Haritz Larrañaga

Motorrak berotzen Lapurdiko kostaldea zeharkatu duen Emakumeen Mundu Martxan

Azkainetik abiatu, Ziburu eta Urruñan geldialdiak egin eta Hendaiako Avenida zubian amaitu da martxa. 'Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez!' lemapean martxoaren 6an ospatuko den Nazioarteko V. ekintza leku berean amaituko da eta parte hartzeko deia luzatu dute. 

Itxita dagoen Hendaiako Avenida zubian amaitu da Emakumeen Mundu Martxa. (Guillaume FAUVEAU)
Itxita dagoen Hendaiako Avenida zubian amaitu da Emakumeen Mundu Martxa. (Guillaume FAUVEAU)

Martxoaren 6an Irun eta Hendaia artean egingo den Nazioarteko V. ekintzarako Euskal Herri osoan herriz-herri eta auzoz-auzo biltzen ari diren zapiak jaso dituzte larunbat honetan Emakumeen Mundu Martxako kideek Azkaine, Ziburu, Urruña eta Hendaian. Baionan eginiko oihala ere jaso dute martxari hasiera emateko Azkainen egin duten ekitaldian, eta mobilizazioa Hendaiako Avenida zubian amaitu dute.

Euskal Herriko beste 27 eskualdetan egin den moduan Lapurdiko kostaldean ere Emakumeen Mundu Martxak proposatutako gaiak jorratu dituzte azken asteetan, eta berauek zapi edo oihaletan irudikatu dituzte. Guztiak bildu eta migrazio politikak gogor salatuko dituen mobilizazio handi batekin amaituko dute Nazioarteko V. ekintza hurrengo larunbatean.

Iazko urriaren 17an Hendaia eta irun artean dagoen muga hautatu zuten antolatzaileek ekimenaren berri emateko. Egun hartan Hendaiako Avenida zubian egin zuten prentsaurrekoa, izan ere, Hendaia eta Irun artean burutuko den mobilizazioa ere leku berean amaituko baita. Ordea, deialdia egin zutenean oraindik mugako pasabidea irekia zen eta, aldiz, gaur egun itxia da.

Euskal Herri mailako mobilizazioari begira motorrak berotzeko, Hendaiako zubian bildu dira Emakumeen Mundu Martxan parte hartu duten lagunak, baina berezitasun batekin. Esan bezala Pirinio Atlantikoetako prefetaren aginduz Hendaiako zubia itxita aurkitzen da, beraz, gaur zubiaren alde batean bakarrik bildu dira manifestariak, baina hurrengo astean Irungo aldean ere elkartuko dira.

Hain zuzen ere, 'Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez!' goiburua hautatu du Euskal Herriko Emakumeon mundu Martxak aurtengo ediziorako. «Mugek herriak banatzen dituzte, horra adibidea», adierazi du amaiera ekitaldian Hendaiako Bagera elkarteko kide den Itziar Varelak, zubiko pasabidea ixteko ezarri diren hesiak seinalatuz.

Lekukotasunak eta giro alaia

Jai giroan abiatu da Emakumeen Mundu Martxa Azkainetik eta jai giroan amaitu da. Azkainen aurresku batekin egin diote ongi etorria martxari 60 lagun inguruk. Musika, abestiak eta hitzartzeak izan dira martxaren hasieran, eta baita bidean zehar ere. Giro alaia izan da nagusi hasieratik amaierara.

Donibane Lohizune igaro ostean, Ziburuko plazan egin dute bigarren geldialdia. Mozorroak, kale jira, dantzak, musika eta aldarria. 'Bizitzeko erresistitu, eraldatzeko martxan' dio nazioarteko lelo nagusiak eta, horrela, Ziburun martxan direla erakutsi dute parte hartzaileek.

«Urruñan harrotasunez bizi dugu martxan parte hartzea», azpimarratu du ongi etorria emateko mikrofonotik hitz egin duen bertako kide batek, eta zera gaineratu du: «Emakume migranteen pasabidea da Urruña, baina askatasun herria izan nahi du».

Untxin erreka pasatzen den zubiaren ondoan egin duten ekitaldian, aurresku, abesti eta dantzak izan dira, eta baita hitzartze eta lekukotasunen kontakizunak ere. Bisa epea bukatu zitzaion etorkin baten esperientzia irakurri dute. «Gaizkile bat bezala sentitu nintzen», azaltzen zuen lau egun atxilo izan zuten emakumearen idatziak.

Hendaian mobilizatzeko prest

Hesiekin itxita dagoen Hendaiako Avenida zubiaren aitzinean amaitu dute Lapurdiko kostaldea zeharkatu duen Emakumeen Mundu martxa, paradoxikoki, 'Askatasunaren monolitoa' aurkitzen den leku berean. Txalaparta soinuekin eta txalo artean hartu dituzte Urruñatik heldu diren martxistak eta jarraian bikote batek abesti gozo bat abestu du gitarra eta flautaren laguntzarekin. 

Modu partehartzailean garatu da diskurtsoa. Partehartzaileek esaldi laburrak elkar trukatzen zituzten eta esanak lema moduan ere oihukatzen zituzten. 'Erresistentzia konkretuak garatu behar ditugu egunerokoan', aldarrikatu du hizlarietako batek, 'multinazionalen aurrean egitura lokalak indartu behar dira' zioen beste batek, 'gizartea etorkinen kontrako biolentzia onartzera iritsi da', salatzen zuen besteak, eta horrela, guztien artean, lelo nagusiari forma ematen zion diskurtsoa osatzea lortu dute.

Hitzartze zehatzak ere izan dira, mugen ondorioak salatzeko, lekukotasunak emateko edo «egoera irregularrean dauden milaka pertsonen» egoeraz ohartarazteko. 'Berdintasuna ez da iritzi politiko bat, eskubide bat da', aldarrikatu dute ozen hizlariek.

Bestalde, Euskal Herriko Emakumeon Mundu martxako partaide batek irakurri duen testuaren amaieran, honakoa galdetzen zuen tonu serioago batekin: 'Gutako askorentzat badira zubiak, baina beste askorentzat ez da pasabiderik, beraz, zu zer zara, zubia edo murrua zara?'.

Parte hartzeko deialdi zabala

'Nazioarteko martxarekin mugak gaindituko ditugu, eta hori zuekin lortuko dugu', nabarmendu du parte hartzaileei zuzendu zaien hizlari batek, eta jarraian, martxoaren 6an egingo duten manifestaziorako dei zabala egin du. 

Mugatik 30 kilometrora bizi diren herritarrak Hendaiara joan daitezkeela oroitarazi dute antolatzaileek, eta ondorioz, martxoaren 6an Hendaiatik abiatuko den mobilizaziora joateko deia luzatu diete. Gainontzeko jendearekin Santiago zubia zeharkatu ostean Irunen elkartuko direla jakin arazi dute, eta amaiera, berriz ere, Avenida zubian izango da.

 

Hizlari, manifestari eta parte hartzaile guztiak dantzan jarri dituen abesti batekin amaitu dute ekitaldia. Bozgorailuetatik jarri duten musikaren errtimora aurrez ikasia zuten koreografia dantzatzen zutenbatzuek, beste batzuek ahal bezala jarraitzen zituzten mugimenduak, eta horrela, mugimenduan, martxan direla eta Hendaia eta Irun artean burutuko den mobilizaziorako prst daudela erakutsi dute.