Maitane Aldanondo

Olatu feministak indarra hartuko du tokian tokiko uretatik

Izurritearen eraginak agerian utzi ditu sistemaren zenbait eremutako krisiak: eremu feminizatuen prekarizazioa, zaintza sistema sostengatzeko ezintasuna,  zaintza lanaren krisia, merkatua lehenestea zahar etxeetan, osasungintzan, etxeko langileetan...

Iaz borroka feministara batzeko deia egin zuten; ordutik hona, ordea, beste eguneroko bat ezarri du covid-19ak.  Idoia ZABALETA | FOKU
Iaz borroka feministara batzeko deia egin zuten; ordutik hona, ordea, beste eguneroko bat ezarri du covid-19ak. Idoia ZABALETA | FOKU

2019a inflexio puntua izan zen Euskal Herriko mugimendu feministan. Greba feministak dena gelditu zuen dena eraldatzen hasteko, planto egin zioten heteropatriarkatu kapitalistari eta, enplegu-lana dikotomia hautsiz, bizitzak erdigunean jartzeko beharra aldarrikatu zuten. Iaz antolatu eta borroka feministara batzeko deia egin zuten; ordutik hona, ordea, normaltasuna eten eta beste eguneroko bat ezarri du covid-19ak.

Izurritearen eragina zabala eta sakona izaten ari da. Agerian utzi ditu sistemaren zenbait eremutako krisiak, hain zuzen ere, mugimenduak berak azken urteetan mahai gainean jarritakoak: zaintza lanaren krisia, eremu feminizatuen prekarizazioa, zaintza sistema sostengatzeko ezintasuna, merkatua lehenestea zahar etxeetan, osasungintzan, etxeko langileetan... Horiek ez dira pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko mugimendu feministak argi du: «Orain ez gara isilik eta geldi egongo». Hala ohartarazi zuten Emakumeen Nazioarteko Egunari begira “Dena aldatu, sistema arrakalatu” lelopean prestatutako deialdien berri emateko Donostian egindako agerraldian.

Zaintza erdigunean jartzeko beharra feminismoaren aldarrikapen nagusietako bat da eta urte batzuk badira zehar-lerro horretan pitzatutako arrakalak zabaltzen eta sakontzen ari direla. Pertsona guztien ongizaterako eta jarduera sozial nahiz ekonomikoari eusteko ezinbesteko lana da. Grebetatik aldarrikatu dute horiek erdigunean jartzeko beharra, are eta agerikoago egin dutena hilabeteotako gertaerek. Bide horretan, Bizitza Erdigunean koordinakundea sortu dute euskal zaintza eredu publiko komunitario baterantz bide orria marrazteko helburuarekin.

Gai hori bera hartu du Emakundek ere aurtengo Martxoaren 8rako prestatu duen kanpainan. “Nork zaintzen du?” galdera oinarri hartuta, lan horiek eguneroko bizitzari eusteko, «gure biziraupenerako eta gizartearen funtzionamendurako» duten «funtsezko garrantzia» azpimarratzen du.

Ikusezintasuna da kanpainaren planteamendu grafikoa, pertsonak agertu gabe zaintzarekin lotutako elementuak erakutsiz eta emakumeen nahiz gizonen arteko zaintza lanen banaketa desorekatua ikusaraziz. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren esanetan, desorekak «emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen du, hezkuntzarako, osasunaren arretarako, zaintza publikorako eta ordaindutako enplegurako duten sarbidea mugatuz». Hori gainditzeko, gizonezkoak, emakumezkoak, erakundeak eta gizartea bera zaintzarekin konprometitu behar dira.
Nafarroako Gobernuak, berriz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez “Emakume behar zuen izan” kanpaina martxan jarri du emakumeen eginkizuna eta eguneroko ekarpena aldarrikatzeko.

Historikoki baztertuak edo mespretxatuak izan diren sektore edo jardueretan emakumeek duten lidergoa ere aitortu du, zenbait sektoretan duten presentzia ikusarazteko, besteak beste, zientzian, kulturan edo landa eremuan. Leloa, berriz, askotan modu negatiboan erabili izan den esaldi bati buelta eman eta «bere eskubideen alde borrokatu duen emakume guztiei omenaldia da», Nafarroako presidenteorde Javier Ramirezen esanetan.

