NAIZ

Orain arteko bi bikote indartsuenak prest dira Laboral Kutxa Masterraren finalerako

Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalga-Naroa Agirre igande eguerdian neurtuko dira txapelen bila Irungo Uranzu pilotalekuan. Jokatzeko modu desberdinekin izan arren, nagusitasunez gainditu dituzte kanporaketak.

Iera Agirrek ezin izan du Irungo Ola sagardotegian egin den aurkezpenean egon. (EMC)
Iera Agirrek ezin izan du Irungo Ola sagardotegian egin den aurkezpenean egon. (EMC)

Igande honetan jokatuko da Laboral Kutxa Masterraren finala Irungo Uranzu pilotalekuan. Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalga-Naroa Agirre, lehiaketako bikote indartsuenak final-laurdenetan eta finalerdietan erakutsi zutenez, elkarren aurka neurtuko dira 12.00etan hasiko den jaialdian.

Bi bikoteek indarguneak erakutsi dituzte jokatutako bi kanporaketetan: aurkariak erraz menderatu dituzte, elkarrekin oso ondo moldatu dira eta lehiakorrak izan dira. Hori bai, bakoitzak bere bertuteak ditu.

Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi nafarrek ofizio askoko bikotea osatzen dute, ez dute erasoan joko ikusgarririk egin behar izan izan finalera heltzeko, baina oso zaila da haiei tantoa egitea eta ez dute oparirik egiten. Iaz, esaterako, txapeldun izan ziren pilota goxoarekin, eta mistoarekin jokatu duten lehen txapelketan bikain moldatu dira.

Olatz Arrizabalaga bizkaitarra eta Naroa Agirre gipuzkoarra gazteagoak dira eta Gernikako aurrelariak min handia egiten du erasoan, jokoaren ekimena eramatea gustatzen zaio. Atzelari zestoarrak, aldiz, kantxako zulo guztiak betetzen ditu eta oso pilotari segurua da. Arrizabalaga buruz buru dagoen pilotaririk onenetakoa da, eta binakakoan iazko arantza atera nahiko du, bere lehen txapela eskuratzeko aukerak ihes egin baitzion iazko finalean, Uranzun bertan.

Zoritxarrez, pandemiak eraginda, bigarren urtez jarraian, Irungo finalak ateak itxita jokatu beharko dira, baina pilotazaleek ETB-1eko kameren bidez jarraitu ahal izango dute ikuskizuna. Jaialdia hirugarren posturako partidarekin hasiko da, Irantzu Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendi eta Leire Garai-Oihana Orbegozoren arteko neurketa, hain zuzen ere.

ETBrekin akordioa luzatu dute

Gaur Irunen egin den aurkezpen ekitaldian izan da Joseba Urkiola, EITBko kirol zuzendaria, eta jakinarazi duenez telebista publikoak beste hiru urterako hitzarmena sinatu du Emakume Master Cupeko antolakuntzarekin. Akordio horren barruan, iaz estreinatu zen Plazandreak saioak jarraipena izango du aurten ere.