Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

«Akatsak» onartu bai, baina dimisioa ekar lezakeen «gezurra» ukatu egin du Sturgeonek

Alex Salmonden aurka eskoziar Gobernuak abiatu zuen ikerketan «akats larriak» izan zirela onartu du Nicola Sturgeon ministro nagusiak. Prozesu horretan Ministro Kodea hautsi izana ukatu du. Ikerketa batzordeak datozen asteetan jakinaraziko du epaia eta ea Sturgeonek dimisioa eman behar duen.

Sturgeonek gaur deklaratu du Edinburgoko Parlamentuan, Alex Salmonden aurkako ikerketaren harira. (Jeff J. MITCHELL / AFP)
Sturgeonek gaur deklaratu du Edinburgoko Parlamentuan, Alex Salmonden aurkako ikerketaren harira. (Jeff J. MITCHELL / AFP)

Nicola Sturgeonek barkamena eskatu du Alex Salmonden aurka jarritako salaketetan eskoziar Gobernuak egindako «akats larriengatik», izan ere, Gobernuaren bi langilek egindako salaketetatik absolbitu egin zuten lehen ministro ohia eta Gobernuak berak 550.000 libera ordaindu behar izan zizkion. «Benetan sentitzen dut», adierazi du premier eskoziarrak.

Baina gezurra esan izana ukatu egin du. Bart, Sturgeonen agerraldiaren aurretik, Salmondek kexak kudeatzeko sistemaren aurka egindako helegitea aurkeztu zuenean jasotako iritzi legalak islatzen dituzten dokumentuak argitaratzea onartu zuen Gobernuak.

Testu horiek iradokitzen dutenez, egungo buruzagi independentistak aurrera jarraitu zuen legezko prozedurarekin, nahiz eta abokatuek ohartarazi zioten arrakastarako aukera gutxi zituela. «Gobernuak azterketa judizialean arrakasta izateko zuen probabilitatea denborarekin okertu egin zen», argudiatu du. Salmondek lege-aholkularitza horri eusten dio, Sturgeonen Exekutiboak bere karrera politikoarekin amaitzeko jazarri zuela argudiatzeko, nahiz eta jakin auzitegiek seguruenik absolbitu egingo zutela. «Gezurtatu egin behar dut edonork maltzurkeriaz edo konplot baten parte gisa jokatu izanaren iradokizun zentzugabea», erantzun du Sturgeonek.

Eskoziako Ministerio Kodearen arabera, ministroek «modu egokian aholkatuta egon behar dute, erabaki garrantzitsuetan dituzten erantzukizun legalak kontuan hartuta». Erregelamendu beraren arabera, ministroek bilerak erregistratzen ez badituzte, hala nola jakinaren gainean informazio okerra eman dutela frogatzen bada, dimisioa eman behar dute. Bi arau hauek hautsi izana leporatzen diote SNP-ko buruari.

Zentzu horretan, lehen ministroak bere aurrekoarekin bilera 2018ko apirilaren 2an egin zuela berretsi du eta horren aurretik ez zuela Salmonden aurkako salaketen berri. Bilera hau da Sturgeonek Gobernuaren agendan erregistratu ez zuena, alderdi bilera zela argudiatuz. Joan den astean, Salmondek «barregarritzat» jo zuen hau eta bart, SNPko bi pertsona esanguratsuk, Kevin Pringle, alderdiko estratega ohiak, eta Duncan Hamilton, abokatu eta parlamentari ohiak, premierrak gaia aldez aurretik ezagutzen zuela esan zioten batzordeari.

Honela azaldu du, baina, Sturgeonek. «Etxera iritsi nintzenean, pribatuan hitz egiteko eskatu zidan, Geoff Aberdein eta Duncan Hamilton pertsonal-buru ohiarengandik eta nire pertsonal-buruarengandik urrun. Hori alferrikakoa irudituko litzaiguke, gu guztiok jakinaren gainean bageunde. Gero Idazkari Iraunkorrarengandik jasotako gutun bat irakurtzeko eskatu zidan. Gutun horren arabera, bi pertsonak sexu-jazarpenagatiko salaketak aurkeztu zituzten beren aurka».

Salmondek «jokabide txarra» izan zuela onartu omen zion

Sturgeonek azaldu duenez, Alex Salmondek salaketa horiek konpontzeko bitartekari lana egiteko eskatu zion eta «haserretu» egin zen uko egin zionean. «Uko egin nion eredu zaharrari jarraitzeari, hots, gizon boteretsu bati bere estatusa eta boterea nahi duena lortzeko erabiltzen uzteari».

Zentzu horretan, Salmondek jokabide horiek aitortu zizkiola adierazi du. «Epaimahaiak absolbitu zuen jokabide kriminalagatik. Baina badakit, berak esana, bere jokabidea ez zela beti ona izan. Hala ere, sei orduko deklarazioan, ez zen damu hitz bakar bat egon», leporatu dio.

«Hau da gertatu zena, eta sinplea da: hainbat emakumek kexa larriak aurkeztu zituzten Alex Salmonden jokabidearen inguruan. Gobernua, egin zuen akatsa gorabehera, zuzena egiten saiatu zen», defendatu du Sturgeonek.

Ikerketa batzordeak eta ikerketa independenteak datozen asteetan jakinaraziko dute Eskoziako ministro nagusiak Ministerio Kode hori urratu ote zuen eta, horregatik, dimisioa eman beharko lukeen.