Maddi Txintxurreta

Krisiak astindu ez ditzan, hiru zutabe sendotzeko beharra: zaintza, osasuna eta babes soziala

EH Bilduk antolatutako ‘Merezi duzun herria’ jardunaldien baitan, osasuna, zaintza eta gizarte zerbitzuak izan dira hizpide bigarren mahai-inguruan. Pandemiaren krisiak ilundutako garaiaren eta etorkizun are zailagoaren erronken aurrean hiru zutabeon sendotzearen beharra azpimarratu dute.

Osasuna, zaintza eta babes sozialaren inguruko mahai-ingurua, EH Bilduk antolatuta. (NAIZ)
Osasuna, zaintza eta babes sozialaren inguruko mahai-ingurua, EH Bilduk antolatuta. (NAIZ)

Krisi betean sartuta dagoen hamarkada honetako erronkak identifikatzeko ostiral eta larunbatean EH Bilduk antolatutako ‘Merezi duzun herria’ jardunaldien baitan, osasuna, zaintza eta babes sozialari mahai bat eskaini zaio bigarren eztabaida saioan.

Mahai-inguruko eztabaidagai izan diren hiru zutabeon zaurgarritasuna agerian utzi du pandemiak, eta egoera honetara zerk ekarri gaituen eta krisialdiak nora eraman gaitzakeen azaldu du Arkaitz Fullaondo soziologo eta EHUko irakasleak. Gogoan hartu du 2008ko krisitik suspertze bidean, jada hazkunde ekonomikoaren garaian, jo duela bete-betean pandemiak ekarritako krisi egiturazkoak; gainera, kontuan izanda zetorren hazkunde ekonomiko horrek ez zuela pobreziaren jaitsierarik ekarri, eta 2018tik landa desberdintasun sozialak nabarmen arrakalatzen ari zirela.

Pandemiaren krisia «bat-batekoa, erabat sistemikoa, inoiz baino globalagoa eta zeharkakoa» dela ohartarazi du, eta lehenagotik ere agerian ziren desberdintasun sozialak areago zabalduko dituela uste du Fullaondok. «Ondorio sakonak izango dituen krisi bat da, murrizketaren kontzeptua mahai gainean jarriko da, lan krisi potolo bat etorriko da», aurresan du.

Hamarkada hau «krisi eta eraldaketa metaketa» bat izango dela iritzi du Fullaondok, eta ikuspuntu horretatik diseinatu behar dira, haren eta ondoko mahaikideen ustez, herriaren osasuna, zaintza eta gizarte zerbitzuak artikulatuko dituzten agenteak.

Sistemen bateratzea

Osasun sistemari heldu dio Karlos Ibarguren Donostiako ospitaleko Zainketa Intentsiboetako mediku eta EH Bilduko osasun idazkariak. 2017an Medicus Mundik landutako txostena oinarri, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko osasun sistemek hiru mehatxu dituztela azpimarratu du. Batetik, ezberdintasun sozialak markatzen dituzten baldintzatzaileen esku-hartze eza, egungo ereduak asistentzian oinarritzen direlako.

Hala, bere iritziz eta txostenak dioenaren ildotik, asistentziari pisua kendu eta baldintzatzaile sozialetan eragiten bada, emaitzak askoz hobeak izango dira. Adibide bezala jarri du: bizimodu-faktore batean, erretzaileengan, adibidez, eragitea ondo dago, baina etxebizitza politiketan eraginez gero, emaitzak hobeak izango dira. «Baldintzatzaile sozialen lanketan planteamendu ezberdin bat egin behar da: asistentzian indar gutxiago egin eta baldintzatzaileetan jarri indarrak, benetan herritarren beharrei begiratuta, horretarako osasunaren sustapenean egin behar dugu indarra, ez gaixotasunaren tratamenduan», esan du.

Medicus Mundik beste bi mehatxuz ohartarazten du; bata, osasun sistema bera, desoreken sortzaile ere izan daitekeelako eta, bestea, osasungintzaren pribatizazioa. Baina Ibargurenek beste bi faktore ere identifikatu ditu, GKEak aintzat hartzen ez dituenak. Lurraldetasunaren arazoa, hiru sistematan banatzen duelako Euskal Herriko osasungintza, eta eskuduntzen gabezia larriak arlo honetan.

Hala, beste osasun sistema mota bat eraikitzeko beharra azpimarratu du, aipatu mehatxu horiek gainditzeko gai izango dena. Eta sistema horrek bakarra izan behar duela defendatu du: «Saiatu behar dugu hiru osasun eredu horietan onena aukeratzen eta eredu berdina izaten Euskal Herri osoan. Eskuduntza guztiak bereganatzea behar du Euskal Herriak, covid-19ak erakutsi baitu eskuduntza asko falta zaizkigula, farmazia eskuduntza edo egoiliarren sistema, adibidez».

Osasungintzan lurraldetasunak arazoak sortzen baditu, zer esanik ez gizarte zerbitzuetan. «Gizarte zerbitzuei begiratuta, gutxienez bost izango genituzke. Horrek disfuntzioak sortzen ditu lurraldeka begiratuta, baita udalerrika begiratuta ere», agertu du Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Politiketako irakasleak.

Gizarte zerbitzuetako lidergo falta kritikatu du, eta zalantzan jarri, pandemia betean egonik ere, berau indartzeko saiakerarik egin denik. Osasunerako Karlos Ibargurenek proposatutakoa gizarte zerbitzuetan ere aplikatzearen alde egin du Arrietak, eta sistema guztien erakundetzea eta bateratzea eskatu, hiru klabetan: erakundetzea eta eskuduntzak, eremu soziosanitarioa eta komunitatearen presentzia.

«Erakundetze berri bat behar dugu, gaur egungo ereduaren oinarriak eredu hartuta eredu berri batera eramango gaituena. Logika publiko komunitario batetik, estrategia egonkor batetik, ezin da utzi toki bakoitzaren eta borondate bakoitzaren arabera», adierazi du.

Zaintza, zaintzaileen begiradatik

Nerea Kortajarenak, gizarte langile eta EH Bilduko Gasteizko Legebiltzarreko koordinatzaileak, feminismotik aspaldi aldarrikatzen ari diren zaintza sistema publikoarengan jarri du arreta, gogorarazi baitu, aurrez aipatutako mehatxu eta sistemen gabezien atzean, pertsonak eta bizipenak daudela.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren sistemak bezala, zaintza sistemak ez dio eutsi, bere esanetan, pandemiaren «lehen enbiteari» ere. Eta, beste behin, osasun eta zaintza krisiari «emakumeen ejertzito» batek aurre egin diola nabarmendu du, arrazoi askoren artean, gizarteak ez duelako «inolako erreferentziarik zaintzari dagokionean gizarte zerbitzuetan».

«Politika publikoetatik badago behar bat gelditu eta birpentsatzeko. Urteetako hautu politikoen eraginak bere gordinenean ikusi ditugu, orain ageriagoan geratu dira, baina hemendik aurrera zer eraikiko dugu merezi dugun herri horretan?», galdetu du, eta abiapuntu bat proposatu: «Zaintzen eta babesten gaituzten horien begiradatik politika publikoak eraikitzea».