NAIZ

Askapenak jardunaldiak egingo ditu heldu den ekainean Hernanin

‘Bizi elkartasun internazionalista’ leloarekin heldu den ekainaren 11, 12 eta 13an Hernanin egingo dituen jardunaldiak aurkeztu ditu Askapenak. Bertan, internazionalismoa zein beharrezkoa den nabarmenduko du, «bereziki zapalkuntzarik gabeko mundu bat nahi dugunok bizi ditugun garai zail hauetan».

Askapenak jardunaldiak egingo ditu heldu den ekainean, Hernanin. (ASKAPENA)
Askapenak jardunaldiak egingo ditu heldu den ekainean, Hernanin. (ASKAPENA)

Askapenak gonbidapena luzatu nahi du datorren ekainaren 11, 12 eta 13an Hernanin egingo dituen jardunaldietan izena emateko, «Euskal Herri sozialista eta feminista bat eraikitzeko internazionalismoa giltzarri» dela sinetsita dagoelako.

Ostiral honetan egindako aurkezpenean azaldu dutenez, bide horretan, Askapenaren ustez, «denon betebeharra da formakuntza iraultzailez janztea eta gure auzo, lantoki, komunitate eta esparru ezberdinetan inperialismoaren aurka eta herrien askatasunaren alde lan egiten jarraitzea».

Beldurra, giza harremanen zirrikitu guztietan

«Garai bereziki zailak bizi ditugu zapalkuntzarik gabeko mundu berri bat eraiki nahi dugunok. Garai zailak, jendearen arteko harremanak gidatuko dituen oinarrizko printzipio etikoa elkartasuna izango den mundua nahi dugunontzat», adierazi dute. Horretaz guztiaz hausnartzeko, Askapenak ‘Bizi elkartasun internazionalista’ jardunaldiak antolatu ditu.

Antolakunde honen arabera, covid-19ari aurre egiteko aplikatutako politikek «kapitalismo heteropatriarkalari lotutako sintoma guztiak biderkatzea eta bizkortzea» ekarri dute. «Beldurra giza harremanen zirrikitu guztietan zabaltzen da; ‘ahal duenak bere burua salba dezala’ lelo famatuari segika, lehia biziak edozein kolektibitate zantzu mehatxatzen du. Osasun arazo orokor bati irtenbidea aurkitzea bezain oinarrizkoa den zerbait, merkatuko lege basatienek gidatu dute, kolpe, mehatxu eta pilotakaden laguntzaz», salatu du.