NAIZ

«In itinere» istripuak ere lan istripuak direla gogoratu du LABek

LAB sindikatuak deitoratu egin du Durangoko Ibaizabal Ikastolako irakasle batek ostegun honetan izan zuen moto istripu hilgarria, eta «in itinere» istripuak ere lan istripuak direla aldarrikatu du.

Hildako langilearen moto istripuaren irudia. (EITB MEDIA)
Hildako langilearen moto istripuaren irudia. (EITB MEDIA)

LAB sindikatuak «elkartasuna eta babesa» helarazi die ostegun honetan hil zen Durangoko Ibaizabal ikastolako langilearen senide, lagun, ikasle eta lankideei. Hil zen irakasleak moto istripua izan zuen Berrizen ikastolatik etxerako bidean.

«Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, sistema kapitalistan ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta behin-behinekotasunaren emaitza dira», azaldu du sindikatuak. «Bistan da ardura duten patronal eta instituzioek ez dutela neurririk jartzen osasuna eta bizitza galdu ez ditzagun», kritikatu du.

Sindikatuaren ustez, langileek «lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea» dute, eta jendarte osoarena den «izurrite honekin» bukatzeko bide bakarra «borroka eta antolakuntza» dira. «LAB sindikatutik argi dugu, bizitza eta lan duinak behar ditugula», aldarrikatu dute, eta gogoratu dute «In itinere istripuak lan istripuak ere badirela».

11 hildako 2021ean

Sindikatuaren datuen arabera, 2020. urtean 75 hildako eta desagertu bat egon ziren eta 2021. urtean 11 hildako dira jada. 2021. urtean Euskal Herrian izan den 11. lan istripu hilgarria izan da; gainera, Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian iazko otsailaren 6tik.