NAIZ

Estatuko hizkuntzen ofizialtasunaren aldeko erreformak bultzatzea onartu du Kongresuak

Espainiako Kongresuak EH Bilduren hiru proposamen bozkatu eta onartu ditu ostegun honetan, Estatuko hizkuntza gutxituen alde, PSOEren babesarekin. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak «begi onez» hartu du albistea.

Alderdi eta eragileetako ordezkariak Kongresuan. (KONTSEILUAK)
Alderdi eta eragileetako ordezkariak Kongresuan. (KONTSEILUAK)

Espainiako Kongresuak ostegun honetan bozkatu du EH Bilduk Estatuko hizkuntza gutxituen alde aurkeztutako proposamena, eta, PSOEren azken babesarekin, hiru neurri onartu dira: «Berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu-erreformak» bultzatu eta babestea, «eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazio-erabilera ahalbidetzea» eta «benetako errespetua, eskubideetan zein betebeharretan eta Estatuko botere guztien jardun konprometituan oinarritua».

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak «begi onez» hartu du hiru neurri onartu izanaren albistea, baina era berean aitortu du «gizarte eragileon bidez helarazitako proposamenaren egiturazko eskaerak» kanpoan geratu direla. «Argi dago, oraindik urrun gaudela eragileok aldarrikatzen ditugun askatasunetik, demokraziatik eta berdintasunetik; alegia, Gobernuak etxeko lan asko dituela oraindik herritarren arteko berdintasuna bermatuko badu», adierazi du.

Kontseiluko eledunak argitu nahi izan du asteartean ordezko hainbat testu jarri zituztela haien proposamenari zuzenketak egin nahi izan zizkieten alderdien aurrean: «Eztabaida hasi baino bost minutu lehenago eman genituen bukatutzat elkarrizketak, hain zuzen ere, PSOEk hizkuntza-berdintasuna kontzeptua kentzeko eskatu zigunean». Bilbaoren hitzetan, «marra hori ez genuela gaindituko jakinarazi genien, kontuan hartuta haien proposamenaren hainbat elementu txertatu genuela».

Astearteko eztabaidan kontrako jarrera agertu arren, azkenean hiru neurri hauek onartu ditu PSOEk. «Zalantzarik ez dugu, gizarte eragileon presioari esker izan da», berretsi du Bilbaok. «Finean, gizarteak ez luke ulertuko beste eremu batzuetan berdintasunaren alde dagoen alderdiak jarrera hain itxia izatea. Gutxienekoen gutxienekoei muzin egitea ulertezina litzateke», adierazi du.

Hamar eragileren proposamena

Asteartean eztabaidatu zuten Kongresuan aragoieraren, asturieraren, galizieraren, katalanaren eta euskararen aldeko Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Òmnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseilua eragileek bultzatutako proposamena.

Hamar alderdik elkarrekin aurkeztu zuten berezko hizkuntza gutxituen inguruko Legez Besteko Proposamena abenduan: BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemosek. EH Bilduren ekimenez iritsi zen, hain zuzen, asteartean Kongresura.