NAIZ

Musika Banden Euskal Federazioa sortu dute, banden ekarpena ikusarazteko helburuz

Euskal panorama musikalean bandek duten garrantzia aldarrikatu eta euren artean saretzea bideratzeko sortu berri da Musika Banden Euskal Federazioa. 46 taldek osatzen dute elkartea, 3000 kidetik gora.

Federazioa astelehen honetan aurkeztu dute, Donostiako Musikenen. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Federazioa astelehen honetan aurkeztu dute, Donostiako Musikenen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Euskal Herriko hainbat musika banda batu eta elkarlana sustatzeko plataforma bat behar zutelakoan sortu dute Musika Banden Euskal Federazioa. «Elkarlana, aurrerapenak, ideiak, esperientzia eta proiektuak konpartitzeko plataforma» izan nahi du federazioak, astelehen honetan Donostiako Musikenen egin duten aurkezpenean azaldu dutenez.

«Federazioa euskal kulturaren ondare hau defendatzeko eta zaintzeko xedez jaiotzen da eta bandek, historian zehar, hainbat arlotan izan duten garrantzia aldarrikatzeko asmoz», nabarmendu dute. Era berean, bandek, «gizarteko kulutra musikalean erreferente diren heinean»,  egiten duten «ekarpen sozial, kultural eta pedagogikoa» ere aldarrikatu nahi dituzte.

Federazioko lehendakari Aritz Labradoren hitzetan, «gure helburu nagusienen artean, pandemiaren eraginez larriago bilakatu den egungo egoera desblokeatu eta bitartekari lana egiteaz gain, herri kulturak gure gizartearen egunerokotasunean duen garrantzia azpimarratzea da».

Pascual Vilaplana, Bilboko Udal Bandako zuzendaria ere izan da aurkezpenean. Bere hitzetan, federazio bat sortzeak banden arteko lankidetza espazio berria egotea ekarriko du eta, alde horretatik, «eraginkorra izan daiteke beren jarduera zabaltzeko, sustatzeko eta duintzeko».

Hastapen honetan 46 taldek osatzen dute federazioa, eta guztira 3000 kidetik gora dira aritzen dira horietan. 2019. urtean 600 kontzertu eta kalejira eskaini zituzten eta horrek, federazioaren hitzetan, milioi bat inguruko zeharkako eragina izan du.

Euskal Herriko «banda federala»

Behin sortzea osatuta, etorkizunera begira jarria dago federazioa. Aurreratu dutenez, euren proiektuen artean daude federazioko kideez osatutako «banda federala» osatzea: «Euskal Herriko musika ikasleek parte hartuko dute bertan», aurreratu du Labradorrek. Beste helburuetako bat banden ondarea ikusaraztea eta bide horretan ekarpena egitea litzateke, «partitura zaharrak, argitalpenak eta grabazioak berreskuratuz».