Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Militarismoak larriagotu egin du klima, eta alderantziz

Klimak eta militarismoak oso kezkagarriak diren bidegurutzeetan egiten dute topo. Klima militarizatu da. Kataluniako Centre Delàs d'Estudis per la Pau-ren ikerketa batek datu interesgarri eta argi asko eman ditu interakzio hori hobeto ulertzeko.

Bangladesheko Armadaren arma erakustaldia herrialdearen independentziaren 50. urteurrenean. (Noah SEELAM / AFP)
Bangladesheko Armadaren arma erakustaldia herrialdearen independentziaren 50. urteurrenean. (Noah SEELAM / AFP)

Klima larrialdiaren aurkako mugimenduak gurutzatuak dira, askotarikoak, arazoaren enborrak korapilatuta dauzkan sustrai piloagatik. Klimaren gaiztotzea ezin daiteke pobreziatik bereizi, edo osasun publikotik, migrazio oldeetatik, finean, kapitalismotik. Korapilatuak daude sustraiak eta baita soluzioak ere. Lotura horien artean bada sarritan ahaztuta geratzen den haria: militarismoarena. Zaila egiten baita militarismoak klima nola gaiztotzen duen eta klimaren gaiztotzeak militarismoa nola indartzen duen ulertzea. Ez dago datu eta literatura zientifiko askorik.

Kataluniako Centre Delàs d'Estudis per la Pau-k argitaratu duen txosten mardul batek korapilo horiek aztertu ditu, iturri eta metodologia ezberdinak erabiliz, diagnostiko bat egin eta soluzio batzuk proposatuz. Aztertu du armadek nola babesten dituzten petrolio konpainia erraldoien interesak, nola ez dagoen munduan AEBetako armada baino petrolio kontsumitzaile handiagoa den instituziorik. Gastu publikoa nola monopolizatzen duten eta klima larrialdiari aurre egiteko zenbat beharko litzatekeen kalkulatu dute. Gerra eta operazio militar askok ingurugiroan utzi duten ondare toxikoa edo gerraren biktima ezkutuak nola izan ohi diren ekosistemak.

Kapitalismoak sistema ekonomiko gisa agintzen duen bitartean aldaketa klimatikoa saihetsezina eta planetaren kolapsoa konponezina izango delako tesia bere eginda, sistemak irauteko eta hazteko behar duen makineria militarra aztertu dute. Makineria horren aztarna itzela krisi klimatikoan eta aurrera begira indar militarraren erabilera nola lehenetsi den krisi horrek sortu eta sortuko dituen gatazken aurrean. Hor dago, baina, ironia hilgarria: izan al daiteke kausaren ezinbesteko parte eta soluzioaren parte aldi berean?

Larrialdi klimatikoaren inpaktuak gutxitzeko eta trantsizio ekologikoaren aldeko proposamenek ezinbestean desarmea eta gastu militar globalaren gutxitzea eskatzen dutela defendatzen dute, indarraren erabileran oinarritzen den segurtasun militarizatutik giza segurtasunaren paradigma berri batera jauzi egitea. Lurra giza sistema bat eta bakar hartuta, ingurugiroaren bakea helburu.

Marko militarizatua

Datuak gordinak eta mastekaezinak dira. Petrolioa da AEBetako armadaren, inoiz ezagutu den gerra makineria handienaren, bizkarrezurra. Militarismoa da munduan petrolio gehien kontsumitzen duen jarduera, gasolinaren egarri dauden tanke, ontzi eta hegazkin militarrak aseezinak dira. Eskalaren neurriaren jabe egiteko aski da datu sinpleok gogoratzea: M-1 Abrams tanke batek 1.000 litro gasolina orduko behar ditu, Phantom gerra hegazkinak 55.000 litro gasolina orduko abiadura supersonikoan, B-52 bonbaketariak 1.900 litro 10 minutuero. Munduan hegazkinetarako ekoizten den erregai guztiaren heren bat AEBetako armadak kontsumitzen du. 2003. urteko Irakeko gerran, adibidez, hiru astetan AEBetako armadak 151 milioi litro gasolina behar izan zituela kalkulatu da, Lehen Mundu Gerra guztian kontsumitu zena baino gehiago. Munduko armada denak batu eta atmosferara jaurtitzen duten CO2a, globalki jaurtitzen den guztiaren %6 da.  

