Asier Robles

Steinbeck eta Beauvoir-en eleberri bana euskaratu dute Asun Garikanok eta Oier Alonsok

Elkar argitaletxeak ‘Zeruko belardiak’ eta ‘Besteen odola’ nobelak eman ditu argitara. XX. mendearen lehen erdian John Steinbeck-ek eta Simone de Beauvoirrek idatzitako bi liburuak ekarri dituzte euskarara Asun Garikanok eta Oier Alonsok, hurrenez hurren.

John Steinbecken ‘The Pastures of Heaven’ eta Simone de Beauvoirren ‘La sang des autres’ liburuen euskarazko itzulpenak.
John Steinbecken ‘The Pastures of Heaven’ eta Simone de Beauvoirren ‘La sang des autres’ liburuen euskarazko itzulpenak.

Elkar Argitaletxeak John Steinbecken ‘The Pastures of Heaven’ eta Simone de Beauvoirren ‘La sang des autres’ liburuen euskarazko itzulpenak aurkeztu ditu astearte honetan. Asun Garikano eta Oier Alonso itzultzaileen lana izan da, EIZIEren (Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak) Urrezko Biblioteka proiektuan kokatuta.

Asun Garikanok John Steinbeck-ek 1932an idatzitako ‘The Pastures of Heaven’ liburua euskaratu du, ‘Zeruko belardiak’ izenburua emanez. Steinbecken bigarren liburua izan zen eta Garikanok azaldu duenez ipuin bilduma bat da, hamar ipuinez osatuta. «Pieza bakoitza autonomoa da eta besteak irakurri gabe ere zentzu osoa du. Baina era berean, elkarren artean lotuta daude, denak batera irakurrita ikusiko dugu nola doazen elkarren artean katramilatzen herri txiki bateko nekazari giroko komunitateko kideen bizitzak eta patuak».

Izan ere, istorio guztiak Salinas eta Monterrey (Kalifornia) hirien arteko herrixka txiki batean gertatzen dira, Steinbeck bertokoa baitzen. XX. mendearen hasiera kokatzen da eleberria, industrializazioa gertatzen ari den momentuan eta gazteak landa eremuak utzi eta hiri eremuetara joaten ari direnean.

«Gizartea antolatzeko modu baten desagertzea irudikatzen da. Lurrarekiko eta jaiotetxearekiko lotura eteten da, familiaren sakabanatzen da eta ordura arteko nekazari komunitate sendo eta kohesionatua kolokan jartzen dira», azaldu du Garikanok.

«Irakurle euskaldunari oso ezagun egingo zaizkio elementu hauek, hemen ere hori ezagutu dugulako», azpimarratu du itzultzaileak.

Eleberriak herrixka horren komunitateko biztanleen artean gertatzen diren «tentsioak» kontatzen ditu eta atal bakoitzak protagonista bat du. Badago atal bakoitzean errepikatzen den patroi bat: «Asmo honeko jendearen ekintzek zoritxarra eta kaltea eragiten dute inguruan», azaldu du Garikanok.

«Zeruko Belardiak deitu zioten parajeari hura deskubritu zuten konkistatzaile espainiarrek, halako oparotasuna eta edertasuna zerizkion muino arteko haran hari. Alabaina, aingeruak ez baizik laborariak bizi dira bertako etxaldeetan, kezka oso lurtarrak dituztenak: lana eta jana, jolasa zein solasa, lurra nahiz larrua… John Steinbeck-ek bere luma airosaz erdiz erdi asmatzen du jende xumearen handitasuna erretratatzen», dio liburuaren sinopsiak.

‘Besteen odola’

Oier Alonsok Simone de Beauvoirrek 1945 urtean idatzitako ‘La sang des autres’ liburua euskaratu du, ‘Besteen odola’ titulua emanez. II. Mundu Gerraren aurreko giroa eta Frantziako erresistentzia azaltzen ditu batik bat, baina, horrez gain, hainbat pertsonaiaren erretratu bikainak eskaintzen dizkigu, beren kontraesan eta gazi-gozo guztiekin: Hélène, Paul, Marcel, Madeleine...

Nobela «entretenigarri eta oso polita» dela adierazi du Alonsok. «‘Besteen’ gai hori jorratzen du. Simone de Beauvoir hitz egiten digu elkartasunari buruz eta besteen ardura zein den kontatzen digu nobela honetan», azaldu du.

«Jean Blomart, etxe oneko semea, kontzientziaren ausikiekin bizi da gaztetatik: bere jatorri burgesaren eta langile-klasearen artean hautatu beharraz, hasieran; komunisten estrategiaren eta sindikalismo hutsaren artean, gero; neska baten maitasun sutsua onartu edo ez, bitartean; naziei aurre egitekotan armak eskuetan hartu edo ez, hurrena. Norberaren ekintzek beste batzuen bizitzan ere ondorio zuzenak izaten baititu, norbere odola ez ezik, besteena ere jokoan jarriz», dio nobelaren sinopsiak.

Urrezko Biblioteka

Bi eleberri hauek duela 20 urte baino gehiago euskaratu ziren lehen aldiz, baina orain itzulpenak «gaurkotu» dira Urrezko Biblioteka proiektuaren baitan. EIZIEk (Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak) 2010ean sortutako egitasmoa da. Hasteko, hogei eleberri aukeratu zituzten, baina etorkizunean gehiago itzultzeko asmoa dutela iragarri du Itziar Diaz de Ultzurrun EIZIEko kideak.

«Pixkanaka ari gara euskararen literaturaren apalak betetzen literatura unibertsalaren obra nagusiekin», adierazi du Garikanok.