Maitane Aldanondo
Elkarrizketa
Nekane Berriotxoa
ONEKA, EMAKUME PENTSIODUNEN PLATAFORMA

«Emakume helduak ikusezinak gara»

Nekane Berriotxoa (Urretxu, 1949) irakasle izan zen urtetan Zumarragan, lehenik, eta Villabonan, ondoren. 2018tik pentsiodunen mugimenduan dabiltzan hainbat emakumek sortutako Oneka plataformako kide da. Bazterrean gelditu ohi diren emakumeen berezko aldarrikapenak erdigunean jarri nahi dituzte.

Nekane Berriotxoa.
Nekane Berriotxoa.

Zergatik erabaki zenuten emakume pentsiodunen talde bat osatzea?
Talde mistoetan, beti bezala, emakumeen gaiak albo batera gelditzen dira, ahaztu egiten zaizkie, ohituragatik edo. Beraienean dabiltza eta esan behar diezu: ‘Aizue, hemen gaude’. Emakume helduak ikusezinak gara. Horregatik talde bat egitea erabaki genuen gai horiek lantzeko, salatzeko, erakundeekin harremana izan eta presionatzeko. Hor gabiltza.

Nola hasi zineten?
Nafarroa, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeak batu eta talde txiki bat sortu genuen; Arabakoak gerora sartu ziren. Guztira 250-300 gara. Emakunden aurkezpena egin genuenean konturatu ginen gai hau landu gabe zegoela. Herrietan aurkezpenak egiten ditugu –nahiz eta pandemiarekin orain eten egin diren– Oneka zer den eta gure arazoa azaltzeko. Inguruan jendea badugu, uneren batean laguntzeko prest dagoena, baina zaila egiten zaigu adineko emakumeek lanerako konpromisoa hartzea.

Zein da emakume pentsiodunen egoera?
Emakume askok etengabeko oztopoak gainditu behar izan dituzte lanpostu duin bat lortzeko, aldi berean familiako lanak egin dituztelako: aldi baterako lanaldiak, kontratu partzialak, soldata prekarioak... Askotan beraien soldata diru sarrera osagarri bihurtu da. Ezkondu ondoren asko etxean geratu dira, nahiz eta enpresa batean lanean aritu, garai haietan, dotea zela-eta oztopo pila bat jartzen zizkietelako. Gauza bat dela bestea dela, kotizazioak oso baxuak izan dituzte eta honek guztiak sortu du pentsioen genero arrakala. Batez beste, emakumeen pentsioak gizonezkoenak baino %37 baxuagoak dira.

Gutxienez, 1.080 euroko pentsioa nahi duzue emakume guztiontzat.
Emakumeon %72,16k 1.000 euro baino gutxiagoko pentsioa du. 600-700 euro artean dauden autonomoak, alargunak, garbitzaileak, nekazariak... Bizitzeko gutxieneko bat behar duzu, 1.080 eurokoa ez zaigu guri bururatu; Europako Gutun Sozialaren irizpideetatik hartu dugu. Gainera, pentsa noiztik gabiltzan kopuru horrekin, bitartean bizitza garestitzen joan da...

Alarguntza pentsioa %100 izatea ere eskatzen duzue.
Ezin da justifikatu ia erdira murriztea, etxe bateko gastu asko antzekoak dira bizikide bat edo bi daudenean. Bermatu egin beharko litzateke, batez ere, alarguna pentsio bakarraren titularra denean eta zenbatekoa gutxieneko soldataren berdina edo txikiagoa bada. Horrela gaindituko genuke urtetan egin den injustizia, bereziki, kotizatu ezin izan duten emakumeekin. Onartuko litzateke hildakoaren pentsioarekin zerikusi zuzena duela, etxeko lanetan aritu izan delako. Aldarrikatzen dugu ere alarguntza pentsioa kalkulatzeko oinarria %60tik 100era igotzea eta jasotzeko bete beharreko baldintzak berraztertzea; batzuk onartezinak dira. %52tik 60ra igo zuten, baina baldintza pila bat jarrita. Gainera, baremoak direla eta, kopuru batetik pasata ezarritako deskontuekin, lehen baino gutxiago jasotzen dute batzuek.

