NAIZ
DONOSTIA

Zabalzaren kasua berriro irekitzea azter dadila eskatu dute Donostiako udal talde guztiek

Intxaurrondoko grabazioak argitaratu ondoren, Donostiako Udalbatzak aho batez eskatu die guardiako epaitegiari eta Estatuko Fiskaltzari Mikel Zabalzaren kasua berriro irekitzea azter dezatela. Diligentziak irekiz gero, herri akusazio gisa agertzeko konpromisoa ere adierazi dute.

Mikel Zabalzaren omenezko monolitoa, bere sorterrian, Orbaizetan. (Iñigo URIZ/FOKU)
Mikel Zabalzaren omenezko monolitoa, bere sorterrian, Orbaizetan. (Iñigo URIZ/FOKU)

EAJ, EH Bildu, PSE, PP eta Elkarrekin Donostia udal taldeen bozeramaileek Mikel Zabalzaren kasuari buruzko erakunde adierazpena sinatu dute, Intxaurrondoko kuartelean gertatutakoaren inguruko audio grabazioak argitaratu eta gero.

Gogoratu dutenez, Mikel Zabalza beste pertsona batzuekin batera atxilotu zuten duela 35 urte, ETAko kide izatea leporatuta, eta Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten. «Mikel Zabalza bizirik sartu zen kuartelean eta egun batzuk geroago hilda agertu zen Bidasoa ibaian», dio adierazpenak.

Zabalzak ihes egin zuela eta ibaira erori ondoren itota zendu zela zioen bertsio ofizial hura, –«gaur egun bertsio horrek indarrean jarraitzen du», dio Donostiako Udalbatzak– jendartearen «zati handi batek» ez zuela inoiz sinestu gaineratu dute.

Duela 25 urte epaitegiak aipatu audioen transkripzioa ez zuen froga gisa onartu eta orain argitara atera dira. Bertan, Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak eta Juan Alberto Perote CESIDeko buruzagiak Zabalza torturen eraginez hil zeneko konbentzimendua adierazten dute: «Esku artetik joan zaie, galdeketan gelditu zaie», dio Gomez Nietok.

«Sakon aztertu»

Hala, udal talde guztiek eskatu dute Gomez Nieto eta Perote «ustez parte hartzen duten audioak agertu ondoren», horien edukia «sakon azter dadila», Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruan egia jakiteko.

Zentzu horretan, guardiako epaitegiari eta Estatuko Fiskaltzari galdegin diote, aipatu grabazioen edukia kontuan izanik, auzia «berriro irekitzea azter dezatela».

Azkenik, Donostiako Udalbatzak adierazi du «1985eko abenduan egin bezala, berresten du, Mikel Zabalzaren hilketaren gertaeren argipenean laguntzeko konpromisoa hartzen duela eta, horretarako, kasua argitzeko diligentziak irekiz gero, haietan herri akusazio gisa agertzeko konpromisoa hartzen duela».