Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Bloke itxien barne borroka nagusitu da kanpainaren azken txanpan

Inon pasio handiegirik piztu gabe, gaur bukatuko da Katalunian hauteskunde kanpaina. Bi bloke nagusien arteko mugetan boto bila abiatu zuten bidea ERCk eta PSCk, baina alderdi bakoitzak berean gotortuta bukatu du kanpaina.

Hauteskunde mahaietako kideen faltan, mahaiak osatzeko materiala hauteslekuetan dago jada. Kasu askotan, ez dira ohiko hauteslekuak izanen, ordea. Irudian, Bartzelonako merkatu batean jarritako mahaiak. (Lluís GENÉ/AFP)
Hauteskunde mahaietako kideen faltan, mahaiak osatzeko materiala hauteslekuetan dago jada. Kasu askotan, ez dira ohiko hauteslekuak izanen, ordea. Irudian, Bartzelonako merkatu batean jarritako mahaiak. (Lluís GENÉ/AFP)

PSCko hautagai Salvador Illak ez du akats gutxi egin kanpainan. Jada existitzen den Osasun Publikoaren Agentzia sortuko duela agindu du, Generalitatearen funtzionamenduaren ezagutzan huts ugari erakutsi ditu, eta TV3 eta La Sexta-ko eztabaidetan, covid-19aren proba egitearen kontra agertu izanak polemika bizia sortu du. Illak ez zekien, ordea, bere kanpainako jokaldi onena independentismoak gauzatuko zuela, aho batez PSCrekin akordiorik ez dutela sinatuko adostuz. Zaila da unionismoaren barruan botoak bilatzeko estrategia hobea pentsatzea.

Alderdi independentistek sinatutako konpromisoak erakusten du, izan ere, blokeen arteko talkak jarraitzen duela Katalunian joko politikoa definitzen. Titularrek eta eguneroko ika-mikek bloke barruko eztabaidetan jartzen dute fokua, baina sakoneko korrontea bi bloke itxien artean mugitzen da.

Gaur bukatzen den kanpainaren garapenak ongi erakutsi du hori. Duela bi aste, ERCk eta PSCk kontrako blokeko mugako botoaren bila hasi zuten bidea. Instituzioen kudeaketa, osasun arloaren erronkak eta krisi ekonomikoari eman beharreko erantzuna izan zituzten, batik bat, hizpide. Inkesten arabera, izan ere, horiek dira katalanen kezka nagusiak azkenaldian, Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanaren gainetik.

Baina haitzean jaioak, haitzera nahi. Kanpainak aurrera egin ahala, blokeen arteko konfrontazioa nabarmen nagusitu da. Atzo bertan ikusi ziren adibide garbienak. Illarentzat, independentismoak beraren kontra sinatutako dokumentua «independentismoaren Koloneko argazkia da» –Espainiako eskuineko alderdiek duela urtebete Madrilgo Kolon plazan egindako kontzentrazioari aipu eginez–.

Pere Aragones ERCko hautagaiak, ordea, pauso bat urrunago eman eta Generalitatera iristeko PSCren botoak ez dituela onartuko zin egin zuen atzo. Horrela egin zuen, ziur asko, Junts-en presioari men eginez, Laura Borras hautagaiak Esquerraren sinaduraz ez zela fio esan eta gero. Beste behin, ERCri kanpaina luzeegia egiten ari zaiola dirudi; izan ere, mugako boto metropolitanoa bilatzen hasi eta Junts-i askoz ere baliagarriagoa zaion marko batean bukatu baitu. Tamaina ertaineko instituzioetan, Junts-ek akordio gehiago ditu PSCrekin, Esquerrak baino –Bartzelonako Diputazioa da nabarmenena–, baina ikusgarria da presio horrek nola ERC baldintzatzen duen askoz gehiago.

Era berean, esku batekin Aragones zirikatzen duen bitartean, bestearekin PDeCat-era joan ahal zaizkion hautesleei eusten saiatzen da Borrasen hautagaitza. Junts-etik independizatuak, Convergencia zenaren oinordeko fidelenak %3ko langarekin borrokan ari dira. Zaila daukate, baina gaindituz gero, hiru diputatu bermatuta dituzte. Ez dira asko, jakina, baina inkestek aurreikusten dituzten gehiengo posible asko alda ditzakete. Dena dela, blokeen talka nagusitu arren, independentismoaren barruan lehia askoz biziagoa da, eta horrek parte hartzea mobilizatu dezake esparru horretan.

Mahaiak osatzeko irtenbidea

Hauteskunde Batzordeak atzo argi berdea eman zion mahai bateko ordezkariak beste mahaietara mugitu ahal izateari, igandeko bozkaleku guztiak osatzen direla bermatzeko. Boluntarioak erabiltzea debekatu zuen, Generalitatearen asmoaren kontra. Agintariek mahaiak osatu ahalko direla ziurtatzen dute, nahiz eta 30.901 pertsona diren, mahai baterako hautatuak izan eta alegazioak aurkeztu dituztenak –mahaikideen %37–.