Andoni Arabaolaza

Alex Txikon 6.600 metroraino igo da eta ostiral honetan Manasluren gailurra eraso lezake

Oso jardunaldi «gogorraren» ostean, Alex Txikon eta bere taldeak lortu dute maila horretaraino igotzea, baina «oso ondo eta pozik» daude egindako lanarekin. Ostiral honetan egun garrantzitsua izango da espedizioan; izan ere, Manasluren gailurrari erasotzen saia baitaitezke.

Simone Morok, asteazkenean, lehen kanpalekutik nagusira jaisteko erabakia hartu zuen bitartean, Alex Txikonek ostegun gaua 6.600 metrora igaroko du. Lemoarrak adierazi du ostiralekoa egun garrantzitsua izango dela espedizioarentzat.

Manaslu mendia (8.163 m) neguan igotzen saiatzen ari den espedizioak asteazkenean hasitako ekinaldiari etekinak atera dizkio. Alabaina, talde horren buru diren Simone Morok eta Alex Txikonek badirudi iritzi ezberdinak dituztela.

Atzo, asteazkenean, hasi zuten gailurra lortzeko ibilbide luzea. Lehen urratsak Gelum Xerpak eta Morok berak eman zituzten. Lehen kanpalekua iritsi ziren, baina, eguraldiaren baldintzak ikusita, alpinista italiarrak oinarrizko kanpalekura jaistea erabaki zuen: «Kark Gabl meteorologoari deitu nion, eta adierazi zidan iragarritako leiho ona 24 orduz murriztuko zela eta haizete indartsuak altxatuko zirela. Han bertan Iñaki Alvarez, Chhepal Xerpa eta Alex itxaroten egon nintzen, eta dendak altxatzeko erlaitz bat antolatu nuen. Heldu zirenean, Gabl-ek emandako iragarpenen berri eman nien, dendak antolatzen lagundu nien eta kanpaleku nagusira abiatu nintzen».

Morok erabaki hori hartzen zuen bitartean, Txikonek zuzendutako taldeak lehen kanpalekuan gaua igaro eta gaur 6.600 metrora arte igotzea lortu du. Lemoarrak berak esan du joan den asteko saioan igotzeko hiru egun eskatu ziena, orain egun bakarrean biribildu dutela: «Egun gogorra izan da. Oraindik 1.600 metroko desnibela dugu aurretik, baina mendiaren baldintzak ez dira txarrak. Gaurko [osteguna] iragarpenaren arabera, 20 zentimetroko elurra bota behar zuen, baina ez du elurrik egin».

«Egun garrantzitsua»

Alpinista bizkaitarrak baieztatu du 5.700, 6.100 eta 6.600 metrora dendak altxatu dituztela. Aurreko ekinaldian lortutako kotara edo gehiagora heltzea espero dute: «Biharko asmoa goizean goiz irtetea da, eta laugarren kanpalekua hornitzea. Han atseden hartuko genuke, eta gauean gailurrerantz irtengo ginateke. Ikusiko dugu zer egin dezakegun, egoera minutuz minutu aztertu behar dugulako. Haize apur bat altxatzen bada, ezin izango dugu».

Beraz, lerro hauek irakurri ondoren, argi eta garbi geratzen da Txikonek lideratzen duen taldearentzat ostiraleko eguna garrantzitsua izango dela. Hori da mendizaleon asmoa, baina, eguraldiarekin batera, indar nahikoa izan behar dute azken ahalegin horrek arrakasta izan zezan.

Morok, berriz, sare sozialetan aurreratu du bere taldekideen asmoak bigarren eta hirugarren kanpalekuetatik igarotzea dela han dagoen tresneria jasotzeko: «Baina egoera alda daiteke, eta Gabl-en iragarpenak ez betetzea. Hala izango balitz, laugarren kanpalekura edo ahal den kota garaienera igotzen saiatuko lirateke».

Azkenik, espedizio honen buruek baieztatu dute Kalden Phura Xerpak, urdaileko arazo batzuk tarteko, lan guztiak alde batera utzi eta kanpaleku nagusitik alde egin duela.