Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Idoia Zabalza: «Justizia bota ezinezko harresi badugu ere, egiaren jabe gara»

Mikel Zabalza nola hil zuten azaltzen duten audioak argitaratu ostean, bere arrebak bide judiziala berriz irekitzeko itxaropena agertu du. «Estatuko fiskal nagusia gertatutakoa ikertu eta argitzeko aukera du». Nafarroako Torturatuen sareak manifestazioa deitu du, Iruñean, martxoaren 6rako.

Idoia Zabalzak, Nafarroako Torturatuen sareak eta Egiari Zor fundazioak agerraldia egin dute. (Iñigo URIZ / FOKU)
Idoia Zabalzak, Nafarroako Torturatuen sareak eta Egiari Zor fundazioak agerraldia egin dute. (Iñigo URIZ / FOKU)

Aste honetan entzun da, epaitegietatik at lehen aldiz, Mikel Zabalza Intxaurrondon nola torturatu zuten azaltzen duen audioa, baita Joxean Lasa eta Joxi Zabalari, tiro bat eman aurretik, hilobia eginarazi zietela ere. Horren harira, agerraldia egin dute Iruñeko Katakrak gunean Egiari Zor fundazioak, Zabalzaren senideek eta Nafarroako Torturatuen Sareak.

Zabalzaren familiak ezagutzen zuen grabazioa, baina gizartearen eskutara iritsi da orain. «Denek entzun dugu. Zalaparta handia sortu du gizartean eta hedabideetan» adierazi du Idoia Zabalzak, eta horren froga izan da gaurko agerraldia, zeinetan espainiar Estatuko hedabide ugari bildu diren.

‘El Mundo’ egunkariak 1995ean eman zuen dokumentu honen berri eta orduan Gipuzkoako probintzia auzitegira eraman zen, baina ez zen frogatzat onartu. «Audioak berresten du hasiera-hasieratik mantendu duguna, alegia, Mikel Intxaurrondon hil zela, jasandako torturen ondorioz». Orain, baina, bide hori berriz irekitzeko ahaleginetan ari da familia. «Justizia bota ezinezko harresi badugu ere, egiaren jabe gara. Egun hauetan Estatuko fiskal nagusiaren ahotik entzun dugu informazio hori kontuan hartuko duela fiskalek delitu zantzu garrantzitsurik antzemanez gero». Horren itxaropena mantentzen dute senideek.

Audioak gizarteratzeak, beraz, ate bat ireki du. «Bere egitekoa betetzeko aukera du eta gertatutakoa ikertu eta argitzeko». Era berean, kontuan hartuko ez balu, arrazoiak eman beharko lituzkela iritzi du Idoia Zablzak. Eta ez soilik bere anaiaren kasuari begira, baita Lasa eta Zabala eta Estatuko segurtasun indarrek atxilotutakoei informazioa ateratzeko erabilitako metodoak ikertzeko ere. «Egiten badu ondorioztatuko du tortura ez dela salbuespena izan. Jardun orokorra, ongi antolatutakoa, goi mailatan diseinatua eta milaka biktima utzi dituena izan da».

Nafarroan ikerketa abiatzeko manifestazioa

Nafarroako Torturatuen Sarearen izenean, Jon Patxi Arratibel eta Ainara Gorostiaga izan dira. Talde hau duela bi urte osatu zen eta ordutik ikerketa ofizial bat exijitu dute. «Audioak erakutsi duen bezala, Guardia Zibileko eta Cesid-eko goi karguek ezin hobeto ezagutzen zuten atxilotuen egoera. Ez bakarrik sistematikoki erabiltzen ziren tortura metodoak, baita horrek heriotza eragin zezakeela ere», adierazi du Arratibelek.

2021 urtea izanik inork ez duela bere gain erantzunkizunik hartu deitoratu dute. «Legitimatutako praktika izan da eta hainbat alderdi politikok, epailek, auzitegiko medikuk eta hedabidek, era batera edo bestera, babestu dutena». Behingoz aitortza ematea eta eragindako kaltea onartzea aldarrikatzen dute.

Bide horretan, Nafarroan ikerketa ofizial bat abitzea eskatu dute, «Estatuko indar polizialen kideek zenbat pertsona torturatu dituzten argitzeko eta giza eskubideen urraketa larri horrek lurraldean eragin duenaren argazki osoa eskaintzeko». Horretarako, nafar Gobernuari bere garaian hasitako lan-ildoari, zeinetan 1960 eta 1978 arteko tortura kasuak ikertu zituen, jarraipena ematea eskatu dute.

Horretarako, martxoaren 6rako mobilizazioa deitu dute Iruñean. ‘Tortura ikertu, egindako guztia aitortu. Reconocimiento, reparación, no repetición’ lelopean, autobus geltoki berritik abiatuko dena. «Itzalari argia ematea guztion ardura da».

Zentzu berean, Egiari Zor fundazioko Tasio Arribazalagak, gogora ekarri du Nafarroan zenbat torturatu dauden zehaztea zaila dela, ikerketa falta horregatik hain zuzen ere. Hala ere, Euskal Memoriak egindako azterketen arabera, mila nafar inguru izan dira torturatuak.

«Torturak jasan dituzten pertsonak diskriminatuta jarraitzen dute oraindik, aitortza eta erreparaziorik gabe. Eta eskubideen urraketak egin zituzten biktimarioek guztiz zigorgabe», adierazi du Arrizabalagak.