Jon Ormazabal

Ibai Perez, koxka gogorra palaren Olinporako Gaubekaren bideko azken urratsean

Armintzako oilarrak zazpigarren aldiz astindu nahi du gandorra, buruz buruko palmaresean Oscar Insausti harrapatuz, baina Sestaoko atzelariak aspaldiko mailarik onena eman du txapelketan zehar.

Ibai Perez eta Gaubeka astearteko material aukeraketan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Ibai Perez eta Gaubeka astearteko material aukeraketan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ez du, zuzenean behintzat, telebistaren distirarik izango –zaleek internetez izango dute soilik partida ikusteko aukera–, baina palak urteko egunik garrantzitsuena biziko du larunbat honetan, buruz buruko finala jokatuko baita Bizkaia pilotalekuan. Ikuskizunaz harago, aurtengo ekitaldiak badu, gainera, beste pizgarri handi bat, zita historikoa izan baitaiteke, Esteban Gaubeka armintzarrak, 43 urterekin, bere zazpigarren txapela jantzi nahi baitu eta, bide batez, Oscar Insausti mitoa harrapatu jokamoldearen palmeresean.

Oilarrak, ordea, lan zailak izango ditu, parean aspaldiko Ibai Perezik onena izango baitu. Sestaoko atzelaria izan da, txapelketan zehar, itxurarik onena eman duen pilotaria, sasoiko dago, fresko, eta ez dio bere bigarren txapela janzteko aukerari muzin egin nahi.


Ibilbidez eta jokoz, oso pilotari desberdinak dira Gaubeka eta Ibai Perez. Aurrelaria bata atzelaria bestea, irabazle erabatekoa armintzarra eta irregularragoa Sestaokoa, palaren erreferentetako bat beteranoena eta eskutik palara jauzia egin duen gutxi horietakoa bestea, eskuz aurretik aritzen zen gainera. 


Ibilbide eta joko desberdinak


2002an egin zuen debuta Gaubekak, Bilboko Deportivon, eta bi urte baino ez zituen behar izan bere buruz buruko lehen txapela janzteko. Ordutik puntaren puntan aritu da Lujan edo Fusto bezalako aurkariei aurre egiten eta azken urteetan bigarren gaztaro bat bizitzen ari da. Azken hiru finaletan egon da jarraian. Aurten urduri xamar aritu omen da, palekin ere zenbait arazo izan ditu eta berak dio ez dagoela iazko sasoi puntuan, baina irabazle sena ez da galtzen eta onena emateko prest da.


Ibai Perezen ibilbidea motzagoa da palan. Asperekin profesional izan zen urte betez, baina azkar egin zuen bere herrian horrenbesteko tradizioa duen palara. 2017an jo zuen goia beste atzelari bati, Xabier Ibargarairi, buruz buruko finala irabazita eta aurtengoa izango du bigarren finala. Sorbaldan izandako arazo batzuengatik, zalantzaz josita ekin zion lehiaketari baina berehala konturatu zen fresko heldu dela txapelketara. Sakea du bere armarik arriskutsuena eta oso pilotari teknikoa da, ezkerra, nahiz eta azkenaldian eskuinarekin ere gogor astintzen ari zaion pilotari. Bi bizkaitarrak saiatuko dira euren erritmoa jartzen, lortzen duenak asko izango du irabazita.