NAIZ

Hegaldiak bertan behera utzi eta gero, dirua itzuli beharko du Tap Air Portugal konpainiak

Tap Air Portugal aire-konpainiak txartelen dirua itzuli beharko die hainbat bizkaitar eta gipuzkoarrei, epaitegiek horrela ebatzita. Osasun larrialdi egoeraren ondorioz bertan behera geratu ziren hegaldiak eta konpainiak erreserbak bidaia agentzia baten bidez egin zirela argudiatzen zuen.

Tap Air konpainiaren hegazkinetako bat. (TAP AIR PORTUGAL)
Tap Air konpainiaren hegazkinetako bat. (TAP AIR PORTUGAL)

Bilboko eta Donostiako Merkataritza arloko epaitegiek hiru epai eman dituzte azken asteetan, Tap Air Portugal aire-konpainiari txartelen dirua itzultzera behartuz. Koronabirusak sortutako osasun larrialdi egoeraren ondorioz haien hegaldiak bertan behera utzi ondoren, hainbat bidaiariri dirua itzultzeari uko egin zion, erreserbak bidaia agentzia baten bidez egin zirela argudiatuz.

Kasu horien artean, hainbat euskal herritar daude. Bilbo – Rio de Janeiro hegaldi bat erosi eta 1.988,99 € ordaindu zuten hiru bilbotarrek, ondoren bertan behera geratuko zena. Bost gipuzkoarrek ere 1.170 euro berreskuratu dituzte, martxoan bertan behera utzitako Madril - New York hegaldienak. Eta azken epaiaren ondotik, Bilboko bidaiari batek 369,28 euro berreskuratuko ditu, bertan behera utzitako Dakar – Bilbo hegaldi baten ondorioz.

Aipatutako kasu guztietan, konpainia berak, Tap Air Portugal-ek, uko egin zion txartelen dirua itzultzeari. «Epai hauekin eta aurreko beste askorekin, ordea, epaitegiek berretsi dute kasu horretan ere ez dela bete bidaiariaren eta aire-konpainiaren arteko kontratua, tartean agentzia bat badago ere», azaltzen du helegite horiek kudeatzen dituen Erreklamatu ekimenak, Bilboko abokatu talde batek osatua.

Talde honek halako egoerak bizi izan dituzten herritarrak helegitea jartzera animatu dituzte: «Hegaldia bertan behera utzi badizute, ontziratzea ukatu badizute, hiru ordu baino gehiagoko atzerapena izan baduzu edo zure ekipajea galdu bada, baduzu kalte-ordainak jasotzerik. Gure gain hartuko ditugu aerolinearekin egin beharreko kudeaketa guztiak».

Haien web atariaren bitartez, dagokizun kalte-ordaina kalkulatzeko aukera ere eskaintzen dute. Helegitea irabaztekotan, eta «%95eko arrakasta ziurtatua» dutela baieztatzen dute, jasotako %20 kobratuko luketa.