Maider Iantzi Goienetxe

Trantsizio digitala demokratizazioaren zerbitzura jartzeko gakoak eman ditu EH Bilduk

Teknologiek irudikatu ezin ditzakegun aldaketak ekarriko dituzte gure bizitzetan. Ekartzen ari dira jada, eta arriskuak eta aukerak eskutik datoz. Iraultza teknologikoa demokratizazioaren zerbitzura jartzeko ahaleginean, arlo honetako hiru emakumezko adituren ekarpenak jaso ditu EH Bilduk.

Lore Martinez Axpe, digitalizazioari buruzko mahai-inguruko hizlarietako bat. (NAIZ)
Lore Martinez Axpe, digitalizazioari buruzko mahai-inguruko hizlarietako bat. (NAIZ)

EH Bilduk `Merezi duzun herria´izenarekin hemendik 2030 bitarteko erronkei erantzunak bilatzeko antolatu dituen jardunaldietan, trantsizio digitalari heldu diote bosgarren panelean, demokratizazioaren zerbitzura jarri behar dela aldarrikatzeko.

Mahai-inguru honetako lehenbiziko hizlariak, Lore Martinez Axpe Informatika ingeniari eta EH Bilduko Gasteizko legebiltzarkideak, adierazi duenez, «plazer bat da behingoz denok emakumeak izatea digitalizazioaren inguruko panel batean». Izan ere, aldarrikatu duenez, bada garaia «ZTIM barruan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika biltzen dituen kontzeptua) emakumeek beren lekua berreskuratzeko».

Erronka handi horri erantzuteko estrategia integrala behar dela defendatu du. Familiatik hasi, eta hezkuntzan, politikan, enpresan... egin behar da lana. Neskatilak ahaldunduz, pentsamendu konputazionala sartuz, software librea erakutsiz, erreferenteak emanez, estereotipoen mehatxua azalduz hezitzaile eta familiei, enpresa eta teknologia zentroak inplikatuz.

Ada Byron lehen informatikaria emakumea izan zen (1815-1852). Eniac konputagailua (1946-), lehen ordenagailua, sei emakumek programatu zuten. Orduan, zergatik lotzen dugu informatika gizonezkoekin? Zergatik ez dituzte neskek ZTIM ikasketak aukeratzen? Oztopo batzuk aletu ditu Informatika ingeniariak. Autokontzeptua, adibidez. «6 urtetatik mutilek baino inteligentzia gutxiago dutela uste dute neskek.

Erreferenteak ere falta dituzte, eta horiek aipatzea garrantzitsua da, bereziki gertukoak, eurengan islatu behar direlako. Hedy Lamaar, Katherine Johnson, Angela Ruiz, eta Maitane Alonsoren izenak jarri ditu adibide bezala.

Administrazio publikoen papera

Bigarren hizlariak, Izaro Elorza Arregik, jauzi digitalerako administrazio publikoen paperak zein izan behar duen azaldu du. Telekomunikazio ingeniari, zibersegurtasunean aditu eta Oñatiko alkateak agertu duenez, etorkizunean nahi dugun jendarte hori lortzeko tresna bat da digitalizazioa eta norabide on bat eman behar diogu. «Gu gara tresna hori erabiliko dugunak eta gu gara horren jakintza eta kontrola izan behar dugunak, eta administrazio publikoaren papera oso garrantzitsua da norabide hori ongi finkatzeko».

Oinarria sarbidea bermatzea da, gero administrazioa digitalizatzea, eta hirugarrenik lankidetzak eta saretzeak egitea. Oñatin egiten ari direna kontatu du. «Landa gune oso zabala daukagu, bertan bizilagun asko bizi da, epe motzean ez da aurreikusten operatzailerik joango denik eta konexioa eramateko apustua egin dugu, ohiko eredu merkantilistatik aldenduz. Diru-laguntza publikoz hedatzen diren azpiegiturak publiko izaten jarraitzeko eta justizia digitala aplikatzeko helburuarekin».

Adimen artifiziala eta datuak: noren mesederako?

Azkenik, Elixabete Ostolaza Esnal informatikan adituak ohartarazi du adimen artifizialak eta datuen erabilerak Netflixek eta Amazonek ekarri dutenaren antzeko eraldaketa ekarriko dutela, horrek dituen aukera eta arriskuekin. Xedea «datuen autobide fidagarri eta seguruak eraikitzea» dela eta horretan hasiak garela erran du.

Teknologia hauek zer aukera ematen dizkiguten jakitea arlo guztietarako garrantzitsua dela ere nabarmendu du. «Energia arloan, adibidez, aukera ematen digu negozio berriak sortzeko, gailu eta objektu berriekin; neurgailu adimendunak kasu. Gailu horien gainean hainbat zerbitzu gara ditzakegu, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko».

Azaldu duenez, hainbat funtziotarako erabiltzen da adimen artifiziala: «Merkataritza sustatzeko, erabakiak automatikoki hartzeko edo hartzen laguntzeko, arazo konplexuak aztertzeko, ekoizpen prozesuak hobetzeko, produktu eta zerbitzu berriak sortzeko, datu irlak gainditzeko, berrikuntza politikak erabakitzen laguntzeko…». Oztoporik handienek, aldiz, konfiantza faltarekin zerikusia dutela azpimarratu du.