NAIZ

Bilboko Udalak Blacstonerekin izango duen negoziaziotik kanpo utzi du Maizterren Sindikatua

Bilboko Udalak Maizterren Sindikatua Blackstone «putre-funtsarekin» izango duen negoziazioetatik kanpo utzi du; helburua etxegabetzeko agindua duen familia batentzako alternatiba bat adostea zen. Sindikatuaren arabera, Udalak interes ekonomiko handien alde egiten du.

Bilboko Maizterren Sindikatuak salatu du Bilboko Udalak Blackstone «putre-funtsarekin» izango duen negoziaketatik kanpo utzi duela. Negoziaketaren helburua familia batentzako etxebizitza alternatibo bat bermatzea zen; izan ere, Blackstone multinazional erraldoiak ezarritako etxegabetze agindu baten pean bizi da familia gaur egun, Maizterren sindikatuak hasierako kaleratze data (abenduaren 10a) atzeratzea lortu ostean.

Kasu honen salaketa publikoari eta burututako ekintzei esker, sindikatuak Blackstonerekin zuzeneko elkarrizketa kanal bat irekitzea lortu zuen familiaren egoerari konponbide bat bilatzeko asmoz. Era berean, Bilboko Udalak konpromiso instituzional batzuk hartzea lortu zuen, besteak beste, familiak bizi zuen kaleratze arriskuari lotutakoak. Orduan, Bilboko Etxebizitza zinegotzia eta Bilboko Udal Etxebizitzen presidente Jon Bilbao Blackstone funtsarekin egiten ari ziren negoziaketetan parte hartzera gonbidatua izan zen.

Ostera, sindikatuak proposatzen zuen hiru aldeko negoziaketari bide eman ordez, Bilboko Udalak, eta zehazki Jon Bilbaok, negoziaketatik kanpo utzi dute Maizterren Sindikatua. «Jarrera horrek agerian uzten du berriz ere Bilboko Udalak gure hirian lur hartzen ari diren agente handien interes ekonomikoak Bilboko auzokideen eskubideen defentsaren aurretik jartzen dituela», salatu du Maizterren Sindikatuak.

Egoera honen aurrean, Maizterren Sindikatuak salaketa publikoa eta ekintza sindikalak uztartuko dituen beste dinamika bat jarriko du martxan, hiru adingabe dituen familia baten ongizatea eta etxebizitza eskubidea erdian kokatuko dituen negoziaketak berreskuratzeko.

Horregatik guztiagatik, Bilboko Maizterren Sindikatuak, «#BilbaoContraBlackstone: Blackstone desahucia, el Ayuntamiento cómplice» kanpaina jarriko du berriz ere martxan. Datozen asteotan antolatuko dituzten ekintzak jakinaraziko dituzte familia honentzako behin betiko soluzio bat aldarrikatuz.