Beste datu argigarri bat: atzera bueltarik gabeko hondamendi naturalak gertatzetik gertuen dauden munduko lehen hamaika herrialdeak –Somalia, Afrika Erdiko Errepublika, Hegoaldeko Sudan, Afganistan, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Txad, Yemen, Niger, Burundi, Kamerun eta Burkina Faso–, denak daude gerra betean edo gatazka armatu handiak dauzkate, denak. Gainera, krisi klimatikoetatik ihesi doazenen –2050. urterako 200 milioi baino gehiago izango direla pentsatzen da– bide migratorioak militarizatutako hormek ixtea onetsi den estrategia da.

Klimaren beroketaren hondamendia eta bere ondorioen aitorpena, soluzioak behar duen erantzun sendoa ematea, gero eta gehiagotan, «segurtasun nazionalerako mehatxu» bati erantzutea bezala ulertzen da. Armadaren estrategentzat, aldaketa klimatikoak esanahi bat dauka: arriskuen hauspoa eta mehatxuen biderkatzailea izatea. Irakurtzen denez, batzuetan hori ez dago gaizki, horrela politikariek arazoa aitortu eta erantzunak emateko bidea azkartuko omen dutelako.

Baina, egiazki, marko militarizatu batek erantzun militarrak ematera bultzatzen du, militarismoa berdez eta ekologiaren lagunez mozorrotzen bada ere. Erronka bestelakoa da: estatuaren segurtasun krisia baino emergentzia planetarioa dela barneratzea, ikuspegi militarizatu batetik harago kooperazio global baten espiritua jorratzea. Elkartasuna segurtasunaren aurretik jarriz, bizirik jarraitzeko benetako segurtasuna elkarren eta ingurugiroaren zaintzatik etorriko dela barneratuta.  

Antimilitarismoa klimaren alde

Centre Delàs d'Estudis per la Pau-k argitaratutako datuak eta kalkuluak argiak dira gero, mingarriak. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko herrialde zaurgarrienak prestatzeko, klima deskontrolatu baten inpaktuak (itsasoaren mailaren igoera, muturreko meteorologia, uholdeak, pandemiak, lehorteak) arintzeko, aski litzateke 0,18 bilioi dolar urtero bideratzea, hots, gastu militar osoaren %10. Gastuaren jaitsiera minimo bat aski litzateke programa indartsuak martxan jartzeko.

Justizia sozialik gabe epe luzeko segurtasuna kimera bat den bezala, klimaren eraldaketa testuinguru batean segurtasuna ezinezkoa da justizia klimatikorik gabe. Pertsonen segurtasuna jarri behar da erdigunean, estatuen segurtasunaren zentralitatean oinarritzen den ideia tradizional horren alternatiba gisa, mehatxu eta estrategia militarra baino harago joanez.

Gizateriak planetan daukan sabai ekologikoa gainditu du muga eta pertsonen duintasunez ezer gutxi ulertu eta ulertu nahi ez duen egungo sistema kapitalista eta militaristak. Zientzialarien deiei muzin eginda, sabai hori puskatzeak suposatzen duenari arrotz, mito bera adoratzen jarraitzen du: mugagabeko hazkundea. Militarki defendatu behar den hazkundea da, beso armatu baten esku jarriz, negozio  militar-industrialari handitzeko bazka emanez. Gastu militarrarentzat ona da  berotegi efektuko gas gehien sortzen dituen jarduerari trabak kentzea, baliabide naturalen harrapaketan segitu ahal izateko. Hegoalde Globalean gerrak piztuta nahi dituen piromanoa da sistema hori.

Oraingo problema handiek –denak globalak direnak, desertifikazioak, baliabideen eskasiak, injustiziak, desberdinkeriak...: beste ikuspegi bat eskatzen dute. Segurtasunaren diskurtsoa, gizateriaren eta planetaren segurtasuna, ezin da gaurko imajinario geopolitiko eta ekonomikoaren menpeko bilakatu. Elite zehatz batzuen interesen defentsa ezin da helburu garrantzitsuena izan. Bestela, akabo. Epe luzeko segurtasunik ez dago justizia globalik gabe, larrialdi klimatiko betean, ez dago klima militarizatzen duen alternatibarik. Klimaren aldeko borroka, borroka ezberdinen elkargunea behar duelako, antimilitarista izango da edo ez da izango.