NAIZ

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak EAEko aurrekontu proiektua errefusatu du

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin duten elkarretaratzean, 2021erako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrekontuak aurrekoen segidatzat jo dituzte eta gastu erreala %3 baino ez dela handitu salatu dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea egin du Gasteizko Legebiltzarraren aitzinean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea egin du Gasteizko Legebiltzarraren aitzinean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak protesta egin du Gasteizko Legebiltzarraren aitzinean, EAJk eta PSEk EAEko Gobernuan duten gehiengo osoari esker ostegun honetan onartzekoak diren aurrekontuak gaitzesten dituela adierazteko. «Ez dute kontuan hartzen bizi dugun krisi sanitarioa, ekonomikoa eta soziala», azpimarratu dute. Bertan izan dira, besteren artean, ELAko eta LABeko idazkari nagusiak, Mikel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu, hurrenez hurren.

Agintean diren bi alderdiei leporatu diete proiektua herritarrei bizkarra emanez egin izana, inolako parte-hartze prozesurik gabe eta gehiengo sozial eta sindikalarekin eztabaidatu gabe. «Aurrekontu hauek patronalaren interesak jartzen dituzte erdigunean, krisi estruktural honetara eraman gaituen eredua defendatzen duten horien interesak, hain zuzen ere».

Azaldu dutenez, 2021erako EAEko aurrekontuak ez dira nahikoak dauden behar sozialak asetzeko, are gutxiago pandemiaren ostean. «Ez diete herritarren lehentasunei erantzuten; izan ere, ez dituzte zerbitzu publikoak garatzen, ez dituzte eskubide sozial berriak aitortzen eta ez dute inolako urratsik egiten zaintza sistema publikoa, unibertsala eta doakoa eskuratzeko. Horren erakusle da osasun publikoko aurrekontua ez dela BPGren %7ra iristen (%5,32) eta hezkuntzakoa ez dela BPGren %6ra iristen (%3,95)».

Eskaera bati ere erantzun gabe

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak erantsi duenez, egindako zazpi aldarrikapen zehatzetako bakar bati ere ez diete erantzuten aurrekontuek. Erreforma fiskala egiteko eskaera da horietako bat, Sozietateen gaineko Zergan, PFEZn eta Ondarearen gaineko Zergan bildutako dirua nabarmen handitzeko.

Puntu horrekin lotuta, Lakuntza ezkerreko alderdiei zuzendu zaie. Bere hitzetan, fiskalitatea eta aberastasunaren banaketa justua eztabaidaren zentrora ekarri behar dute. Sindikatu honek kaleratutako txosten baten arabera, EAEn enpresa handiek irabazten duten hamar eurotik bat baino gutxiago ordaintzen dute zergetan.

Aranburuk ez du ikusten Gobernuak «aberastasuna hobeto banatzeko» erreforma fiskalik egiteko inongo borondaterik duenik. Kontrakoa: bere ustez, Lakuak «klase politika» egiten du «elite ekonomikoen zerbitzura».

«Mobilizazioa da bidea»

Halaber, enplegu duina bermatzeko ekimen zehatzik ez izatea deitoratu du Kartak, besteak beste, lana banatzea ahalbidetuko lukeen 35 orduko lan astea ezartzeko.

2021erako aurrekontuek 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko proposamenak jaso beharko lituzketela ere berretsi du. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak hiru urte daramatza astero herri eta auzoetan mobilizatzen, eskaera zehatz horrekin.

Eskubide Sozialen Kartaren ustez, horixe da hain zuzen bidea, mobilizatzea, «aberastasuna banatu, eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoak garatzeko».