NAIZ
Elkarrizketa

«Krisi honen erantzunean genero ikuspegia txertatu behar da»

Martxoaren 8a iristear dela, NAIZ Irratian elkarrizketatu zuten atzo Izaskun Landaida (Ugao, 1969) Emakundeko zuzendaria. Covid-19ak eragindako pandemia garaiotan emakumeak bizi duen egoeraren gakoak aztertu zituen bertan.

Izaskun Landaida. (Gorka RUBIO/FOKU)
Izaskun Landaida. (Gorka RUBIO/FOKU)

Aurtengo Martxoaren 8a oso testuinguru berezian iritsi da. Nola eragin du egungo egoera honek emakumeen egoeran?

Dimentsio anitzeko krisi baten aurrean gaude eta inpaktu ezberdina du gizonengan eta emakumeengan. Horregatik esaten dugu erantzunean genero ikuspegia txertatu behar dela. Horrela esaten du Nazio Batuen Erakundeak, Europar Batasunak... Lan bat egin dugu covid-19ak berdintasunean zer nolako inpaktua duen jakiteko. Hainbat dimentsio aztertzen dira, baina nik, alde batetik, zainketak azpimarratuko ditut, funtsezkoak pandemiari aurre egiteko, eta gehienak emakumeek egiten dituzte, lanbide eremuan eta esparru ez profesionalean. Gero kontuan hartu behar dugu emakumeak lan merkatuko desberdintasun egoera batetik abiatzen direla. Emakumeen aurkako indarkeria ere hor dago, egoera honetan zailagoa izan dena kudeatzeko eta salatzeko ere. Ondorio latzenak jasaten dituztenak egoera zaurgarrietan daudenak dira, eta emakumeak bereziki kaltetuak izaten dira.

Martxoaren 8 hau bideratu duzue zaintza lan horiek ikusaraztera. Kezka berezia eragiten dizue arlo horrek?

Zaintzarik gabe gizarte honek ezin du aurrera egin. Baina argi ikusi da zaintza lanak ezkutuan daudela, funtsezkoak izan arren. Gainera, zaintzaren ardura emakumeen eskuetan dago, eta uste genuen egoera honek eskatzen duela zaintzaren inguruan hausnarketa sakon bat egitea. Horregatik, kanpainaren lema galdera bat da: «Nork zaintzen du?». Bakoitzak erantzun beharreko galdera da, hausnartzeko, argi ikusteko baloratu behar direla lan hauek, ikusarazi, banatu, gizon eta emakumeen artean, erakundeen eta gizarte osoaren artean.

Urte honetan amaituko da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plana. Zer nolako balorazioa egiten duzue?

Bidea dugu egiteko. Zoritxarrez, berdintasunik ezak bizitzako arlo guztiak zipriztintzen ditu. Aurrerapausoak eman dira, baina asko dago egiteko. Dokumentu hau gure herriko berdintasun politiken inguruan gidari bat da, itsasargi bat, eta nik azpimarratuko nuke tresnak edukitzearen garrantzia, berdintasun politikei esker sortzen joan direnak: planak, legeak, berdintasun unitateak… Lanean jarraituko dugu hemen markatzen diren esparru eta ildo nagusiak betetzeko.

Esango zenuke jendartea gero eta kontzientziatuago dagoela gai hauen inguruan?

Hau talde lana da, eta funtsezkoa da gizarte osoaren jarrera aktiboa. Berdintasunerako legearen ebaluazioan, argi ikusten da gero eta sentsibilizatuago dagoela gizartea eta gero eta exijentzia maila altuagoa adierazten duela berdintasun gaiekiko.

Zalantzarik gabe, arlo honetan gai guztiak dira garrantzitsuak, baina kezkagarriena indarkeria matxista da. Nola egin aurre horri?

Egiturazko arazo bat da, berdintasunik ezaren ezaugarririk latzena da. Berdintasunaren alde egiten dugun guztiak egiten du ekarpen bat indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Prebentzioan egin behar da lana, emakumeen ahalduntzean, gizonekin, ahur eta gazteekin, profesionalen prestakuntzan. Emakundetik hainbat lekutatik heldu diogu eta horren adibide dira gure programak: Beldur Barik, Gizonduz, Jabetuz...

Emakunde Lehendakaritzako esparrutik atera eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailera eraman zen.

Sei hilabete igaro dira, Emakundek autonomo izaten jarraitzen du, lehendakariak zuzendaritza kontseilu horren buru izaten jarraitzen du eta gobernuko sailarteko batzordearen bitartez berdintasun politiken zeharkakotasuna bermatuta dago. Egunerokoan berdin jarraitzen dugu, lan-ildo berberekin.