NAIZ

Bost urte ondoren, Iker Serranok ez du datorren denboraldian Bidasoan jarraituko

Talde gipuzkoarreko kapitainak adierazi duenez, «bost urte zirraragarriak izan dira, eta azken aldian nire zikloa hemen amaitu dela sentitu dut». Ez du erretiroa hartu nahi eta «beste ziklo bat ireki dezakedala sentitu dut», aipatu du.

Iker Serrano, atzean Sergio de la Salud begira duela. Biek ez dute datorren urtean Bidasoa-Irunen jarraituko. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Iker Serrano, atzean Sergio de la Salud begira duela. Biek ez dute datorren urtean Bidasoa-Irunen jarraituko. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Duela egun batzuk Sergio de la Saludek Bidasoa-Irunen ez duela jarraituko adierazi zuen. Eta astearte honetan Iker Serrano (urretxu, 1984) kapitainak bide bera jarraituko duela azaldu du lehen taldeko jokalariez, Gutrutz Aginagalde presidenteaz eta Javier Sesma eta Jose Angel Sodupe presidente ohiez inguratuta.

Jokalariak berak jakinarazi duenez, ez du datorren denboraldian Irungo taldean jarraituko. «Bost urte zirraragarriak izan dira, eta azken aldian nire zikloa hemen amaitu dela sentitu dut», laburbildu du urretxuarrak. «Bost urteko ziklo bizi hau azken hamar partidetan dugun erronka handia lortuz ixtea espero dut«, gaineratu du.

Behin azken urtea Artalekun izango zela erabakita, eta bertan erretiroa hartzeko aukera mahai gainean egonda, «bost urte luzeren ondoren, nire zikloa hemen amaituta zegoela sentitzen nuen, baina pandemiak ekarri dituen baldintzen artean, beste ziklo bat ireki dezakedala sentitu dut», azpimarratu du Serranok.

Jokalariak bera Bidasoa-Irunen egon den bitartean edukitako presidenteen zuzendaritzei, entrenatzaileei, klubeko mediku, fisiko eta bulegoko langileei, taldekideei, kazetariei eta zaleei eskerrak eman dizkie: «Artalekun Altearen aurka jokatu nuen lehen partidatik gaur arte, baita publiko gabeko baldintzetan ere, zuen babesa eta arnasa sentitu dugu».

Gurutz Aginagalde bera taldekidea izan zuen Serranok 2002-2003 denboraldian Asobalen debuta egin zuenean. Hastapeneko neurketa horiek gogoratzeaz gain, presidenteak honakoa adierazi du: «Iker bezalako jokalari batek eta, batez ere, bera bezalako pertsona batek atzo, gaur eta bihar klubeko ateak irekita izango ditu».

Ildo berean, denboraldi hau amaitu arte geratzen diren neurketetan Artalekuk kapitaina «merezi duen bezala» agurtzeko aukera izatea espero duela esan du agintariak: «Ziur nago betetzeke dagoen azken ametsetakoa dela, aipatutako 'gero arte' hori esan baino lehen».

Klubak bideo hunkigarri bat sareratu du jokalariaren adierazpenekin. Hemen dago ikusgai.

Ia 20 urte Asobal Ligan debuta egin zuenetik

Iker Serranok 13 denboraldi daramatza Asobal Ligan. Lehen talde bidasotarrarekin debuta egin zuen 2002-2003 denboraldian, Aitor Etxabururen aginduetara, ITE Hondarribiako jokalaria zenean. Estreineko neurketa Palau Blaugranan izan zuen 2003ko martxoan. Denboraldi hartan lehen taldearen deialdian parte hartu zuen beste bost partidetan (Altearen aurka, Artalekun debuta; Granollers, Galdar eta Valladolid etxetik kanpo; eta Alcobendas Irunen).

Amenabar Zarautzen urtebete egin ondoren, 2004an Forcusa Huescak Serrano fitxatu zuen, eta hurrengo udan urretxuarra Almeriara joan zen. Hiru denboralditan 87 partida jokatu zituen Ligan, 257 gol sartuta. 2009-2010 eta 2010-2011 denboraldietan JD Arrate Eibarko taldean jokatu zuen (Ligako 59 partida, 121 gol).

Sasoi batez Tremblayn eman ondoren, Asobal Ligara itzuli zen, Puerto Saguntok fitxatuta (60 partida eta 247 gol). Bi denboraldi geroago, Estatu frantsesera egin zuen berriz bidaia, Mulhousera 2013ko udan, eta Bidasoa-Irunera itzuli zen 2016-2017 denboraldian.

Bost urte hauetan, egungo kapitain bidasotarrak partida guztiak jokatu ditu Asobal Ligan, bakarra izan ezik, Liga hartako bosgarren jardunaldian Fertiberia Puerto Saguntoren aurka horiz jantzi zenetik. Orduz geroztik jokatutako 129 partidatan, Serranok 291 gol sartu ditu. Europan, 12 partida jokatu ditu Velux EHF Champions Leaguen (18 gol), eta beste hiru EHF European Leaguen (4 gol). Kopan 14 partida jokatu ditu (47 gol); eta lau Asobal Kopan (10 gol).