Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Karmele Gisasola, «Zelai III.a»
Herri kirolaria

«Nire amonak ez zuen aukerarik izan; beraz, nik plazan jarraituko dut»

Jose Antonio Gisasola “Zelai” harri-jasotzaile ohiaren alaba da Karmele (Mallabia, 1994). Harri jasotzen zein ingudean zenbait txapel jantzi ditu, 100 kiloko zilindro zaharra bost minutuan sei aldiz jasoz marka pertsonala lortu berri du, eta Martxoaren 8arekin bat, Mallabian omenaldia egin zioten.

Karmele Gisasola, "Zelai III.a". (Oskar MATXIN / FOKU)
Karmele Gisasola, "Zelai III.a". (Oskar MATXIN / FOKU)

Ekainaren 20an lehendabiziko aldiz emakumezkoen pentlatoia jokatuko dela esan du irrikaz Karmele Gisasolak. «Inoiz ez du emakume batek egin proba hori», dio. Sei emakumek parte hartuko dute, bikoteka, eta azaldu du, patxadaz, zenbat kostatu zaien sei emakume lortzea, ez baitago emakume askorik horretarako. Azkenean, Gisasolarekin batera Uxue Ansorregi arituko da, Garazi Arruti eta Lucia Orbe bizkaitarrek osatuko dute beste bikotea eta azkenik, Segovia eta Burgos aldetik etorriko dira Claudia Muñoz eta Julia Martinez, herri kirolekiko zaletasuna barneratuta.

Irrikaz dagoela baina, aldi berean, beldur puntu bat ere baduela onartu du mallabitarrak. Kanpoko begiraden beldur da, horrek ere sasoi batean atzera bota baitzuen plazaratzerakoan. «Harri jasotzen hasi zen hasieretako emakumea Miren Urkiola izan zen eta gurera etortzen zen entrenatzera. Eta jendearen kritikak ez ziren onak, zeren jende askok zioen ez zela emakumezkoentzako kirola». Kepa Junkera trikitilariaren ikuskizun bat bidean gurutzatu eta halaxe hasi zen harri jasotzen mallabitarra, hasiera batean horretarako asmorik ez bazuen ere. Bere bidea egiten hasi zen, ekinean. 17 urte zituenetik dabil erakustaldietan.

Pentatloiaren hitzordu hau emakumezkoen herri kirolean mugarri bat izango da?

Bai. Nik beti eduki dut buruan, e! Beti pentsatu izan dut neskena antolatuz gero parte hartzea gustatuko litzaidakeela. Urrun ikusten duzu. Baina iaz jada antolatzailea hurbildu zitzaidan neskena egin behar zela esatera. Eta aitarengana joateko esan nion, jada ez zegoelako nire esku soilik, zeren nik norbait behar dut entrenatzeko. Norbaitek erakutsi behar dit aizkoran, giza proban… Aitak prestasuna adierazi eta gero neskak topatzen hasi ginen.

Noiztik zabiltza aizkoran entrenatzen?

Bada, urritik edo, astean pare bat bider osabarekin entrenatzen naiz. Ez da ikasten egun batetik bestera, urte batetik bestera ere ez. Badakit egun horretan ez dudala kristoren lana egingo.

Aita harri-jasotzailea izanda, zer dela-eta ez zenuen harri jasotzen aritu nahi?

Nik betidanik eduki izan dut herri kiroletarako zaletasuna, nebak baino gehiago. Hori plazaratzeko pausoa ematea, ordea... ez nuen ikusten neska askorik. Miren Urkiolak 135 kilo altxatzen zituen, Idoia Etxeberriak 100 kilokoa segituan altxatzen zuen eta zu hor zaude 50 kiloko harritxoarekin 80 kilo pisatzen dituzunean… Lotsa pixka bat ere bai. Nonbaitetik hasi behar da, baina inoiz ez duzu ikusi inor 50 kiloko zilindroarekin. Eta ikasi behar da bakoitzak bere bidea egin behar duela.

