Beratik heldutakoaz gain beste lau puntutan piztu zen sua Lapurdin

Asteburuan 2.000 hektarea inguru erre zituen suteak Beran izan zuen jatorria, baina Lapurdin beste lau su-pizte izan ziren, hautetsiek «kriminaltzat» jo dituztenak. Erretako eremuan diren bost herrietako auzapezek salaketa jarriko dute, eta mugaz gaindiko elkarlanaren beharra azpimarratu dute.

Suteak Lapurdin erre zituen herrietako auzapezak eta Euskal Elkargoko ordezkaria. (GUILLAUME FAUVEAU)
Suteak Lapurdin erre zituen herrietako auzapezak eta Euskal Elkargoko ordezkaria. (GUILLAUME FAUVEAU)

Larunbatean Beran abiatu zen suteak 2.000 hektarea inguru erre ditu Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdi artean. Azken herrialde honetan, 750-800 hektarea inguru jan ditu suak Larhun eta Xoldokogaina inguruetan, eta bertan beste lau tokitan sua nahita piztuta izan zela adierazi dute astearte honetan hautetsi lapurtarrek eman duten prentsaurrekoan. Ikerketa abiatu du Baionako jendarmeriak, eta bide horretan Hego Euskal Herriko hautetsiekin elkarlana derrigorrezkoa izanen da.  

Astearte honetan Urruñako Euskal Elkargoaren egoitzan egindako agerraldian suteak eragina izan duen bost herrietako auzapezak elkartu dira, Sarako Battitta Laborde, Urruñako Filipe Aramendi, Azkaineko Jean-Louis Fournier, Biriatuko Solange Demarcq-Eguiguren eta Ziburuko Eneko Aldana. Alkateek beraien udalen izenean salaketa jarriko dutela baieztatu dute, eta bide horretan ikerketak bat eginen du Fiskaltzak jada abiatu duenarekin.

Aldi berean elkarlanaren garrantzia ere nabarmendu dute auzapezek, horrelakoak berriz gerta ez daitezen. Bide horretan Herriko Etxeen arteko harremanetan bezala, mugaz gaindikoaren garrantzia ere azpimarratu dute; horren adierazteko bertan izan da ere Euskal Elkargoan horren ardura duen Joseba Erremundeguy, suteak «mugarik ez duela» aditzera emanez.

Zentzu horretan abian den Gure Mendia programa aipatu dute, eta suteak bioaniztasunean izan duen eragin lazgarria nabarmendu dute. Haien «haserrea» eta «tristezia» agertuz, gogora ekarri nahi izan dituzte eremu horiek lantoki dituzten pertsonak, eta baita turismorako eta aisialdirako gune ere badirela.

Sute «kriminala»

Mendi aldean nahita piztutako suak anitzetan luberria egiteko izan ohi direnez, larunbatean Beran jatorria izan zuen suteaz gain detektatu diren beste lau puntu horiek xede horrekin egin ote diren zalantza piztu da, baina bost auzapezek aho batez eta fermuki adierazi dute asteburu honetakoak ez direla sasi erreketak izan. Aramendik argiki baieztatu du: «Sute kriminalak izan dira, ez da beste hitzik. Ongi barneratu behar da ez dela laborari edo abeltzain batek egina, eta argiki salatu behar da».

Abeltzain eta laborarien aldeko mezua zabaldu dute, profesionalek larunbatean zegoen eguraldiarekin surik piztuko ez zutela azpimarratuz. Sasi erreketak egiteko baimena eskatu behar da, eta egun horietarako ez zen inolako eskaerarik izan.

Beratik heldutako suteaz gain, Urruñan Ziburumendin, Azkainen Trabenian bi puntutan eta Saran Larhungo tren ttipiaren ondoan sua nahita piztua izan dela baieztatu dute auzapezek. Bereziki deigarria da azken hau, larunbatean 19.00etan piztua izan baitzen.

Etorkizunari begira

Horrelako suteak, orain arte bezala, hemendik goiti ere izanen direla aitzinatuz horri aurre egiteko plangintza eta elkarlanaren beharra azpimarratu dute hautetsiek, pentsaketa orokorra eramatea beharrezkoa dela gaineratuz, gune ezberdinetan praktika ezberdinak eta antolaketa ezberdinak direla kontuan izanik.

Horren garrantzia azpimarratzeko nahiarekin Aldanak datu deigarri bat nabarmendu du: Ziburumendin hamar urtero sute bat izaten dela, eta aldiro berriz dena landatu behar izaten dela. Gogoan izan ditu 2002 eta 2012ko suteak.