Andoni Arabaolaza

Inoizko erreskate hedatze ikusgarrienean, arrakastarik ez

Joan den otsailaren 5ean, K2 mendiaren magaletan desagertutako hiru mendizaleen inguruan zeuden balizko aztarnak SAR teknologiak ez ditu egiaztatu. Bien bitartean, erreskate taldearen koordinatzaile Vanessa O´Brienek aurreratu du bilaketa lanak bertan behera utzi dituztela.

Juan Pablo Mohr txiletarra, John Snorri islandiarra eta Ali Sadpara pakistandarra K2 edo Chogori mendian (8.611 m) desagertu zirenetik hamar egun igaro dira. Azkenekoz, Sadpararen seme Alijek Botila lepoa izeneko sekzioan (8.200 m) ikusi zituen. Ordutik, zortzimilako batean inoiz egin den erreskate hedapen handiena ezagutu dugu. Airez: helikopteroekin, hegazkinekin eta sateliteekin. Eta oinez: garaiera handian eskarmentua duten mendizaleekin.

Lan horietan guztietan kanpaleku nagusitik koordinatzen Vanessa O´Brienek jardun du. Eta, jakina, desagertutakoen hiru herrialdeetako gobernuek hartu dute parte. Harrigarria askorentzat; senitartekoentzat, aldiz, egin beharreko esfortzua. Ia denek baieztatu dute desagertutako hiru mendizale horiek bizirik ez daudela; haien hurbilekoek, berriz, mirari bat espero dute.

Duela egun batzuk senitartekoek aurreratu zuten Islandiako Espazio Agentziaren SAR izeneko teknologia aurreratuaren bitartez Mohr, Snorri eta Sadparak eraikitako balizko kobazulo bat aztertzen ari zirela. Bada, O'Brienek baieztatu du hipotesi horrek ez duela oinarririk: «Ikusitako aztarna horiek beste mendizale batzuek utzitako lo-zakuak eta dendak dira. Hartutako irudi guztiak ondo aztertu eta lekukotasunak zein ordutegiak ondo egiaztatu ditugu. Eta argi eta garbi geratu da aurkitutako tresneria hori ez dela hiru desagertuena».

O´Brienek gehitu du joan den asteko eguraldi txarrak bilaketak baldintzatu zituela, baina azken bi egunotan klima egonkortu da, eta azterketa horiek egiteko aukera izan dute. Hori guztia aipatu ondoren, gehitu du kanpaleku nagusia zein birtuala (horrela deitu diote sateliteen bidez lanak egiteko) itxi egin dituztela. Hots, desagertuak bilatzeko lanak bertan behera utzi dituztela.

«Hamar egun luze izan dira. Munduko bigarren mendirik garaiena neguan eskalatzea zaila bada, geure artetik falta diren lagunak bilatzea askoz ere erronka gogorragoa da. SAR teknologiarekin ehunka irudi eskaneatu, makina bat puntu trazatu, gailurreko egunaren asmoak behin eta berriz irakurri eta testigantzak entzun ditugu. Eskarmentua duten mendizaleak kontratatu ditugu ere, eta, Pakistango, Txileko eta Islandiako agintarien laguntzari esker, mendizaletasunaren historian inoiz egin den bilaketa handiena burutu dugu».

Pakistanek segituko du

O´Brienek kaleratu duen oharrean Pakistango armadaren laguntza eskertu nahi izan du. Azken egunotan hegazkin batzuek hiru mendizale horiek azken aldiz ikusi zuten eremua oso zorrotz ikertu dute: «Izpi infragorriak erabili dituzte, baina ez dute emaitzarik eman. Benetan txalotzekoa da egin duten lana. Bilaketan oinez jardun dutenentzat badugu eskertza berezirik ere; hain zuzen ere, Sadpararen senitarteko Imtiazek eta Akbar-ek jaso behar dutena. Eta, jakina, bi mendizaleokin lan horiek partekatu dutenak».

Ohar hori jasotzen genuen bitartean, Pakistango Talde Alpinoaren idazkari Karrar Haiderik esan du K2ren oinarrizko kanpalekuan hotz handia eta haizeteak dituztela, eta baldintza horiek bilaketak zailtzen dituztela. Alabaina, baieztatu du barealdiarekin girora egokituta dauden mendizaleek bilaketa lanekin aurrera jarraituko dutela.

Bestalde, Mohr-en lagun min Juan Pablo Diban eta Federico Scheuch lehengusua Islamabadera iritsi berri dira, eta hango hedabide bati honakoa aitortu diote: «Juan Pabloren gurasoek esan digute semea etxera eraman behar dugula. Itxaropentsu daude, eta mirari bat espero dute. Gu hemen gaude Txileko herriarengatik eta itxaropenarengatik. Dagoeneko, Juan Pablok kanpaleku nagusian zuen ekipajea jaso dugu; orain, bera aurkitzea falta zaigu».

Sadpararen seme Sajidek, berriz, beste mezu ezberdin bat helarazi du: «Nire aita eta haren sokakideak bizirik aurkitzeko itxaropenik ez dugu. Geure amaren bihotza suntsituta dago».