Plazara ateratzea bera aurrerapauso handia da.

Bai, gero eta gehiago gaude eta horrek ere laguntzen zaitu. Aizkoran ere orain hasi da jende gehiago, baina orain arte ez dute eduki erreferenterik.

Maika Ariztegi dago hor, beti presente.

Bai (barrez). Eta nik uste dut pentatloian ez dela hasi inguruan inor topatu ez duelako. Niri esan zidan topatuko balu prest egongo litzatekeela baina ez zegoela prest Bilboraino joateko eta bertan entrenatzeko… Nik Maika ikusten dut eta poza ematen dit. Niri gustatuko litzaidake berak bezala jarraitzea urte luzez, baina gaitasuna behar da. Ni nire lanean zortzi orduz eserita nago eta bera ez, bera lanean jarduten da, baserrian. Eta horrek gorputza egin egiten du. Herri kirolak lehengo baserriko lanetatik datoz. Nire amona segan ibiltzen zen, berak jaisten zuen esnea Ermuraino, harria ere 100 kilokoa jasota dauka lepo gainera… Eta ni sekula ez naiz izan kirolaria.

Baina gazte hasi zinen herri kiroletan.

Bai, baina hobby modura. Gustatzen zitzaidan eta egin egiten nuen, eroso nengoen. Orain hasi naiz sufritzen.

Aita inoiz tematu da zu herri kirolaria izan zaitezen?

Ez, inondik inora ere ez. Txikitan, bai, saiatu zen, jartzen zidan gerrikoa, bola txikitxoa… Baditut argazki batzuk. Baina gizonen mundua zen eta ez nuen horren parte izan nahi, eta hori berak hasieratik ulertu zuen.

Eta noiz erabaki zenuen plazaratzeko pausoa ematea?

Beste neska batzuk ikusi nituenean. Ikusi nituen sei neska trontzan eta pentsatu nuen, zergatik ez?

Eta nola hartu zuten etxean?

Beraiek esan zidaten. Nire nebak eta lehengusuak txikitatik aizkora bat eduki dute. Egurraren gainean aritzen ziren 4 urtetatik. Aitari deitu zioten behin auzo baterako herri kiroletako saioan emakumeak nahi zituztela eta trontzan probatzeko. Eta materiala beti eskura eduki dugu. Baina ez geneukan entrenatzailerik; gurasoek zekitenarekin, aurrera. Eta lehen erakustaldietan etortzen ziren adituak eta bertan adierazten ziguten gauza batzuk gaizki egiten genituela… Eta burumakur itzultzen zinen… Jendeak lagundu egin nahi zaitu. Gero, bada, esateko formak eta formak daude.

Beti igarri dut gizonezko kirolarien babesa. Gu beraien laguntzarik gabe ez ginateke hemen ibiliko

Igarri duzu urte hauetan gizonezko kirolarien babesik?

Beti. Gu beraien laguntzarik gabe ez ginateke hemen ibiliko. Nik badakit plaza batera joaten naizenean gizon batek esango didala nola jaso behar dudan harria. Beraien babesa daukagu denean, beraiek badakite gehiago kostatzen zaigula, gorputzak desberdinak dira eta prozesu bat da. Eta bertan dabiltzan guztiak gizonezkoak dira.

Emakumezkoen kasuan, irudipena dago beti berberak zabiltzatela plazatik plazara. Orain, pentatloian ikusiko ditugu aurpegi berri batzuk.

Bai eta beldurra daukat, zeren aurreiritzi asko iritsi zaizkigu. Ilusio handia daukat, baina beldurrez nago. Konparaketak egongo dira, pentsatuko dute ea gu zertara goazen… Eta, alde batetik, normala iruditzen zait, zeren sekula ez da neskarik plazaratu pentatloi batean. Horrek beldurra ematen dizu.

