NAIZ

Lasa eta Zabala oroitu eta gobernarien isiltasuna salatu dute ehunka lagunek Tolosan

Intxaurrondoko grabaketa zabaldu osteko egonezak mobilizazio itxura hartu du larunbat honen eguerdian Tolosan. Lasa eta Zabalarekin batera torturatu guztiak gogoan izanda, grabaketa horretaz ez ote duten ezer esaterik galde egin dio Sortuk zenbait agintariri.

Joxi eta Joxean argazkiak, mobilizazioaren buruan Tolosan. (Gotzon ARANBURU | FOKU)
Joxi eta Joxean argazkiak, mobilizazioaren buruan Tolosan. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Astelehean hasi zen zabaltzen Intxaurrondoko Pedro Gomez Nieto eta Cesid-eko Juan Alberto Peroteren arteko elkarrizketaren grabaketa eta bertan aipamen oso zehatza egiten zaie Joxean Lasa eta Joxi Zabalari, tiro banaz erahil zituztela, beren hilobiak eginarazi ondoren. Beren herrian, Tolosan, oihartzun berezia izan du grabaketak, beraz, eta larunbat honetan ehunka lagun atera da kalera, hori salatzera.

Bi gazteen argazkiak mobilizazioaren buruan zirela, bi lerrotan banatuta kalez kale ibili dira partehartzaileak, Sortuk eginiko deialdiarekin bat eginez. Pankartan, aitortza eta ereparazioarekin batera ez-errepikatzeko bermeak eskagai ziren.

Lasa eta Zabalarekin batera Euskal Herrian tortura jasan duten guztiak gogoan hartu dituzte manifestariek. Zenbaki bat erakutsi dute, kartelen bitartez: 5.657, hauxe baita Euskal Memoria Fundazioak egiaztatua duen torturaren biktimen kopurua (horietariko gehienak Paco Etxeberriaren taldeak egin eta Lakuako Gobernuak egiaztatutako txostenean agertzen dira).

Sorturen Gipuzkoako arduradun politiko den Haimar Altunak, grabaketa honen aurrean gobernariek entzungor jokatu dutela nabarmendu du. Eta galdera zuzena luzatu die Iñigo Urkullu eta Maria Chivite lehendakariei, Idoia Mendia EAEko lehendakariorde eta PSEko agintari nagusiari, edota Gobernu espainoleko ordezkari den Denis Itxasori: «Ez ote dute ezer esaterik?».