NAIZ

Osakidetzaren itxaron zerrenda kirurgikoa 64 egunera igo da pandemiaren ondorioz

Osakidetzako itxaron zerrenda kirurgikoa 49 egunetik 64ra igo da pandemiaren ostean EAEko Osasun Zerbitzuaren arabera. Ospitaleek covid-19a izan duten 14.702 pertsona artatu dituzte plantan azken urtean eta 1.214 pertsona igaro dira Osakidetzako Zainketa Intentsiboetako Unitateetatik.

Rosa Perez Escudero, erdian, Gasteizko parlamentuko Osasun Batzordean. (twitter @PVasco_EuskoL)
Rosa Perez Escudero, erdian, Gasteizko parlamentuko Osasun Batzordean. (twitter @PVasco_EuskoL)

Osakidetzako ebakuntza kirurgikoetarako itxaron zerrendak 64 eguneko atzerapena du batez beste, covid-19ko pandemia hasi aurretik baino 15 egun gehiago, Rosa Perez Escudero Osakidetzako zuzendari nagusiak Gasteizko parlamentuko Osasun Batzordean asteazken honetan jakitera eman duenez.

Perez Escuderok esan du EAEko osasun sistema «sendoa» dela eta birusaren «oldarrari» eusten jakin duela. Jakinarazi duenez, Osakidetzako ospitaleek covid-19a izan duten 14.702 pertsona artatu dituzte plantan, 9,62 eguneko batez besteko egonaldiarekin. Halaber, 1.214 pertsona igaro dira Osakidetzako Zainketa Intentsiboetako Unitateetatik.

Bestalde, Lehen Mailako Arreta Zerbitzuek telefono bidezko 221.000 kontsulta eta aurrez aurreko 270.000 kontsulta artatu dituzte; laborategien sareak, berriz, 2,3 milioi proba aztertu ditu, eta horien bidez 148.000 positibo identifikatu dira koronabirusean.

Osakidetzako zuzendari nagusiak azaldu duenez, ebakuntza bat egiteko itxaron-zerrendak 64 eguneko atzerapena du. Hala ere, pandemian zehar askoz altuagoa izatera iritsi da. Abenduan 90 egunetara iritsi zen.

Helburuak

Osakidetzak datozen urteetarako dituen helburuei dagokienez, zuzendari nagusiak azaldu du sistema «publiko eta unibertsala» finkatu nahi dutela, eta aurten 3.216 milioi euroko inbertsioa egingo dutela horretarako, 2020an baino %7,2 gehiago.

Gainera, osasun azpiegiturak «modernizatu eta eguneratu» egingo dituztela azaldu du, eta 70 milioi euro bideratuko dituztela helburu horretara. Bestalde, Osakidetzak farmazia soziosanitarioko unitateei medikamentuak modu zentralizatuan hornitzeko baliabideak emango dizkie, dosi pertsonalizatuen sistema baten bidez.

Perez Escuderok azaldu duenez, Osakidetzaren beste helburuetako bat «zerbitzu publikoa eta pribatua elkarrekin biziko diren osasun sistema bat lortzea» da.

Zuzendari nagusiak ziurtatu duenez, 2020tik 2021era 196 lanpostu jarriko dituzte Lehen Mailako Arretan, eta zuzendariordetza berri bat sortuko dute arlo horretan.

Gainera, kontsulta telematikoen programa pilotu bat martxan jartzea espero du Perez Escuderok, Zoom edo antzeko plataformaren baten bidez.