Fran Baldari omenaldia egingo diote igandean bere herrian, Arbizun

Arbizuko ezker abertzaleak deituta, martxoaren 13an jazotako istripu batean zendu zen Fran Balda herrikideari omenaldia egingo diote heldu den igandean, hilak 11, 12.30ean Olatzeako zelaian. 

Fran Balda arbizuarra, 2011ko argazki batean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Fran Balda arbizuarra, 2011ko argazki batean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Datorren igandean, apirilak 11, Fran Balda herrikidea omenduko du Arbizuko ezker abertzaleak. Hitzordua eguerdiko 12.30ean jarri dute, Olatzeako zelaian. 

«Halabeharrez, pasa den martxoaren 13an izandako istripuan galdu zuen bizitza gure kideak, eta omenaldi honen bidez guri ez ezik Arbizuri nahiz Euskal Herriko askapen-prozesuari emandako guztia eskertu nahi diogu», azpimarratu dute ekitaldiaren berri emateko komunikabideetara igorri duten oharrean.

Hori dela-eta, arbizuar nahiz sakandarrei bertaratzeko deia egin diete. 

Martxoaren 13an zendu zen Fran Balda, Etxarri Aranatz eta Arbizu batzen dituen errepidean auto batek harrapatuta. 

Arbizun ez ezik, Euskal Herrian samina eragin zuen albisteak, presoen alde eta torturaren aurka lan eskerga egina zelako Balda. 2003tik 2011ra herriko zinegotzi ere izan zen eta urte horietan eman zen, hain zuzen, Arbizu eta Marda herri palestinarraren arteko senidetzea. Urrats hori eman zutenean, Fran Balda, zinegotzi bezala, Josu Mendinueta alkatearekin batera, Euskal Herriko mugimendu internazionalistak antolatu zuen Biladi Hadi brigadan izan zen. 

Ezagutu zutenek, eta asko izan ziren berarekin tratua izan zutenak, haren lanerako eta borrokarako prestutasuna zein bere izaera jatorra nabarmendu zituzten heriotzaren berri jaso bezain pronto.