Oihane Irazu
Elkarrizketa
Mireia Ruiz Rueda
Garraio eta Logistika zikloko eta Elektronika-Ingeniaritza graduko ikaslea

«Goi mailako praktiketan ohartu nintzen nire benetako bokazioaz»

Mireiak goi mailako Garraio eta Logistika zikloa ikasi zuen Zabalburu ikastetxean, eta hor ezagutu zuen bere benetako bokazioa. Horrek bultzatuta, Ingeniaritza Elektronikoko gradua ikasten hasi da EHUn.

Mireia Ruiz Rueda
Mireia Ruiz Rueda

Mireiak goi mailako Garraio eta Logistika zikloa ikasi zuen Zabalburu ikastetxean, eta hor ezagutu zuen bere benetako bokazioa. Horrek bultzatuta, Ingeniaritza Elektronikoko gradua ikasten hasi da EHUn.

Batxilergoa amaitu ostean, goi-mailako Garraio eta Logistika zikloa ikastea erabaki zenuen, gradu maskulinizatu bat, kontuan hartuta mutil gehiago zeudela ikasgelan. Nola hartu zenuen erabakia?

Nik ez dut inoiz pentsatu mutilez beteta dagoen ikasgela batean nire lekua izango ez nuenik, baina egia da, lehenengo egunean, ikastetxera heldu bezain laster, mutil pila bat ikustea eta neska gutxi, hausnartzeko zeozer zela pentsatu nuen. Baina zortea daukat, nire izaera oso irekia delako. Hala ere, egia da 25 ikasletik 7-8 soilik ginela neskak. Nola hartu nuen erabakia? Oraindik ez dakit, batxilergotik atera nintzen eta goi mailako zikloak begiratzen nituen bitartean, aukera hau ikusi nuen.

Ziklo honek erakusten du maskulinizatuta dagoela, hau da, nesken arreta handirik ez duela erakartzen...

Bai. Baina bueno, orain dela hiru urte sortutako gradua zen, eta orduan pentsatu nuen mundu profesionalean irteerak asko izango zirela, lanpostu berriak sortzen direlako, eta horrek animatu ninduen. Azken finean, horrek emango zidan lan munduan sartzeko aukera. Baina bai, neska gutxi ginen. Hala ere, esan dizudan moduan, giro ederra zegoen ikasgelan.

Industria mundua ezagutzeko deia egingo zenieke batxilergoan dauden ikasleei?

Bai. Eta goi mailako zikloak ikastera animatzen ditut ikasleak. Orain, unibertsitateko lehenengo urtean, eta goi mailako zikloan ikasita, konturatzen naiz ikaskide batzuk baino ezagutza gehiago ditudala. Gainera, goi mailako praktiketan ohartu nintzen zein zen nire benetako bokazioa; elektronika eta robotika. Horrek bultzatu ninduen EHUko gradu bat ikastera. Eta berriro ikusi dut ingeniaritza mundua maskulinizatuta dagoela; nire gelan lau neska gara 30 ikasletik.