NAIZ

Hizkuntza gutxituen inguruko «egiturazko aldaketa» eskatu dute eragileek Kongresuan

Hizkuntza gutxituen inguruko Legez Besteko Proposamena eztabaidatuko du gaur espainiar Kongresuak. Bertan dira euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko hainbat eragile. «Beharrezkoa da egiturazko aldaketa», adierazi du Kontseiluko idazkari den Paul Bilbaok.

Euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko hainabt eragile, Kongresuan. (Kontseilua)
Euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko hainabt eragile, Kongresuan. (Kontseilua)

Gaur eztabaidatuko da Madrilgo Kongresuan, EH Bilduren ekimenez, berezko hizkuntza gutxituen inguruko Legez Besteko Proposamena. Hamar alderdik elkarrekin aurkeztu zuten proposamena abenduan: BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemosek eta orain koalizio abertzalearen proposamenaren ondorioz eztabaidatu eta bozkatuko da.

Goizean, baina, agerraldia egin dute Kongresuaren atarian euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Òmnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseilua eragileek.

Gogora ekarri dutenez, 2020ko otsailean alderdiekin elkartu ziren bertan, eta hizkuntzen berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko konpromisoa eskatu zitzaien. Horren emaitza da gaur diputatuen hemiziklora iritsiko den Legez Besteko proposamena.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkariak azpimarratu du «demokraziaren alde egiteko aukera aparta» izango dutela alderdiek. «Diputatuen Kongresuak aukera izango du demokraziaren alde urrats berri bat egiteko. Gaurko eztabaidaren muina hor kokatzen baita: gizarte demokratikoagoa, berdinzaleagoa eta justuago bat eraikitzearen alde egitean», nabarmendu du.

Iazko otsaileko bilkuran, «hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egokia eta justua bermatzeko neurriak eta urratsak» eskatu zizkieten eragileek alderdiei, «herritar guztien hizkuntza-eskubideen bermatu zitezen». Horretarako, Hizkuntza-aniztasuna: Askatasuna, berdintasuna eta demokrazia dokumentua aurkeztu zitzaien.

Bilbaok azpimarratu duenez, «inoiz baino beharrezkoagoa» da Legez Besteko Proposamenaren onarpena. «Izan ere, espainiar Gobernuak bizkar eman die ostera ere Europako Kontseiluaren gomendioei, Eskualdeko edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsita izan arren». Kontseiluaren iritziz, «horrek argi erakutsi du beharrezkoa dela egiturazko aldaketa, baldin eta estatuak berak berretsitako ituna beteko badu».