Beldur horrek aurretik ere itzalean utziko zuen emakume bat baino gehiago. Aipatu duzu zure amonak 100 kiloko harriak altxatzen zituela. Ez zuen inoiz pentsatuko plaza berea ere izan zitekeela.

Ez. Nire amonaren neba ere harri-jasotzailea izan zen eta bi apustu egin zituen –ez dakit biak irabazi edo bakarra irabazi zuen– eta amonak beti esaten zuen ez zela plazarako gizona, nerbioek jan egiten zutela. Eta nik inoiz galdetu izan diot, «eta zuk egin bazenu?».

Eta inoiz ez du jakin zer gerta zitekeen.

Inoiz ez, ez berak ez bere garaikoek. Eta orain neska kirolariak eskatzen dituzte antolatzaile askok. Nik badakit plaza batzuetan ez naizela plazaratzen kirolari ona naizelako, baizik eta neska naizelako. Baina nire amona bezalako mila egongo ziren eta inork ez zuen eduki aukera hori; beraz, sentitzen dut, baina ni plazaratu egingo naiz. Orain da gure momentua. Askotan eskertzen ditut berdintasun teknikariak, edo neskak behar direla esaten duten horiek.

Martxoaren 8an omenaldia egin zizuten eta bertan esan zenuen ez duzula aparteko lorpenik egin. Zergatik?

Ez dudalako lortu. Zer da lorpen bat? Idoiak 162 kilo jaso zituen eta esku bakarrarekin 118; horiek sekulako markak dira. Nik ez dut egin apusturik. Harri jasotze edo ingudeko txapelak baditut, harri jasotzen ere marka pertsonala egin dut. Baina ez dut pentatloia irabazi.

Pentatloia irabaziz gero, lorpen handi bat egin duzula esango duzu?

Bai.

Lehen lerroan egote hori ez da lorpen bat?

Inoiz ez duzu ikusten zeure burua kanpotik. Beste ikuspuntua falta zaizu. Niri teknikoki asko falta zait harri jasotzen. Apurka- apurka ikasten zoaz. Poza, bai, sentitu izan dut irabazi dudanean, baina sentitzen dut nire beharra dela, egin behar dudan zerbait dela. Nire momentua da orain eta egin egingo dut. Nire ilusio handiena pentatloia da eta min hartuko nuke lan dezente bat egingo ez banu.

Emakume askok ez dute aukera edo eskubiderik eduki; nik badaukat eta omenaldia jasotzea asko eskertzen dut, eta uste dut are gehiago eman behar dudala

Hau da, omenaldirik eta halakorik ez dagokizula uste duzu?

Askotan pentsatzen dut zergatik izango den. Izen bat daukadalako, zerbait egin dudalako, neska naizelako, kirolari ona naizelako… Baina bizitza horrela da eta horrela dator. Omenaldirako abisatu zidatenean ere ez nuen ikusten beharrik zegoenik, baina gero ohartu nintzen bada agian badagoela, zeren oso neska gutxi plazaratu dira. Emakume askok ez dute aukera edo eskubiderik eduki. Nik badaukat eta omenaldia jasotzea asko eskertzen dut eta uste dut are gehiago eman behar dudala.

Amak zer dio?

Amak lehen aitari txalekoa egiten zion eta niri ere egin izan dit, baita nebari ere. Ez dauka zaletasunik. Ez da etortzen plazara.

Entrenamendu guztiak ez dira onak izaten, minduta heltzen zara eta lehendabizi amarengana joaten zara

Sufritu egiten du?

Bai, entrenamendu guztiak ez dira onak izaten, minduta heltzen zara eta lehendabizi amarengana joaten zara. Eta, noski, berak uzteko esaten dizu, ea zertarako zabiltzan horretan. Eta horrek oraindik ere amorru gehiago ematen dizu. Sufritzen ikusi izan nautenean amak zein nebak esan izan didate uzteko, zeren, noski, ez duzu albokoa sufritzen ikusi nahi.