Arrazakeriaren egituratzea

Bizitza sostengatzen duten lanei zentralitatea emateaz gain, antiarrazismoa da aurtengo beste ardatzetako bat. Herritarron osasunaren gainetik gobernuek kapitala lehenetsi dutela salatu zuten Euskal Herriko mugimendu feministako kideek prentsaurrekoan, horren zenbait adibide zerrendatuta: mugak eta kaleak «militarizatuta» daude, «abusu polizial eta instituzional arrazistak» jasan dituzte, ehunka kide kaleratuak edo kaleratze arriskuan daude, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik, Euskal Herrian bertan erabakiak hartzeko «ahalmen eza», espazio okupatuak desalojatu dituzte, indarkeria matxistak ez du etenik eta krisialdiak «eragin zuzena» izan du eremu feminizatuetan, bereziki, egoera irregularrean dauden emakume langileen artean.

Aurretik larria zen egoerak okerrera egin du azken urtean, eta horren barruan, «arrazakeriak zapalkuntza moduan egiturazko oinarria hartu du», zehaztu du Bilgune Feministako kide den Naia Torrealdaik. Hori horrela, Euskal Herriko mugimendu feministaren zati bat «zuritasunak emandako pribilegioei» buruz hausnartzen ari da. Norberaren arrazakeria lantzeko premiarekin batera, «ariketa kolektiboa» ere badela ohartarazi dute, arrazakeria «gizarte egitura osoa zeharkatzen duen zapalkuntza» baita. Egoerari aurre egiteko prozesuan lidergoa emakume arrazializatuei dagokiela gaineratu dute.

Ildo beretik, feminismoak askotan salatu du multinazionalek eta transnazionalek egiten duten langileon esplotazioa, baina oraingoan arreta jarri nahi dute hemengo enpresek Hegoaldeko herrietan egiten dituzten «espoliazio eta txikizioetan». «Transnazionalak ez    dabiltzala bakarrik neoliberalismoak saltzen digun merkatu libre horretan, badaude botere politiko batzuk horiek bultzatzen, batez ere ekonomikoki».

Arduraz kaleak hartu

Euskal Herrian eta Euskal Herritik «dena aldatzeko» lanean jarraitzeko asmoa du mugimendu feministak. «Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko». Horretarako, neurriak neurri, kalera bueltatuko dira aurtengo Martxoaren 8an ere, «erdigune eta bazter guztietan» mobilizatuta. Ez dute ohiko eran egingo, baina «kaleak salaketarako espazio izateko modua» bilatuko dute. Osasun prebentziorako arauek nahiz mugikortasun mugek olatu feministaren indar erakustaldia izan diren manifestazio jendetsuak zapuztuko dituzte; baina, hala ere, sistema zartatzen jarraituko dute gaur auzo, herri nahiz hirietan egingo diren mobilizazio ugarietan.

Euskal Herri feminista, antikapitalista eta arrazista eraikitzeko bidean, «dagokigun arduraz jokatuta», kaleak eta plazak hartzera deitu dituzte emakume, trans eta bollerak. Hiriburuetakoak izango dira hitzordu nagusiak. Baionan 12:00etan Ospitaletik irtengo dira;  Donostian 18:30ean, Antiguako tuneletik; Gasteizen eta Bilbon, aldiz, ordu erdi geroago, 19:00etan, abiatuko dute protesta ekintza San Anton plazatik eta Jesusen Bihotzetik, hurrenez hurren. Iruñean 20:00etan egingo dituzte mobilizazioak auzo guztietan.

Pandemian antolatzeko zailtasunak ekarri dizkie mugimendu sozialei, borroka asko amatatu edo apaldu baititu; baina, aldi berean, inoiz baino beharrezkoago egin du antolatzen jarraitzea. Horren aldeko apustua egiten dute mugimendu feministako kideek, ezarritako mugetan zirrikituak bilatzen joatea, herriz herri aliantzak sortzea, hau da, herritarrak indibidualizatu nahi gaituzten momentu honetan ahalik eta prozesu kolektibo gehien pizten saiatzea.

Greba feministak erakutsi bezala, deszentralizazioak ere badu bere balioa. Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Naia Torrealdaik baieztatu duenez, «gerora asko irabazi genuen, zenbat eta deszentralizatuago, herri edo auzo horretako emakumeak aktiboago daudelako. Igartzen da aurten joera hori egongo dela eta guk proposamen politiko bat egiten jakin beharko dugu aktibazio lokalak atxikimendura eta emakume horiek antolatze bidera eramateko».