Asier Aiestaran

Iñaki Artola osatu da eta larunbatean itzuliko da Binakako Txapelketara Labriten

«Badakit hasteko partida gogorra daukagula, baina azken entrenamenduetako sentsazioak onak dira, beldurrik gabe aterako naiz kantxara, gogoz gainezka», adierazi du alegiarrak Peña eta Albisuren aurkako neurketa heltzeko ilusioz.

Artolak urtarrilaren 10ean hartu zuen min Bilbon (Aritz LOIOLA / FOKU)
Artolak urtarrilaren 10ean hartu zuen min Bilbon (Aritz LOIOLA / FOKU)

Iñaki Artola datorren larunbatean itzuliko da Binakako Txapelketara. Alegiako aurrelariak bigarren jardunaldian hartu zuen min, urtarrilaren 10ean Bilbon Urrutikoetxea eta Imazen aurka jokatutako partidan. Zehazki, eskuin izterrean zuntz haustura bat izan zuen gipuzkoarrak eta denbora dezente behar izan du osatzeko. Hamargarren jardunaldian itzuliko da azkenean, ia bi hilabete jokatu gabe egon ostean, eta larunbatean Labriten jokatuko du Arangurenekin Peña II.a eta Albisuren aurka.

«Luze samarra egin zait egonaldia. Hasteko gogo handiarekin nago. Badakit hasteko partida gogorra daukagula, baina azken entrenamenduetako sentsazioak onak dira, beldurrik gabe aterako naiz kantxara, gogoz gainezka. Ea lanak emateko gai garen eta, zergatik ez, irabazteko ere bai», aitortu du Artolak Baikok sare sozialetan zabaldutako adierazpenetan.

Bikotearen egoera ez da batere ona sailkapenean. Artolak jokatu zituen bi partidak galdu egin zituen –bigarrenean min hartu zuen– eta ondoren Oinatz Bengoetxea izan da bere lekua hartu duena. Leitzakoak zazpi neurketa jokatu ditu eta bi garaipen eskuratu, bigarren juxtu aurreko asteburuan Markinan. Kanporaketak jokatzeko txartela ematen duen seigarren postua, ordea, puntu bakarrera daukate eta horren bila joango dira geratzen diren bost partidetan.