Ekonomikoaz gain, zeintzuk dira zuen beste lan alorrak?
Bakardadea ere badago, alargun edo banatutakoen kasuan; oso arazo larria da. Horrez gain, indarkeria, ingurukoa eta familiakoa. Beharbada ez da fisikoa, oso sotila izan daiteke. Erresignazioan hezi gintuzten eta gure gain hartzen ditugu gureak ez diren erantzukizun asko.

Zeri buruz ari zara?
Daturik ez dugu, baina uste dugu badela seme-alaben aldetik presio bat, zaintzarekin, adibidez. Bilobak zaindu, bazkaltzen eman... pendiente egon. Iruditzen zait ez dela gure eginkizuna. Kasu batzuetan benetako indarkeria ere bada. Gurasoen etxera bueltatzen diren semeak, banatu direlako edo, eta amaren kontra askatzen dute beraien frustrazioa. Mespretxuak, infantilizazioa... Hori azaltzea oso zaila da, normalean, lagun bati kontatzen diozu... Ezkutuan dago eta nolabait azaleratu egin behar da. Instituzioek ere ez dute ezertarako gurekin kontatzen, ez gara existitzen.

Urrian bertan behera utzitako Emakumeen Foroan gai hori landu behar zenuten...
Hitzaldi-bileretan ateratzen den gaia da eta jabetze eskolarekin lantzen dugu. Aguantatu duen belaunaldi bat izan gara; «gurutze hori tokatu zaizu...» Onartu egin dugu. Entzunda batzuetan konturatzen zara, gehiago bultzatu behar dugu kontziente izateko. Foroa maiatzean egin nahi dugu, baina egoera ikusita, agian, online izango da edo atzeratu egingo dugu.

Covid-19ak nola eragin dizue?
Moldatzen gara bilerak-eta online egiteko, baina harremanak eten ditu; ez da gauza bera aurrez aurre edo horrela. Ez dugu arazo berririk atzeman, baina indarkeria eta bakardadea oso nabarmenak direla uste dut. Badirudi ondoan zer dugun jakin gabe bizi garela.

Zer egin beharko lukete erakundeek?
Herriko errealitatea ezagutu. Gauza horiek ezkutuan bizi dira; inork ez die esango zein egoera ekonomiko duen edo indarkeria pairatzen duenik. Oso zaila da hori detektatzea. Pentsioei dagokienez, finantzaketa osatu beharko litzateke aurrekontu orokor eta autonomikoen diru partidekin. Egia da ez dela Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza, baina badauzka bitartekoak hori aurrera eramateko. Ziur gaude dirua badagoela, baina bakoitzak baloratzen du zer egin, eta ez gaude batere ados egiten ari direnarekin.

Kalean gutxiago egoteak presio indarra kendu al dizue?
Baietz uste dut, baina animoa badugu eta otsailean egindako manifestazioetan 12.000 pertsona mobilizatu ginen. Nahi duzun baino gutxiago beti... Beldurra nabari dugu eta zenbait atzean gelditu direla. Hiru urte daramatzagu eta luze egiten da. Toledoko Itunarekin gauza handirik ez dugu lortuko, Europatik tiraka ari direlako eta Europak guk baino pisu handiagoa du.

Beste talde batzuekin harremana duzue. Martxoaren 8rako zer prestatu duzue?
Astelehena denez, elkarretaratzea dugu; eta Tolosan zerbait berezia egingo dugu. Zortzi emakumek feministen esaldi batzuk irakurriko dituzte eta Amaia Agirrek egin dizkigun bertsoak kantatuko ditugu. Gero, manifestazioan parte hartuko dugu.