Jon Ormazabal

Finalen erreferentzia ia bakarra bihurtuta heldu da Bizkaia frontoia hamargarren urteurrenera

Lorea Bilbao, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eskainitako datuen arabera, pilota profesionaleko 713 jaialdi, 317 ekitaldi eta 270.000 lagun baino gehiago gerturatu dira Miribillako instalakuntzetara hamarkada honetan.

Lorea Bilbao eta martxoaren 19ko jaialdian parte hartuko duten zenbait pilotari. (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA)
Lorea Bilbao eta martxoaren 19ko jaialdian parte hartuko duten zenbait pilotari. (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA)

Urte luzez profesionalen partidak jasoko zituen pilotaleku «industrial» bat gabe, gaurko egunez, duela hamar urte, ireki zituen ateak lehendabizikoz Bilboko Bizkaia pilotalekuak Miribilla auzoan. 14 egun geroago, martxoaren 19an jokatu zen bertan lehen esku pilota profesionaleko jaialdia eta Olaizola II.a-Begino / Martinez de Irujo-Merino II.a izan ziren lehen estelarra jokatu zuten pilotariak. Efemeride horren harira, hamarkada honetako balantzea aurkeztu du Lorea Bilbao, Bizkaiko Euskara, Kultura, eta Kirol diputatuak, instalazioak kudeatzen dituen Custom Sport, Aldi Baterako Enpresa-Elkartearen kudeatzailea den Joserra Garairekin batera.

«Balantzea oso ona da. Ikusi dugu erakundeek krisi ekonomikoaren erdian egin dituzten ahaleginak guztiz zentzuzkoak izan direla. Hasieran denok onartu genuen instalazio berria ederra eta ikusgarria zela; baina hamar urte honetako ibilbideak egiaztatu diguna da hasiera hartan jarri ziren helburuak bete-betean bete direla. Euskal pilota eta orokorrean kirola bultzatzea eta biziberritzea zelan ez, baina baita be Bizkaiko Kirol federakuntzei beren jardueretan laguntzea, inguruko jarduera ekonomikoa sustatzea, eta aberastasuna eta ongizatea sortzen laguntzea», azaldu du diputatuak.

Baieztapen horiek indartzeko, azken hamarkada honetan Miribilako instalakuntzek izandako jardueraren berri eman du Lorea Bilbaok. Hala, EPELek antolatutako 176 jaialdi jokatu dira bertan, guztira 442 partida. Aldi berean, Deportivo historikoaren erreleboa hartu eta pala profesionalaren gotorleku ere bilakatu da Bizkaia pilotalekua, Innpala enpresarekin sinatutako akordioari esker. Guztira palako 525 jaialdi antolatu dira bertan.

Emakumezkoen esku pilotak ere izan du tokirik Bizkaia Pilotalekuan, bertan esku pilotako Bizkaia Txapelketaren hiru edizio jokatu baitira eta beste hainbeste Paletaz. Diputazioak eskainitako datuen arabera, urte hauetan guztietan zehar 270.000 lagun baino gehiago izan dira frontoian, horietatik 230.000 inguru euskal pilotaren ikusleak.

Trinketean izandako txapelketez eta entrenamenduez harago –enpresa profesionaletako pilotariez harago Bizkaiko Pilota Federazioak ere saioak antolatazen ditu bertan–, beste kirol jarduera batzuek ere izan dute tokirik Bizkaia Piotalekuan: herri kirolak, boxeoa, karatea, taekwondoa, gimnasia, judoa, padela... denera beste 198 kirol ekitaldi izan dira bertan.

Eraikinean bertan kokatzen da ere Kiroletxea, herrialdeko 41 federakuntzek, ASFEDEBIk eta KITEB (Kirol-Teknikarien Bizkaia Eskolak) bertan dute egoitza.

Finaletarako eraikina

Gogoan izan behar da eraikinak ia bi urteko atzerapena izan zuen eraikuntzan eta azkenerako 24 millioi inguruko kostua izan zuela eta dena ez dela urre kolorekoa izan, lehen urteetan ur iragazpenekin arazoak izan zirelako eta batez ere, eraiki eta sei urtera beste bi miloi euro behar izan zirela eraikinaren fatxada aldatzeko, pusketaren bat lurrera erori eta gero.

Halako eraikin handian, pilotaren hotsarekin ere izan dira zenbait gora-behera, baina Bizkaia pilotalekuari inork ukatu ezin diona da, Bizkaiko Foru Aldundiak EPEekin sinatutako hitzarmenari eta bere 3000 eserlekuei esker –Euskal Herriko handiena Nafarroa Arenarekin batera– gaur egungo esku pilota profesionaleko finalen erreferentzia ia bakarra dela. Azken hamarkadan izandako 30 final handietatik 24 Bilbo jokatu dira (Binakakoaren hamarrak, Buruz Buruko 9 eta Lau eta Erdiko 5), Atano III.a edota Ogeta historikoen kalterako. Egun horietan ia beti bete izan dira eserleku guztiak, baina oso bestelakoa eguneroko jarduna, jaialdi arruntetan, baita Aste Nagusiko udako torneoan ere, asko kostatzen baita jendea Miribillara erakartzea.

Pilota festa urteurrenerako

Gaur egungo osasun egoerarekin ezinezkoa da, momentuz, pilota partidak ikustera inor gerturatzea, baina hamargarren urteurren honetarako pilota festa bat antolatu dute martxoaren 19rako. Modalitate desberdineko zazpi partida jokatuko dira frontoian eta beste lau trinketean, goizeko 9.00etatik arratsaldeko 20.00ak arte gutxi gora behera, tartean eskuzko Binakakoaren Elezkano II.a-Zabaleta / Peña II.a- Albisu erakargarria. Partidak Bizkaia Frontoiko Facebookean eta ETBn ikusi ahal izango dira.