Ramon Sola

Galiziako espetxeak husteko bidean, bost lekualdatze gehiago iragarri ostean

Bost preso lekualdatuko dituela jakinarazi du Espetxe Zuzendaritzak, horietatik hiru Euskal Herrira ekarriz. Gorka Martinez Ahedo mugituko dutenean ez da A Laman euskal presorik geldituko, eta Galizia osoan bat bakarra.

Presoen aldeko ekimena abenduan, euskal presoen alde. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Presoen aldeko ekimena abenduan, euskal presoen alde. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gobernu espainoleko Espetxe Zuzendaritzak bost lekualdatze gehiago iragarri ditu ostiral honetan, eta komunikazio horretatik bi albiste nabarmendu daitezke: batetik, bost mugimendu horietatik hiru Euskalherriratzeak direla, eta bestetik neurria gauzatzen denean Pontevedrako A Laman ez dela euskal presorik geldituko, eta Galiziako espetxe guztien artean bat bakarra baino ez.

Aurreko ostiralean A Laman ziren hiru presoetatik bi hortik aterako dituztela iragarri zuten. Honetan Gorka Martinez Ahedo ere lekualdatuko dutela, Kantabriako El Duesora hain zuzen ere, jakinarazi dute. Gauzak honela, Galizian geldituko den bakarra Gregorio Eskudero izango da, Teixeiron dagoena.

Datu adierazgarri batzuk emateagatik, 2017ko urtarrilean (EPPKren ekimena abiatu aurretik beraz) 23 ziren Galiziako espetxeetan ziren euskal presoak. Eta 2011. urtean, aldiz, 42.

Hiru Euskal Herrira

Hiru preso gehiago Euskal Herrira ekarriko dituztela iragarri du Espetxe Zuzendaritzak: Mikel San Argimiro (aurretik jada lekualdatua izan zena), Soriatik Martutenera; Aitor Esnaola, Soriatik Martutenera ere; eta Asier Karrera, Palentziako Dueñasetik Zaballara.

Bostgarren lekualdatzea Josu Ordoñezena da. Kasu honetan Puertotik atera eta Salamancako Topasera ekarriko dutela jakinarazi dute.

Bost preso hauek bigarren graduan egongo dira aurrerantzean, erantsi du Espetxe Zuzendaritzak.