NAIZ

Tolosako Udalak eta ostalariek elkarlana eskatu diete herritarrei neurriak betetzeko

Ostegun Gizena Tolosan egun handia izanik ere, ez da jai girorik izango bertan covid-19a dela medio herria eremu gorrian sartuta dagoelako. Hori dela eta, ostalariek eta Udalak, bat eginda, laguntza eta elkarlana eskatu diete herritarrei datozen egunetan neurriak betetzeko.

Ertzainak Tolosako kaleetan, Ostegu Gizen egunean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Ertzainak Tolosako kaleetan, Ostegu Gizen egunean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Atzo arratsaldean egindako bileraren ondotik, ostegun honetan agerraldi bateratua egin dute Tolosako Udalak eta ostalariek herritarrei elkarlana, laguntza eta erantzunkidetasuna eskatzeko hurrengo egunetan giro lasai egon dadin.

Izan ere, gaur, Ostegun Gizenarekin, hastekoak ziren Tolosako ihauteriak, baina covid-19ak eragindako egoera dela eta, ez da jai girorik izango bertan. Herria eremu gorrian sartuta dago, eta egoerak behartuta, bertan behera utzi dituzte festak.

«Ezin gara lasaitu eta guztion hobe beharrez neurriak zorrotz jarraitu behar ditugu, jende pilaketak ekidin, zuhurtziaz, arduraz eta elkartasunez jokatu, indarrak batuta, guztiok bat eginda, egoerari eusteko», adierazi dute Udalak eta ostalariek.

Datozen egunetan, ostalariek neurriak «zorrotz» beteko dituztela adierazu dute eta, zentzu berean, herritarrei eskatu diete indarrean dauden neurriak errespetatzen laguntzeko, «izan ere, herritarren laguntza erantzunkidetasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira».

Indarrean dauden eta ostalaritza eta jatetxeetan bete behar diren neurriak gogorarazi dituzte: terrazak edukieraren %100ean eta barruko edukiera %50era mugatuta; pertsonen arteko distantziak mantenduta; soilik eserita kontsumitzea, gehienez ere lauko taldetan; musukoa soilik edateko eta jateko kentzea; ez erretzea, gomendio modura; eta ordutegia 20.00ak arte.

Halaber, neurri gehigarri modura, inauteririk ospatuko ez denez, ez da inauterietako musikarik jarriko taberna eta jatetxeetan eta ostalariek gaur txistorra pintxorik ez banatzea ere erabaki dute.

Elkarlanean eta koordinatuta

Gainera, Udalak adierazi duenez, gaurtik hasita asteartera bitartean «zaintza lanak» areagotu egingo dira sarrera- irteeretan, garraio publikoko geltoki eta geralekuetan eta baita ere, jende pilaketak eman daitezkeen guneetan.

Prebentzio aldetik ere, saioak egin dira herriko ikastetxeetan, gurasoei gutuna bidali zaie eta kale hezitzaileak ere arituko dira kalez kale egunotan. Inguruko herritarrei Tolosara ez etortzeko deia ere egin diete, eskualdeko alkate guztiei gutuna bidalita.