NAIZ
HABANA

Kubarentzat estrategikoak diren arloek sektore pribatuarentzat debekaturik jarraituko dute

Estatuak estrategikotzat jotzen dituen eremuek (osasungintza, telekomunikazioak, energia edota defentsa) sektore pribatuarentzat galarazita jarraituko dute Kuban, nahiz eta orain arte beren konturako langileek egin zitzaketen jardueren zerrenda murriztailea ezabatu.

Emakume bat Fidel Castroren omenezko horma-irudi baten ondotik igarotzen, Habanan. (Yamil LAGE/AFP)
Emakume bat Fidel Castroren omenezko horma-irudi baten ondotik igarotzen, Habanan. (Yamil LAGE/AFP)

Lan Ministerio Kubatarrak azken orduetan argitaratu du norbere konturako langileentzat debekatuta jarraituko duten 124 jardueren zerrenda. Aurrerantzean, kubatarrek 2.000 ogibide baino gehiago izango dituzte baimenduta sektore pribatuan aritzeko, norbere kontura egiteko 127 jarduera baino baimentzen ez zituen zerrenda ezabatuta.

Sektore pribatuaren irekierarako lehen urratsak 1990eko hamarkadan eman ziren eta 2010ean baimendu zuten erabat. Nolanahi ere, benetako gorakada 2014. urtetik aurrera eman zen, Barack Obama Etxe Zurian zegoela AEBen eta Kubaren arteko hurbilketa diplomatiko historikoa gertatu zenean. 

Une horretan, baina, irekiera Estatuak finkatu zituen 127 jardueratara mugatu zen. Orain, zerrenda horrek 2.100 lanbide aipatzen ditu eta Estatuari erreserbatutakoak, aldiz, 124ra murrizten ditu. Iragan larunbatean jakinarazi zuen Kubako Gobernuak urrats hori, baina orduan ez zuten zehaztu zeintzuk izango ziren sektore pribatuarentzat debekatuta egoten jarraituko zuten eremuak.

Lan Ministerioak azken orduetan zehaztu duenez, honakoak dira sektore estrategikoak: administrazio publikoa, defensa, hezkuntza (hizkuntzen edo musikaren irakaskuntza bezalako gaien salbuespenarekin), medikuntza eta kazetaritza.

Sektore pribatutik kanpo geratuko dira, halaber, petrolioa, ikatza eta mineralak erauztea, egunkariak eta liburuak inprimatzea, armak ekoiztea, gasa eta elektrizitatea fabrikatzea eta banatzea eta ibilgailuak saltzea.

Gainera, Estatuak ikus-entzunezko eta zinematografiako ekoizpenaren, telebista-programen, programazio kulturalaren eta higiezinen jardueraren monopolioa beretzat gordetzen du.

Gauza bera gertatzen da arkitektoaren lanbidearekin, ikerketa zientifikoarekin, bidaia-agentearekin, hileta-zerbitzuetako langileekin edo segurtasun-agenteekin.

Gaur egun, 600.000 kubatarrek egiten dute lan sektore pribatuan, hau da, 11,2 milioi biztanle dituen herrialdeko biztanleria aktiboaren %13k. Beren kabuz lan egiten duten pertsonek, batez ere, gastronomian, garraioan (taxietan) eta turistei logelak alokatzen lan egiten dute.