Imanol Carrillo

Barçak Neymar gabe datorren PSG hartuko du eta Leipzig-Liverpool Budapesten jokatuko da

Bueltan da Txapeldunen Liga. Barça eta PSG elkarren kontra arituko dira; edo, beste era batera esanda, Messi eta Mbappek –Neymar lesionatuta dago– irabazteko lehiatuko dira. Astearteko final-zortzirenetako joaneko beste partidan Leipzig eta momentu oso txarra pasatzen ari den Liverpool arituko dira.

Mbappek PSGren erantzukizuna hartu beharko du Barçaren kontrako final-zortzirenetako kanporaketan. (Franck FIFE/AFP)
Mbappek PSGren erantzukizuna hartu beharko du Barçaren kontrako final-zortzirenetako kanporaketan. (Franck FIFE/AFP)

Iragan abenduaren 9an jokatu ziren Txapeldunen Ligako azken partidak. Taldeen fasearen azken jardunaldia izan zeu huraxe. Ordutik hona gauza asko aldatu dira taldeen norabideetan eta final-zortzirenetako joaneko neurketak datozen bi asteetan jokatuko dira.

Astearte honetan Barça-PSG eta Leipzig-Liverpool partidak jokatuko dira; asteazkenean, aldiz, Porto-Juventus eta Sevilla-Dortmund. Hilaren 23an lehiatuko dira Atletico-Chelsea eta Lazio-Bayern; eta hurrengo egunean, 24an, jokatuko dute Atalanta-Real Madrid eta Mönchengladbach-Manchester City taldeek.

Gauzak aurreratu aurretik, astearte honetan Barça eta PSGren arteko lehia bizia espero da. Ronald Koemanek gidatzen duen taldea gosez dabil. Ligan hasiera kaxkarra izan bazuen ere, gorantz abiatu da talde katalana, eta hirugarren sailkatuta dago momentu honetan, Atletico liderra eta Real Madrilen atzetik.

Europan gauza bera egin nahi du, eta horretarako berebizikoa du PSGren aurka emaitza ona ateratzea, jakinda itzuleko norgehiagoka Parisen jokatu beharko dutela.

Talde frantziarra iazko finalista da –Bayern Munichen kontra galdu zuen finala– eta azken urteetan fitxaketetan erabilitako diruak emaitza eman dezakeela erakutsi nahi du, berriro ere.

Joaneko kanporaketa honetan ez dira Neymar eta Di Maria arituko, biak lesionatuta baitaude. Gauzak hala, 22 urteko Kylian Mbappek hartu beharko du erantzukizuna.

Bartzelonak, aldiz, denboraldiko momenturik onenean dagoen Messiren esku utziko du erantzukizuna. Argentinarra PSGrekin lotu nahi dute askok datorren urterako. Jokalaria, bitartean, bereak egiten hasi da. Asteburuan Alavesen kontra (5-1) bi gol sartu eta asistentzia eman zuen.

Babazorroen kontrako partidan Koemanek atsedena eman zien Jordi Alba, Pedri eta Dembeleri, eta astearte honetan titular izateko aukera ugari dituzte.

Hasierako hamaikakoak izan daitezkeenak:

Barça: Ter Stegen; Dest, Mingueza, Lenglet, Jordi Alba; Sergio Busquets, De Jong, Pedri; Dembélé, Messi eta Griezmann.

PSG: Keylor Navas; Florenzi, Marquinhos, Kimpembe, Kurzawa; Paredes, Gueye; Sarabia edo Kean, Verratti, Mbappe; eta Icardi.

Leipzig-Liverpool, Budapesten

Astearte honetako beste partidan, aipatzekoa den lehenengo gauza futbol-zelaia da. Izan ere, Leipzig eta Liverpoolek joaneko partida Budapesten (Hungaria) jokatuko dute, ingelesek ezin baitute Alemanian sartu pandemiarengatik.

Honek gauzak 'erraztu' diezaioke Jürgen Klopp zuzentzen duen taldeari. Hori bai, entrenatzaileak egunik beltzenak pasatzen ari da Liverpoolera iritsi zenetik. Hiru partida galdu dituzte jarraian Premier Leaguen eta Liga irabazteko oso urruti daude.

Denboraldiaren hasieran Kloppek defensa 'berritu' behar izan zuen Virgil Van Dijk, Joe Gomez eta Joel Matip jokalarien lesioengatik. Hala, entrenatzaile alemaniarrak harrobiko jokalariengana jo behar izan zuen eta Jordan Henderson, Fabinho eta James Milner bezalako jokalariak defentsa moduan erabili behar izan zituen.

Esperimentu honek boladaka funtzionatu dio, baina talde indartsuenen aurka ez dio balio izan. Gainera, Thiago Alcantara jokalariaren fitxaketak oraindik ez dio behar duen indarra eta kalitatea eman zelai erdian.

Joaneko partidarako, Salah, Firminho eta Mane hirukotearen kalitate eta golez baliatu nahiko du Anfieldera bizirik iristeko.

Aurrean izango duen taldea ez da edozein. Leipzig Julian Nagelsmannek gidatzen du eta partida honetarako ezin izango du Emile Forsberg zelairatu. Jokalari garrantzitsua da suediarra atzeko partean, baina lesionaturik dago. Hori bai, Justin Kluivert aurrelaria eta Benjamin Henrich atzelaria entrenatzen hasi dira berriro eta jokalari herbeherearrak minutu batzuk joka litzake Budapesteko Puskas Arena futbol-zelaian.

Hasierako hamaikakoak izan daitezkeenak:

RB Leipzig: Gulacsi; Klostermann, Upamecano, Orban; Mukiele, Sabitzer, Kampl, Angeliño; Haidara, Dani Olmo; eta Nkunku.

Liverpool: Alisson; Robertson, Milner, Henderson, Alexander-Arnold; Wijnaldum, Thiago, Jones; Mané, Firmino eta Salah.