Ibilen eskutik, N-1 errepidean Tolosa parean dagoen zerbitzugunea aitzindaria da Estatu mailan, bigarren bizitzako bateriak erabiliz energia biltegiratzen duelako.

Garapen teknologiko eta industrial honi esker, behar besteko potentzia elektrikorik ez duten edo bestelako alternatibak bideragarriak ez diren tokietan 50 kWeko kargatze-guneen instalazioa sinplifikatu eta errazten da.

Horrez gain, zenbait enpresa eta erakunderen partaidetza izan duen proiektu honek baditu beste hainbat abantaila: %70 murrizten du halako instalazioak egiteko sareak behar duen potentzia (15 kWeko potentzia duen sarea nahikoa izan daiteke 50 kWeko birkarga azkarreko gunea abian jartzeko), ia edonon ezartzeko aukera ematen du, azpiegitura kostuak %50eraino murriztu ditzake eta, gainera, autobus elektrikoen bateriei bigarren bizitza bat ematen die.

Repsolek soilik 250 bat kargatze puntu dauzka Estatuan, horietatik 70 birkarga azkarrekoak. 2019tik, Penintsulan dauden birkarga ultralasterreko gune bakarrak Euskal Herrian daude, Lopidana (Araba) eta Ugaldebietako (Bizkaia) zerbitzuguneetan, hain zuzen.