NAIZ

Eskubaloiko Kopa Kanarietan jokatuko da eta ez Gipuzkoan, aurreikusten zen bezala

Aurtengo emakumezkoen eskubaloiko Kopa Gipuzkoan jokatu behar zen baina azkenean, Kanarietan jokatzeko erabakia hartu dute. 2022an jokatuko da Gipuzkoan. Prozedura honetan Bera Berak bere onespena eman eta aurtengo ediziorako kanporaketa jokatuko beharko du Morvedreren aurka.

Nekane Teres 2019ko Kopako finalean, Lasesarren. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Nekane Teres 2019ko Kopako finalean, Lasesarren. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Duela bost egun jakinarazi zen emakumezkoen eskubaloiko Kopa ez zela jokatuko aurreikusitako epean Gipuzkoan. Zaleak harmailetan egotea bermatzeko, atzeratzeko erabakia hartu zela adierazi zuen Bera Berak.

Egun batzuk beranduago, Espainiako Eskubaloi Federakuntzak jakinarazi du azkenean Kanarietan jokatuko dela aurtengo edizioa, maiatzeko hilabetean, eta beraz, jada Bera Bera anfitrioia ez denez, Morvedreren aurkako kanporaketan irabazi beharko du aurtengo Kopako azken fasea jokatzeko txartela. 

Erabaki hau pandemiaren egungo egoera aztertu ondoren hartu dela adierazi du eskubaloiko Espainiako Federakuntzak. Hala, Kanaria Handietako Telde udalerriak hartuko du Kopako azken fasea maiatzaren 21etik 23ra –Rocasa taldearen egoitzak, hain zuzen ere–. Oraindik ez da zehaztu ikusleen afera baina espero da gutxiengo kopuru bat sartzea bermatzea, asteburu honetan Madrilen gizonezkoen eskubaloiko Koparekin egin legez.

Bera Berak NAIZi jakinarazi dionez, bere onespenarekin hartutako erabakia izan da. 2022ko Kopako edizioan hartuko du Gipuzkoak erakargarria izan ohi den txapelketa hau.

Azkeneko edizioan, Malagako Alhaurin de la Torre udalerrian jokatutakoan –hau ere irailera atzeratu behar izan zen apirilean pandemiaren hilabete gogorrenak bizitzen geundelako– Bera Bera final laurdenetan kanporatua izan zen Elx taldearen aurka.

Hala, aurtengo edizioan bere parte-hartzea bermatu nahi badu, Morvedre garaitu beharko du joan eta itzuliko kanporaketan. Apirilean jokatzea aurreikusten da baina oraindik zehazteke daude data hauek.

Duela pare bat urte Lasesarrek hartu zuen Kopako azken fasea eta bertan irabazi zuen Bera Berak bere azken Kopako garaikurra.